Mari Carmen Gorostiza: "Biurtekoaren erronka da sektoretik ez urruntzea, beti konexioan egotea"
Inoizko azoka "dinamikoena" eta "nazioartekoena" izango da aurtengoa, Makina-Erremintako Biurtekoaren arduradunaren hitzetan. Gaur hasi eta ostiralean bukatuko da
Iritsi da eguna. Ordu batzuk barru, euskal makina-erremintaren sektoreari loturiko soluzio berritzaileenen topagune bihurtuko da BEC, Biurtekoari hasiera emanez. Etorkizuneko fabrika erraldoia, eta sektorearen topagunea. Agian horiexek dira azoka zer den laburbiltzeko bi esaldi nagusiak. Mari Carmen Gorostiza azokaren arduradunarentzat, baina, hori baino gehiago ere bada.
Zer nolako Biurtekoa espero duzue aurten?
Azoka handia izango da, orain arte eginikoetatik dinamikoena eta nazioartekoena.
Zein zentzutan dinamikoena?
Dinamikoena dela esaten dugu dinamikoagoa egiten duten edukiak sortu ditugulako, Biurtekoan ordezkaritza izango duten sektore guztiez, erakustokia izango duten 1.500 enpresa baino gehiagoz, 3.593 produktuez, berritasunez, edo muntaketatik hasita bukaeraraino lanean arituko diren 16.900 pertsonez harago. Eduki horien artean daude, BIEMH Talks espazioak —hitzaldietarako—, industriaren egoera aztertu eta etorkizuneko proiekzioak ikusteko, eta baita berrikuntza workshopak ere, produktu berritzaileenei buruz modu laburrean eginiko aurkezpenak.
Gainera, robotikako erakustaldi espazioa bisitatu ahalko da, beso artikulatuak, kartesianoak, AGVak, AMRak... mugimenduan edo funtzionamenduan ikusi ahal izateko. Eta 45 minutuko bisita gidatuak ere egingo ditugu, hiru esparrutakoak, nahi duen bisitariari ahalbidetuko diotenak modu erraz batean teknologia eta produktu berritzaileagoak ikustea. Horiek, besteak beste.
"Nazioarteko kanpaina erakustokien kanpainarekin batera hasi dugu, elkarrekin lan egin ahal izateko antolaketari dagokionez, eta eskaerak eta eskariak bat egin dezaten"
Eta zeinetan nazioartekoena?
Bisitarien kanpaina oso modu berezian landu dugulako, zenbait herrialde bisitatuta.
Lehendik ere hala egiten zenuten. Zerbait desberdina egin al duzue aurtengo ediziorako?
Modu berezian egin dugu lan Hosted Buyers Program delakoa sortu baitugu. Biurtekoa garai berrietara egokituz doa, eta hazten ere. Hori dela eta, geroz eta interesgarriagoa da kanpoko enpresentzat. Aipatutako programan, enpresa-erosle potentzialak gonbidatzen ditugu: hautatu egiten ditugu, eta euren garraioa, ostatua eta abar kudeatzen ditugu, baita bidaia ordaindu ere. Hautaketa kontu handiz egiten dugu —Basque Trade and Investment SPRIren nazioartekotzeko agentziaren laguntzaz— eta asko inbertitzen dugu programa horretan. Horretarako agenteak ditugu atzerrian eta bisitarien taldetik ere bidaiak egiten dituzte, Biurtekoan erakustokia izan dezaketen enpresen produktu, zerbitzu edo prozesuetan interesa izan dezaketen enpresak bilatzeko, bertako enpresen negozio aukerak indartzeko.
Noiz hasi zenuten kanpaina hori?
Nazioarteko kanpaina erakustokien kanpainarekin batera hasi dugu, elkarrekin lan egin ahal izateko antolaketari dagokionez, eta eskaerak eta eskariak bat egin dezaten. Erosle horiek oso esanguratsuak diren herrialdeetatik datoz: mundu mailan lehen postuetan daude makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan eginiko inbertsioari dagokionez.
Mexiko izango da herrialde gonbidatua. Zer esan nahi du horrek?
Herrialde bat gonbidatzen dugu handik datozen pertsona kopuru eta profila goi mailakotzat jotzen dugulako. Mexikoko enpresetako goi mailako karguak Biurtekora datoz bai ala bai soluzioen bila. Are gehiago, bihar delegazio bat izango dugu, Mexikoko enbaxadoreak zuzendua, eta ibilbidea egingo dute Biurtekotik. Eta Mexikokoez harago, erosle guztiei modu berezian egiten zaie ongi-etorria, enpresei buruz eta topatuko dutenaz hitz eginda. Erosle guztiek dakite Biurtekoan dauden zein enpresek ahal dieten soluzio bat eskaini euren fabrikazio beharretarako. Era berean, erakustokia duten enpresek badakite nor datorren erosle kanpaina horretan, eta topaketak bultzatzen ditugu. Oso interesgarria da. Eta noski, gainontzeko bisitariak ere oro har, 75 herrialdetatik datozenak.
"Erosle guztiek dakite Biurtekoan dauden zein enpresek ahal dieten soluzio bat eskaini euren fabrikazio beharretarako. Era berean, erakustokia duten enpresek badakite nor datorren erosle kanpaina horretan, eta topaketak bultzatzen ditugu"
BECen ikuspegitik, zein erronka ditu aurtengo edizioak?
Biurtekoaren erronkak bere [Biurtekoa osatzen duten] enpresen erronkak dira. Gauza batek besteak gabe ez du zentzurik. Biurtekoa sektorea da. Eskutik doa. 60 urte baino gehiagoz enpresen eskutik egin du aurrera, uneoro egokituz, eta aurrea hartuz. Agian hori da erronka nagusia Biurtekoa osatzen dugun taldearentzat: adi egotea, eta erakustokia duten enpresen eta bisitarien beharrei aurrea hartzea.
Geure abantailetako bat da AFMrekin batera antolatzen dugula azoka, eta asko dakitela honi buruz, eta enpresetatik oso gertu gaudela. Hau ezin da existitu enpresek zein behar dituzten jakin gabe. Elkargune efiziente eta eraginkorra izan behar da eurentzat, negozioa egin dezaten. Horregatik, edizio bakoitzean, 14-16 hilabete lehenago hasten gara pentsatzen zer nahi duten, norantz joan behar dugun edizio horretan, zein sektore berri gehitu behar diren... Beraz, erronka da sektoretik ez urruntzea, beti konexioan egotea eta aurrera egitea beraiek behar dutenarekin. Eta horrez gain, bada, erakustoki ugari eta bisitari asko erakarri, topaguneak sortu...
Aurreko ediziotik testuinguru ekonomikoa aldatu egin da, baina ez du hobera egin. Garai honetan, Biurtekoa antolatzeak bertigo handiagoa ematen al du?
Nik uste dut beti dela interesgarria. Egoera ugari bizi izan ditugu: garai nahasiak, eta lasaiak; sektorea bere une onenean egon zenekoa, eta sekulako krisi garaiak. Baina beti izan gara hor, eta une bakoitzak bere interesa izan du. Une kaskarragoetan, gu hemen izan gara, enpresengatik borrokan, eta saiatu gara nolabait sektoreak pairatu ditzakeen ondorio horiek gutxitzen edo behintzat aurrerapausoak ematen. Eta une lasaiagoak izan ditugu, non dena errazagoa zen. Baina azkenean guretzat gure ekarpena egiten saiatzen gara harrotasunez betetzen gaituzten enpresa horiei. Eta orain bezalako une honetan, non AFMtik ere esaten duten datuak apur bat baxuak direla, uste dut Biurtekoa benetan izan daitekeela inflexio puntua.
Azokarako gogoa nabari al da?
Azokarako gogoa dago, bai; nabari dugu bisitari zein erakustokietan, izen-emateetan, galderetan. Erakustokien katalogoak, webgunean eskuragarri dagoenak, 500.000 bisita baino gehiago izaten ditu. Bisitariek tresna hori erabiltzen dute batez ere ikusteko nor dagoen, eta hausnartzeko zer behar duten, zer bisitatu nahi duten lehenik. Mugimendu hori guztia ikusten ari gara.
Gogoa ere bada makinak ikusteko gogoa, non inbertitu dezaketen ikustekoa, izan gaur edo bihar. Hemen negozioak ixten dira, baina ondoren hilabeteetako edo urteetako ibilbidea dute, zeinetan azokan eginiko kontaktuak eta kudeaketak gauzatzen diren. Beraz aurten ere urte ona da negozioa egiteko esparrua izateko.
2018ko urte onaren ostean, 2020koa ez zen egin pandemiagatik, eta 2022koa ere ondo joan zen. 2024koa izan daiteke gora egiten jarraitzekoa?
Bai. 2022ko edizioa oso ona izan zen, nahiz eta hura antolatzen ari ginela Ukrainako gerra-eta hasi. Azken batean zaildu egin zuten ekonomiaren egoera, nazioarteko harremanena, eta abarrena. Aurten sei pabilioiak beteko ditugu; erakustoki gehiago daude.
2022an 35.000 profesional baino gehiago izan genituen. Eta noski, aurten ez gara zifra horren azpitik izango, batez ere beste guztiak gora egin duelako. Normalean erakustoki kopurua edo haiei eskainitako espazioa hazten denean, beste guztia ere hazi egiten da.
"Hemen negozioak ixten dira, baina ondoren hilabeteetako edo urteetako ibilbidea dute, zeinetan azokan eginiko kontaktuak eta kudeaketak gauzatzen diren"
Biurtekoa bisitatzen duzunean, badira agerikoak diren gauza asko, tartean erakustokiak edo hitzaldiak. Baina horren atzean, azoka egin bitartean ere, lan handia dago. Nolakoa da atzeko parte horretako lana?
Gure taldea, alor komertziala eta bisitariena lantzen dugunona, apur bat erlaxatzen hasten gara azokaren hasierarekin. Guri aurreko lanak eragiten digu estres gehien, koordinazio handia behar dugulako taldean. Taldeaz ari naizenean BECez eta AFMz ari naiz. Aurretik muntaketa egiten lasterketa asko dago, estresa, aztertzea enpresa bakoitzak eskatu duena eta dena ondo dagoela baieztatzea, eta aurreratzea ere, arazorik egon ez dadin. Oso lan polita da, noski, baina hori badu.
Dantzariak aurreskua dantzatzen bukatzen duenean —irekiera ofizialean, alegia, erakundeekin—, gure aurpegietan ere sumatzen da lasaitasuna. Niretzat oso momentu hunkigarria da. Nolabait da “ja, orain hasiko dugu irekiera ibilbidea, irribarrezko aurpegiak ikusiko ditugu, jendea agurtuko dugu, dena muntatua dago... Dena txukun”. Eta lehen buelta hori egiten noanean, nire lankideak begiratzen ditut aurreko eguneko gauera arte lanean izan direnak dena prest izan dadin. Neke aurpegia dute, baina poztasun aurpegia ere. Teknikoak ere apur bat deskantsatzen hasten dira, aurreko hilabete oso gogorra izan dutelako muntai guztia koordinatzeko, dekorazio guztiak, instalazio guztiak...
Elkargune ere bada?
Bai, talde komertzial guztia elkartzen gara, eta hori da gehien gustatzen zaigun parteetako bat. Azken batean erakustokiak izango dituztenekin hitz egiten izan gara lehenago, euren “etxeetan” ere bisita egin diegu, eta hona etortzerakoan jada momentu berezia da. Eskua elkarri ematekoa, elkar agurtzekoa, aipatu dizuten lubrifikatzaile berri hori erakustekoa. Alegia, eurekin topatzeko momentua da. Eta bisitarien departamentukoentzat, bisitariekin elkartzeko unea. Egun horietan zehar, protagonistekin harremanetan dauden departamentuontzat denekin egoteko momentua da.
"Geure enpresa guztiak ikusten dituzunean, euren makina puskekin, automatizazioarekin, dena delakoarekin, harrotasun handia sentiarazten dizu herri bezala"
Eta gogobetetze sentsaziorik?
Biurtekoa ondo atera ohi den azoka izaten da. Kontatzen dizutenean makina bat saldu dutela, edo dena delakoa, pozgarria da. Eta geure enpresa guztiak ikusten dituzunean, euren makina puskekin, automatizazioarekin, dena delakoarekin, harrotasun handia sentiarazten dizu herri bezala.
Hala ere, ez al doa dena abiadura handian?
Noski, atzetik oraindik ere abiadura handia dago Biurtekoan zehar, alde batetik bestera zoazelako prentsarekin egoteko, autoritateekin... Eta zer esanik ez komunikazio taldearentzat. Eurentzat ez da erritmoa jaisten, areagotu baizik.