CAFek 40 tren diseinatu eta ekoitziko ditu Madrilgo metrorako
Espainiako estatuko hiriburuko lehenengo linearako izango diren trenengatik 400 milioi euroko akordioa sinatu du Beasaingo konpainiak
Prozesu “oso zorrotz” baten ostean, Madrilgo Metroak hitzarmen berria sinatu du CAFekin. Urte honetako bigarren akordioa da, eta hitzartutakoaren arabera, Beasaingo konpainiak galibo estuko 40 tren ekoitziko ditu.
Espainiako estatuko hiriburuko lehenengo linearako erabiliko dira tren horiek, hau da, Pinar de Chamartín eta Valdecarros geltokiak batzen dituen linean, eta unitate bakoitzak sei bagoi edukiko ditu. Trenen diseinuarengatik eta ekoizpenarengatik 400 milioi euro inguruko salmenta da sinatu dutena. Finantzaketarako EIB Europako Inbertsio Bankuak emandako mailegua erabiliko dute
CAF enpresak eta Madrilgo metroak urteak daramatzate elkarlanean. Hain zuzen, gaur egun Beasaingo enpresa da hiriburuko trenen sareko unitate gehienak ekoitzi dituena, orotara 600 baino gehiago izan baitira. 2024 urteko ekainean bertan sinatu zuten urteko lehen kontratuan galibo zabaleko beste 40 tren hitzartu zituzten.