Talgoren tren bat | Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Magyar Vagon taldeak Talgo erosteko eskaintza egin du, 619,3 milioi euroren truke

Enpresa hungariarrak Talgoko akzioen %100 eskuratu nahi ditu, baina Espainiako Gobernuak ez du begi onez ikusten eragiketa

Hungariako Magyar Vagon enpresak Talgo tren konpainiaren akzio guztien gaineko erosketa eskaintza publikoa aurkeztu du ostegun honetan, ofizialki, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen aurrean. 619,3 milioi euro eskaini ditu Talgoko akzioen %100 eskuratzeko; Eragiketa gauzatzeko mugimenduak iazko abenduan hasi ziren, eta lehen eskaintza otsailean egin zuten, 630 milioi eurotik gorakoa. 

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari aurkeztutako dokumentazioaren arabera, talde hungariarrak pasa den martxoaren 22an eskatu zion Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluari erosketa egiteko baimena . Hala, Pedro Sanchezen gobernuaren oniritza ezinbestekoa da operazioak aurrera egiteko, eta momentuz, ez dute begi onez ikusten enpresa hungariarrak euskal jatorria duen enpresa erostea. Talgoren akziodun nagusiek, aldiz, eragiketa babesten dute.

Carlos Cuerpo ekonomia ministroak Magyar Vagon enpresak egin duen eskaintza aztertuko dutela ziurtatu du, eta Espainiaren interes estrategikoak defendatuko dituztela. Edonola ere, ez du aurreratu nahi izan zein izango den exekutiboaren azken erabakia.