Argazkia: Bilboko portua

ENPRESAK GAUR

Megalogistikari buruz eztabaidatzeko elkartuko dira adituak Bilbon

Project Cargo Summiten zazpigarren edizioa burutuko da Euskalduna Jauregian, irailaren 17an eta 18an

Mundu osoko adituak bilduko dira Bilboko Euskalduna Jauregian, non etorkizuneko proiektu kargaren eta karga zatikatuari buruzko erronka eta berrikuntzak azaldu eta eztabaidatuko diren. Project Cargo Summiten zazpigarren edizioa izango da irailaren 17ko eta 18ko topaketa, eta garraiolari, logistika zerbitzuen hornitzaile, portu zein terminalen profesional eta adituak elkartuko dira bertan.

Jardunaldi garrantzitsua da industriarentzat, erabakigarriak diren gaiak landuko direlako: tamaina handiko ontzien egokitzea,  portuko egituren modernizatzea eta proiektu handien ingurumen inpaktua kudeatzea, balio handiko kargaren segurtasuna, merkatuaren hazkunde azkarra, etab.

Mega Cargo, Mega Solutions lelopean, egitarau zabala antolatu dute: Haizea Winden Bilboko portuko instalazioetara bisita, hitzaldi eta mahai-inguruak Mammoet eta Deugro bezalako industriako liderrekin (hitzaldiak ingelesez egingo dira), eta sektoreko eragileekin harremanetan jartzeko aukera ere egongo da.