Argazkia: Ternua Group

Ereduak

Lorpen, hamaika gailur egindako galtzerdiak

1985ean Etxalarko hainbat etxetan zazpi lagun galtzerdiak egiten hasi ziren. Hamar urtetan "outdoor" galtzerdietan espezializatu eta Lorpen sortu zuten. Egun herrian jarraitzen dute lanean, baina 50 lagun dira orain, horietatik %75 emakumeak, eta 2.000 metro karratuko lantegian, urtean milioi bat galtzerdi egiteko gaitasuna dute

Etxabe handi bat aurkitu eta josteko makina bat erosita zazpi etxalartarrek abiatutako proiektua da egun aski ezaguna den Lorpen marka. Orduan, 1985ean, galtzerdiak josteko lokal bat erabiltzen zuten, produktua bukatzeko beste bat, eta herriko beste etxetxo batean biltegiratzen zituzten.

“Herrian lana sustatu zuen proiektu bat” bezala gogoratzen du Miren Olaetxea Lorpen produktuen zuzendari eta erosketa buruak. Poliki-poliki merkatuan sartu ziren, marka txuri bezala. “Orduan ez zen oraindik Txinatik deus ekartzen eta hemen egiten ziren Prica eta horrelako almazen handientzako”.

Etxabe handi bat aurkitu eta josteko makina bat erosita zazpi etxalartarrek abiatutako proiektua da egun aski ezaguna den euskal marka

Egun, Lorpen kirol eta mendirako galtzerdiak egiteaz arduratzen da. Ostera, espezializazio hartarako norabidetzea 90ko hamarkada amaieran ailegatu zen. Marka txuri ekoizpen handi haiek utzi, eta outdoor sektoreko galtzerdiak egiten ikasi zuten, ordura arteko eskarmentua baliatuz. “Merkatuak behartu zituen horretara, prezio konpetentziagatik, eta apustu egin zuten espezializazioagatik”, dio Olaetxeak.

Espezializatu eta asmatu. Garai hartan “sektore hasiberria” zen kirol galtzerdiena, baina mendi espedizio handiak hasiak ziren, eta bai Euskal Herrian bai Europa osoan mendizaletasuna “anitz zabala” zen. “Galtzerdia oinez ibiltzeko oinarrizko elementu teknikoa zen edozein pertsonentzat, eta eskaintza murritza zen orduan. Hor sortu genuen Lorpen marka, 1998an”, kontatu du Olaetxeak.

Mendia non, Lorpen han

2.000. urtean 20 herrialdeetan saltzen ziren Lorpenen galtzerdiak. “Sortu zenetik Lorpenen arima beti izan da produktu tekniko on bat merkaturatzea. Kalitatez ona, berrikuntzan oinarrituta eta jasangarria dena. Urte horietan azken hitz hau oraindik ez zen erabiltzen, baina urte asko iraungo zuen produktu bat egitea zen ideia”. Hala, hiru zutabe horietan ardazturik, merkatuak irekitzen eta galtzerdi katalogoa handitzen egin zuen aurrera proiektuak.

Lorpenen bulegoa | Argazkia: Ternua Group

Negozioaren loraldiarekin ere, hasierako oinarrizko egitura ere txiki geratu zitzaien. Hainbat etxeetan banatzen zen lana “zentralizatu” egin zen, 2.000 metro karratu baino gehiagoko pabiloi berri batean. 2014ean beste mugarri bat izan zuten, Ternua Groupen sartu baitzen marka. Pausoz pauso, azken hogei urteko ibilbidea gauzatuta, 50 bat langilek osatzen dute egun Lorpen, eta 60 herrialde baino gehiagotan saltzen dituzte galtzerdiak.

50 bat langilek osatzen dute egun Lorpen, eta 60 herrialde baino gehiagotan saltzen dituzte galtzerdiak

Mendizaletasun handia dagoen herrialdeetan aurki daitezke batik bat Lorpen galtzerdiak. Europan, Espainia, Ingalaterra, Frantzia, Italia edota Eslovenia dira merkatu garrantzitsuenak, baita Errusia ere. Hego Amerikan, Txile, Estatua Batuak eta Kanada nabarmendu ditu produktuen zuzendariak. “Baina merkatu berezienak agian Nepal edota Zeelanda Berria dira"

Sorterrian eta natura errespetatuz

Lantegi aldaketa egiterakoan, Lorpen ez zen bere jatorritik aldendu, Etxalarren bertan geratu zirelarik. Plantilla handitzen joan bada ere, langileen %80 herrikoak izaten jarraitzen dute eta %75 emakumeak dira. “Errealitatea hau guztia azkenean produktua islatzen da. Gure aisialdia mendia da, hormigoia baino, ez dugu besterik inguruan” dio Olaetxeak .

Argazkia: Ternua Group

Horrez gain, arestian aipaturiko jasangarritasuna azpimarratu du. “Kontzeptu bezala orduan garatuta ez bazegoen ere, hemengo jendeak beti izan du errespetua naturarekiko. Beti saiatu gara hariak hemen erosten, gertuko hornitzaileak izaten, prozesu oso guztia guk kontrolatzen dugu”. Halaber, eraikinaren orientazioa eta teilatuan dituzten irekiera batzuei esker, argiaren kontsumoa murrizten dute lan egiteko garaian.

Langileen %80 herrikoak izaten jarraitzen dute eta %75 emakumeak dira

Are gehiago, azken urteetan beste bultzada bat eman nahi izan diote jasangarritasunaren baitako estrategiari: “azken negutik erabiltzen ditugun argi guztiak naturarekin errespetutsuak dira, sintetikoak izanez gero, birziklatuak dira, naturalak baldin badira, beren ziurtagiriak dituzte”.

Urtean 13 tona inguru hondakin sortzen dituela ere neurtua du enpresak. Galtzerdi akastunak eta makinetan geratzen diren hari arrastoak izan ohi dira. Soberakin horiek Espainiako enpresa bati bidaltzen hasi da orain, Olaetxearen esanetan, eta hauek eraikuntza eta automobilgintzan material isolatzaileak sortzeko berrerabiltzen dituzte.

Beste 25 urterako urratsak

Orain 25 urte Lorpen marka sortu zenetik, eta are lehenagotik ere, 1985ean marka zurikoak egiten hasi zirenetik, galtzerdiak besterik ez ditu egin. Urtean milioi bat galtzerdi pare egiteko gaitasuna du Etxalarko lantegiak. Aitzitik, gaur arte ez dute produktu dibertsifikaziorako estrategiarik burutu hortaz. “Egia da orain hasi garela Lorpen markaren baitan barruko arropa egiten, kamisetak eta galtza termikoak”.

Argazkia: Ternua Group

Dibertsifikazioa talde erabaki bat izan dela aitortu du Lorpeneko erosketa arduradunak. “Taldearen ezagutza probestuz eta Ternua taldean behar dituzten beharrak hurbiletik asetzeko”. Hala, Ternuarentzat ere egiten dituzte arropak.

Miren Olaetxea: "Jasangarritasun kontzeptua esparru orotara eraman nahi dugu: erabakietara, pertsonetara, finantzaketetara..."

Horrekin batera, “egiten ditugun gauzak hobeto egitea” da finean Lorpeneko etorkizunera begira duen erronka handiena. “Aunitz hitz egiten dugu naturarekiko errespetuari buruz, berrikuntzari buruz edo kalitateari buruz, baino zerbait bizia da”. Jasangarritasun kontzeptua esparru orotara eraman nahi du Lorpenek: erabakietara, pertsonetara, finantzaketetara…. “Hor, esaterako, zirkularitatearen kontzeptuan sartu nahi dugu, eta horretan ari garela erakutsi”. Hartara, gardentasuna, horizontalitatea edota berdintasuna bezalako kontzeptuak aipatzen ditu zuzendariak, "esparru guztietan hazi nahi dugu".