'Genero ikuspegia garapen teknologikoan: erronkak eta aukerak' mahai-ingurua | Argazkia: EnpresaBIDEA

ENPRESAK GAUR

Lehiakortasun kontua ere bada

Berdintasuna sustatzen duten enpresak lehiakorragoak direla diote datuek, baina baita soldata arrakala makalegi txikitzen doala ere. Egoerari buelta emateko zuzendari nagusien bultzada, eta konpainia guztiaren inplikazioa gako direla ondorioztatu dute Women In Industry jardunaldian. Makina-Erremintaren testuinguruan egiten ari da

Makina-Erremintaren Biurtekoaren testuinguruan, non gizonezkoak nagusi diren, berdintasunaz hausnartzeko espazioa sortu du Women in Industryren bigarren edizioak. PWN Bilbao sareak bultzatua beste hainbat eragilerekin lankidetzan, industrian berdintasunaz dagoen errealitatean eta hori bultzatzeko ekintzetan jartzen ari dira fokua hitzaldien eta bestelako jardueren bitartez. Euren ikuspegian argi baitute: "desberdintasuna ez da soilik giza eskubideen arazo bat; inefizientea da. Eta enpresek euren emaitzak maximizatu behar dituzte", plazaratu du laburbilduz Elena Lopez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu departamentuko Lan eta Gizarte Segurantzako jarduneko zuzendariak.

Duela bi urte INE Espainiako Estatistika Institutuak partekatutako datuen arabera, soldata arrakala %16,3koa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Lopez Barredok gogora ekarri duenez. Bestela esanda, emakumezkoek gizonezkoen soldataren %81 jaso ohi dute. Azken bi urteko egunerapena ekainean argitaratuko da, eta horretan datuak hobera egitea espero da besteak beste lanbide arteko gutxieneko soldataren igoeragatik eta lan erreformagatik.

Lucila Garcia: "Urtebetean arrakala %0,2 soilik txikitu da. Horrek esan nahi du, erritmo honetara, 39 urte beharko genituzkeela parekidetasuna lortzeko"

Datuek, baina, hobetzeko tarte handia dute oraindik: "parekidetasun maila %64,9an kokatzen da Espainian 2023an; alegia, itxi beharreko genero arrakala %35,1ekoa da oraindik ere", adierazi du Lucila Garciak ClosingGapeko sortzaileak. Indize horrek enplegua, hezkuntza, kontziliazioa, osasuna eta ongizatea, eta digitalizazioari loturiko aldagaiak aztertzen ditu parekidetasuna non kokatzen den ikusteko.

"Urtebetean arrakala %0,2 soilik txikitu da. Horrek esan nahi du, erritmo honetara, 39 urte beharko genituzkeela parekidetasuna lortzeko", gehitu du. Aldiz, parekidetasun hori errealitate bihurtzeak 213.013 milioi euroko ekarpena egingo luke (parte hartze, jardunaldi eta produktibitatearen ikuspegitik. "%15eko igoera suposatuko lioke BPGari", azaldu du Garciak.

Berdintasunaren eta lehiakortasunaren arteko korrelazioa

Emakumeek EAEko industrian duten eragina aztertzen darama zenbait urte SPRIk. Azkeneko lanean lehiakortasun industrialean emakumeek duten inpaktua neurtu du, 2.500 enpresa industiali bidalitako inkesta baten bitartez. Jasotako 500 erantzunek zera erakusten dute, Ainara Ratón Recart SPRIko iniziatiba estrategikoetako arduradunak kontatutakoaren arabera: enplegu industrialen %21,7 soilik egiten dituztela emakumeek —%20 mundu mailan— eta zifra hori %13ra iristen dela ardura postuen kasuan —%10 mundu mailan—.

Ratón, atzo eginiko agerraldian | Argazkia: PWN Bilbao

Azterketa horretan, baina, beste zerbait ageri da: "Ikusi dugu enpresetan geroz eta berdintasun handiagoa izan, orduan eta lehiakorragoak direla". Emaitza hori ez da soilik indize orokorrean ikusten, baizik eta lehiakortasun hori neurtzeko hartzen diren azpi aldagaietan ere: enplegua, fakturazioa, berrikuntza eta nazioartekotzea. "Alderantziz ere gertatzen da: enpresa lehiakorrenek berdintasuna gehiago sustatzen dutela, departamentuetan eta ardura postuetan emakume gehiago izanik, kontziliazio neurri gehiago izanik eta enpresaren konpromisoa hobea izanik".

Zuzendarien konpromisoa eta kultura aldaketa

Datuak parekatu ez ezik, eztabaidarako mahai-inguruak ere izan ditu Women In Industryk, tartean Genero ikuspegia garapen teknologikoan: erronkak eta aukerak izenekoa, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak moderaturikoa. Hain zuzen, Valerok nabarmendutakoaren arabera, berdintasuna bultzatu nahi bada, lehen pausoa da gaia mahai gainean jartzea eta zuzendari nagusiek horretaz hitz egitea. "Horretarako modu bat da plan estrategikoan txertatzea, aldagaien artean", esan du. Tecnaliak, adibidez, hala egin du.

Conchita Azcuénaga Aernnova Aerospaceko Hornitzaileen Garapenerako Zuzendariak ere gakotzat jo du bide hori jarraitzea. Era berean, "erakutsi behar da aeronautika bezalako industriak esparru atseginak direla edo izan daitezkeela emakumeentzat; industria dagoeneko ez dela zikina, garbia baizik". Horretarako modu bat dira eskolako bisitak

Jesús Valero: "Berdintasuna bultzatu nahi bada, lehen pausoa da gaia mahai gainean jarri zuzendari nagusiek horretaz hitz egitea"

Ane Epalza Coca-Colako Iparraldeko komunikazio arduradunak azaldu duenez, euren kasuan "aldaketa kulturala" ezinbestekoa izan zen, "gauzak azaltzea, eta garrantzia ematea". "Argi dago goitik behera egin behar dela", gehitu du. Bestalde, datuak aztertzea eta berdintasunak konpainien emaitzetan nola laguntzen duen erakusteak ere lagundu dezakeela uste du Patricia Drachici ekintzaileak.

Iruzurgilearen sindromea

Iruzurgilearen sindromea emakumeen beste etsaietako bat dela mahaigaineratu dute parte hartzaileek, eta emakumezkoen autoexigentziaren emaitza besterik ez dela hori. Horrek ere emakume asko ardura postuen eskaintzak ukatzera daramatza, baita eremu pribatuari behar den denbora eskaini nahi izateak ere. Nerea Aranguren Idekoko zuzendari nagusi eta Danobatgroupeko Berrikuntza zuzendariaren hitzetan, baina, gakoa da "baiezkoa ematera eramango dituzten erakundeak sortzea. Badirudi ezin dela familia bizitza eta bizitza sozial osoa izan, eta lan exigente bat. Horretarako erakundeak egin behar dira".

Kupoen kontuak ere eztabaidak sortu ditu. Une honetan beharrezkotzat jotzen dituzte denek, egoerari buelta emateko aukera bakarra baitira. "Diskriminazio positiboko neurriak positiboak dira beti. Baina aplikazioak eta lanketak iraungitze data izan behar dute", zioten Arangurenek eta Draghicik.

Nerea Aranguren: "Gakoa da baiezkoa ematera eramango dituzten erakundeak sortzea. Badirudi ezin dela familia bizitza eta bizitza sozial osoa izan, eta lan exigente bat. Horretarako erakundeak egin behar dira"

Hala ere, denek uste dute harrezkero zenbait aldaketa gertatu direla besteak beste gizonen eta oro har erakundeen jarreretan. "Ikusten ari da ez dagoela egiteko eta helburuetara iristeko modu bakarra", dio Epalzak. "Adinaren batez bestekoak ere eragiten du. Adin nagusiagoko jendeak erakundeak utzi ahala, lidergo maskulinoago eta hierarkikoagoekin, aldatu egiten da", gaineratu du Azcuénagak. "Modu aktiboagoan entzutea da horren parte", esan du Draghicik.

Sare profesionalen rola

Diagnostikoak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten: aurrera egin badugu ere, ez da nahikoa. Industria-enpresetan emakumeek jokatzen duten papera urruti dago parekidetasunetik eta ez du ematen arrakala ixten ari denik. World Economic Forumen urteroko txostenetik abiatuta, 2016-2023 urteen arteko bilakaera ia laua dela ikusten da industria-zereginetan emakumeen presentzia aztertzen dugunean, eta gainera, beherako joera agertzen da STEM prestakuntzari lotutako zereginetan fokoa jartzen badugu. Parte hartzaileetako batek azpimarratu duenez, “Euskadi industria-herria da, baina ez emakumeontzat".

“Euskadi industria-herria da, baina ez emakumeontzat"

Arrakalak arrakala, onurak eta aukerak baliatzeari buruz gogoeta egin eta neurri zuzentzaileak proposatzeko ere elkartu ziren atzo 90dik gora profesional, gizon eta emakume, industria-enpresetan emakumeen presentzia emendatzeko proposamen zehatzak lantzeko. PWN eta Bizkaiko Ingeniari Industrialen Elkargoak antolatuta, World Cafe metodologia erabiliz, jardun zuten. Bi gai gakoren inguruan jardun zuten parte hartzaileek, ekintzara zuzendutako elkarrizketak partekatuz. Alde batetik, sare profesionalek joka dezaketen paper giltzarria azpimarratu zuten, besteak beste, erakunde- eta formazio-esparruetan eragiteko. Eta bestetik, industria-enpresetan zuzendaritza-taldeetan berdintasuna lortzeko praktika onak partekatu zituzten partehartzaileek.