Iñigo Ucin Mondragon taldeko presidentea kongresu osteko prentsaurrekoan | Argazkia: EnpresaBIDEA

ENPRESAK GAUR

Mondragonen kongresuaren gakoak

Mondragon Taldearen kongresua izan da Donostian, urteko balantzea egin eta kooperatibistei hartutako erabakien berri emateko. Iñigo Ucin presidenteak kooperatibismoaren eredua goraipatu nahi izan du, “etorkizuneko eredua” dela adieraziz. Aipatzekoa, ez Orona eta ez ULMA ez direla kongresuan izan

Mondragonek urteroko batzarra egin du Donostiako Kursaal jauregian. Bestetan bezalaxe, talde kooperatiboaren irizpide eta helburuak ezarri dituzte eta kooperatiba guztiek jarraitu beharreko politikak zehaztu dituzte. Aurtengoan, ordea, gai ordenan jasota ez zegoen auzi batek hartu du protagonismoa: ULMA eta Oronaren balizko irteerak. Iñigo Ucin presidenteak batzarrean erabakitakoez gain, bi kooperatiben asmoaren inguruan hitz egin du lehen aldiz.

“Kongresu-kontuak ondo joan dira” adierazi du presidenteak batzarra amaitu berritan. Laboral Kutxaren eta Mondragon taldearen egungo harremanari eta lankidetza-mailari eusteko ponentzia bat onartu dutela jakinarazi du, ‘Laboral Kutxaren ekarpenak elkarren arteko lankidetzako eta elkartasuneko fondoetara eta tresnetara egokitzea’ izenekoa. Erregulazio aldakorrera etengabe moldatzeko egokitzapen teknikoa dela azaldu du, eta banku-erregulazio eta -gainbegiratzearekin bateragarriak diren oinarri iraunkorren gainean egituratzen da, bere hitzetan, haren formatua.

Iñigo Ucin: “Mondragonen kooperatiba eredua etorkizuneko eredua da”

Jarraian, “Mondragonen kooperatiba eredua etorkizuneko eredua da” esanez, kudeaketa datuak aurkeztu ditu Uncinek. Hala, 2021ean, Taldea osatzen duten 95 kooperatiben salmentak %5 handitu zirela jakinarazi du, 11.400 milioi eurotik gorako sarrerak izan zirela zehaztuz. “Errentagarritasunari dagokionean, inoizko daturik onena izan da”, adierazi du. Era berean, aurtengo irailera bitarteko bilakaera ere “positiboa” dela adierazi du, eta urtea salmentei dagokionean 12.000 milioi eurotik gorako irabaziekin amaitzea aurreikusten du; industrian 6.500 milioi euro lortzea ere bai; eta baita nazioarteko salmentak %73rainokoak izatea ere.

Mundu mailako tentsioaren, ziurgabetasunaren eta erronka handien aurrean, berriz, “lankidetzaren” beharra azpimarratu du, gakoa hortxe dagoela adieraziz.

2021ean, Taldea osatzen duten 95 kooperatiben salmentak %5 handitu ziren

Aipatzekoa, kongresuan izan direla Taldea osatzen duten kooperatiba gehienen ordezkariak, orotara, 650. Dena den, hutsune esanguratsuak ere izan dira, Oronak eta ULMAk ez baitute ordezkaririk bidali, nahiz eta ez den lehen aldia izan.

Orona eta ULMA

Orona eta ULMA Mondragonen industria dibisioko konpainiarik handienak dira, bien artean 10.000 langile baino gehiagorekin. Elkarrekin Korporazioaren etekin guztien erdia lortzen dute.

Oñatin egoitza duen ULMA, pasaden astean hasi zen taldetik alde egitearen inguruan langileekin bilerak egiten. Oronak ere atea zabaldu dio Korporaziotik alde egiteko aukerari, eta abenduan bozkatuko dute Oronako Kontseilu Errektoreak eta Zuzendaritzak taldeak egindako proposamena. Biek ala biek “autonomia” gehiago edukitzeko atera nahi dute Taldetik.

“Ez dakigu zein izan diren alde egiteko erabakia hartzeko egiazko arrazoiak, beti errespetatu baitugu bi kooperatibetako bazkideen kolektiboaren erabakia”

Iñigo Ucin Mondragoneko presidenteak, bere aldetik, auziaren inguruko lehen adierazpenak egin ditu kongresua amaitu berritan. Lehenik eta behin, bi enpresek ireki dituzten prozesuei buruzko jakinarazpen ofizialik ez dutela ziurtatu du: “Ez dakigu zein izan diren alde egiteko erabakia hartzeko egiazko arrazoiak, beti errespetatu baitugu bi kooperatibetako bazkideen kolektiboaren erabakia” adierazi du presidenteak.

Bazkideei “Taldean geratzeko” deia luzatu die, “etekin gehiago” aterako dituztela argudiatuta. Hala, galdera hauxe luzatu die: “Nori egiten dio mesede egoera honek? Gu ziur gaude ez diela mesederik egiten ez Oronari, ez ULMAri, ez eta gainerako kooperatibei ere”. Urteko emaitza positiboak jakinarazi berritan, argi esan du egiaz uste duela bi kooperatiben etorkizuna, eta bertako langileena, hobea izango dela Taldearen baitan, gero eta konplexuagoa den eta ziurgabetasunez betetako testuinguruan “elkarrekin indartsuagoak” direla argudiatuz. Halaber, Mondragoneko organoek “ateak zabalik” dituztela azaldu du, eta “hitz egiten jarraitzeko erabateko prestutasuna” dutela azpimarratu du.

“Nori egiten dio mesede egoera honek? Gu ziur gaude ez diela mesederik egiten ez Oronari, ez ULMAri, ez eta gainerako kooperatibei ere”

Datozen egunetan ikusi egin beharko da bi kooperatibetako langileen arteko bilerak eta bozketak zertan geratzen diren. Aurreikuspenen arabera, bazkideek abenduko lehen hamabostaldian bozkatuko dute. Nolanahi ere, bi kooperatibek hartzen duten azken erabakia edozein izanda ere, Mondragonek jakitera eman du bere proiektuarekin aurrera jarraituko duela lankidetzan eta elkartasunean oinarrituta.