Modig eta Ibarmia enpresek makineria modelo berriak garatuko dituzte elkarrekin
Lankidetza hitzarmena sinatu dute Europako, Asiako eta Ipar Amerikako merkatuetan duten presentzia indartzeko
Makina-erreminta sektoreko bi familia enpresa historikok euren bideak elkartu dituzte merkatuari aurre egin eta berrikuntzari batera heltzeko. Modigek eta Ibarmiak akordioa sinatu dute, Europako, Asiako eta Ipar Amerikako merkatuetan duten presentzia indartzeko. Halaber, Ibarmiaren kapitaleko partaidetza txiki bat izango du Modigek.
David Modig, Modigeko zuzendari nagusi eta presidenteak, eta Koldo Arandia, Ibarmiako lehendakari eta zuzendari nagusiak, negoziaketetan izan duten "sintonia ona eta bizkortasuna" nabarmendu dute. Bi arduradun nagusiek azaldu dutenez, "bi konpainien artean ia 150 urteko ibilbidea izanik, aukera izugarri bezala" ikusten dute orain elkarrekin hasitako etapa.
Ibarmiak ohar bidez azaldu duenez, Suediako Modig konpainia mekanizazio-soluzio aurreratuetan aditua da, batez ere aeronautikaren eta ibilgailu elektrikoaren sektorean, eta Ipar Amerikako merkatuan duen presentzia komertzial handia nabarmendu du. Ibarmiak, berriz, "teknologia handiko produktu malguago eta orokorrago baten ikuspegia" du, eta presentzia handiagoa du Europako eta Asiako merkatuetan.
Bi enpresen arteko akordioa, printzipioz, eredu berrien garapen bateratuan oinarrituko da, eta funtsean makineria modelo berriak garatu eta fabrikatuko dituzte elkarrekin. Azkoitian izango dute bi enpresek euren elkarlanerako zentroa.