Argazkia: Cebek

ENPRESAK GAUR

Lidergo tradizionalaz harago joan nahi duten 250 enpresa bildu ditu ekinBarri topaketak

NaIAren aurkezpena egin dute, adimen artifizial sistema bat, enpresak lan ibilbidea garatzeko toki hobeak izan daitezen lagundu nahi duena

Bizkaiko enpresen lidergoa eraldatzeko helburuarekin sorturiko egitasmoa da ekinBarri. Hain zuzen ere, horretan fokua jarri asmoz egin dute beste urtebetez ekinBarri ekitaldia, 250 lagun elkartu dituena Bilboko Azkuna Zentroan. Bizkaiko lidergoarekin konektatzen lelopean, esperientziak eta kasu errealak partekatzeko espazio izan da, baita lurralde historikoko enpresa-kulturaren eraldaketaren garrantziaz hausnartzekoa ere. Izan ere, eraldaketa hori gauzatzea ezinbestekotzat jotzen da talentua erakartzeko eta mantentzeko. Barne dinamiketako aldaketek lagun dezakete, halaber, lan-giroa hobetzen, eta komunikazioa, konpromisoa eta inplikazioa areagotzen. Kasu gehienetan ekoizkortasunaren hobekuntza eta absentismoaren beherakada ekarri ohi du horrek.

Leticia Martín Santiago CTT Expresseko Komunikazio Korporatiboko zuzendariak aurkeztu du ekitaldia. Nerea Ortiz Olarra BC3 klima-aldaketarako EAEko zentroko zuzendari nagusi eta Athleticeko lehendakariordeak eman du hitzaldietako bat, eta lidergo "konprometitua" eta "egokitzeko gaitasuna" duena ezinbestekotzat jo ditu enpresak erakargarri izan nahi badu. Sergio de la Calle Telefonica Espainiako talentu adituak, berriz, umoreak ekipoen lidergoan jokatu dezakeen rol garrantzitsua nabarmendu du "komunikazioa bultzatzeko, negoziazioa errazteko eta kohesioa indartzeko".

Ponentziez harago, Carolina Pérez Toledo Cebekeko presidenteak ere hitz egin du aurkezpenean. "ekinBarrik enpresetan, enpresetan, aldaketa kulturala bilatzen du gizatiarragoak, parte-hartzaileagoak, berritzaileagoak eta iraunkorragoak izan daitezen. Enpresak pertsonentzat ingurune erakargarriak izatea nahi dugu, beren talentua garatzeko aukera izan dezaten", azpimarratu du. Hainbat enpresa entitatek sustatu dute, alegia, CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta AVEQ-KIMIKAk. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko departamentua bazkide estrategiko du, eta Bizkaia with the talent estrategiaren parte da. Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuaren hitzetan, "arrakasta duten enpresak dira gai direnak bisioa eta misioa lerrokatzeko bere kolaboratzaileen balio eta helburu pertsonalekin. Hori lortzeko, lotura hori sustatzeko, lidergo eraldatzaile bat behar dugu". Dagoeneko 1.200 pertsonek parte hartu dute egitasmoan, eta 150 lan-talde gaitu dira, hainbat eragileren laguntzarekin.

Saria eta adimen artifizial berria

Eraldaketa horren sustapenean dirauten enpresak aitortu asmoz, ekinBarri sari banaketa egin dute gaurko topaketan, Toyota Japan Car S.A.k jaso duena, euren taldeen konpromisoan lortu duen konpromiso hobekuntzagatik. Fernando Arroyo taldeko gerenteak saria jasotzerakoan, honakoa plazaratu du: "Geure taldeak entzun egin behar ditugu eta kasu egin behar diegu, onkerian erori gabe, eta esandakoak enpresak dituen irtenbide horiekin bateratu". Aitortza jaso dute, halaber Egaz Txorierri eta Mehatzaldeko Behargintza garapen agentziek, egitasmoaren sustapenean egindako lanagatik.

Ekitaldiaren berritasun nagusia, baina, NaIA izeneko adimen artifiziala izan da. Kudeatzaile digital pertsonalizatua da, ekinBarri egitasmoaren baitan sorturikoa. Pertsonalizazioa eta laguntza "beste maila batera" eraman nahi izan dute sustatzaileek. 24 orduz eta 365 egunez dago eskuragarri. EkinBarriko enpresei ahalbidetuko die aholkularitza jasotzea, prozesuak optimizatzea eta estrategia eraginkorren ezarpena erraztea.