Mercedes-Benzen Gasteizko lantegi berria bisitatu du Pradalesek
Euskal industriak "jauzi kualitatiboa" eman behar duela adierazi du, sektorea "une historiko batean" dagoela gogoratuz
Imanol Pradales lehendakariak Gasteizko Mercedes-Benz lantegi berriaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. 1.000 milioi euro inbertitu ditu multinazional alemaniarrak espazioa 800.000 metro karraturaino handitzeko, eta 2026tik aurrera furgoneta elektriko berriak ekoiztuko dituzte bertan.
Euskal industriak "jauzi kualitatiboa" eman behar duela azpimarratu du Pradalesek gaurko bisitan. Berarekin batera, Mikel Jauregi Industria sailburua izan da, zeinak atzo ohartarazi zuen energia berriztagarri oso gutxi ekoizten dela egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horrek "hausnarketa bat" eskatzen duela.
Euskal industria kanpora begira erakargarriagoa izan dadin, Mercedes bezalako enpresek “funtsezko papera” jokatzen dutela nabarmendu du Pradalesek. Lantegiari dagokionez, "lankidetza publiko-pribatuaren adibide handia” dela esan du.
Industriak historikoki Euskadin izan duen pisu handia kontuan hartuta, lehendakariak zera gehitu du: "une historiko batean gaude, eta gure burua nabarmendu behar dugu”. Euskal Autonomia Erkidegoa “eraldatzeko eta hobetzeko industria eta teknologia inbertsioak erakartzeko gure ahalmena landu behar dugu".