Mugikortasuna
Mugikortasun ereduari helegitea: auto partekatze kooperatiba
Frantziako hiri handietan duela 20 urte indarrean den ekimena aurten uda baino lehen iritsiko da Euskal Herrira: Baiona, Angelu, Biarritz, hau da, BABra.
Helburua desmotorizazioa da, eta eredua emanez, bizikleta elektrikoan iritsi da Marion Pichery Itsasuko (Lapurdi) plazan finaktu genuen gure hitzordura. “Mugikortasuna ulertzeko modua aldatzea da honen guztiaren funtsa. Auto propioaren alternatiba edo ordezko diren garraioak lehenestea da helburu, eta auto partekatua soilik behar-beharrezkoa dugunean hartzea; alternatibarik ez dagonean. Ez da zerbitzu soil bat, gure ohiturak ezbaian jartzeko tresna bat baizik”. Jada abian den beste lurraldeetan “elur bola efektua” izan duela dio, eta beren autoa saltzen dutenek partekatutakoa ere geroz eta gutxiago erabiltzen dutela garraio publiko, bizikleta eta oinez mugitzearen mesedetan.
CITIZ Euskal Herri auto partekatze kooperatiba duela bi aste eratu da Interes Orokorreko Sozietate Kolektibo gisa. Kooperatibak 12 ibilgailurekin ekingo dio bere ibilbideari (sei Baionan eta hiruna Angelu eta Miarritzen), eta erabiltzaileek ez dute bazkide izan beharko hauek alokatu ahal izateko. “Helburua da erabiltzaile guztiak kooperatiban sar daitezela, proiektuaren parte izan daitezela, baina ez da baldintza bat izango”, diosku Picheryk, kooperatibako lehendakariak.
Marion Pichery: “Helburua da erabiltzaile guztiak kooperatiban sar daitezela, proiektuaren parte izan daitezela, baina ez da baldintza bat izango”
Herritar soil edo bazkide izan, guztiek orduka, egunka edo asteka hiru auto mota alokatzeko aukera izango dute. Bazkideek hilabetean 16 euroko kuota izango dute eta autoa erabiltzen duten ordu bakoitzeko 2,5 euro ordaindu beharko dituzte ibilgailu txikienen kasuan, 3 ertainengatik eta 3,5 handia erabiltzen badute. Bazkide ez direnek, ordea, 2,5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte orduko. “Erabiltzaile bakoitzari hobekien egokitzen zaion aterabidea eskainiko diogu, eta bere erabileraren arabera gomendioak egingo dizkiogu formularik onuragarriena izan dezan une oro”, ohartarazi du kooperatibako presidenteak.
Kooperatibako ibilgailuek beren aparkalekua propioa ere izango dute hiri bakoitzeko hainbat gunetan eta mantenze-lanak, asegurua eta gainontzeko gastuak elkartearen esku egongo dira. Kooperatiba buruak azaltzen duenez, herritarrek bakarrik ez “Interes orokorreko Sozietate Kolektiboa izaki, Herriko Etxe, elkarte eta erakundeek ere parte hartzeko aukera dute”. Gainera, oso harrera positiboa izan du eta “oraindik erakunde batzuen parte hartzea nolakoa izango den negoziatzen ari bagara ere, adibidez, Angeluko udalak bere langileen beharrak asetzeko auto partekatuetara igarotzeko borondatea adierazi digu” azaldu du itsasuarrak.
Mundu guztiarentzat balio ez duen aterabidea
Argi dago, dena den, ez dela herritar ororentzat aterabidea, ezta mundu guztiarentzat soluzioa ere. Egunerokoan lanera joateko beste alternatibarik ez dutenentzat edo garraio publiko eskasia dagoen landa eremuetan, momentuz, ez da baliagarria izango. Aitzitik, hiriguneetan bizi direnentzat, auto pribatu gehien pilatzen den guneetan, hain justu, ederki txertatzen den proposamena da. Frantziar estatu mailan dauden erabiltzaileen %86, 200.000 biztanle baina gehiago bizi diren hiriguneetan bizi dira. Batez beste hilero 2,8 aldiz alokatzen dute autoa, gehienek, bizi diren hirian bertan eta zerbitzu guztien bi herenen inguru lau orduz azpiko joan-etorriak egiteko dira.
Kooperatibako sustatzaileen arabera, urtean 10.000 kilometro baino gutxiago egiten dituzten gidarientzat auto pribatua baino ekonomikoki errentagarriagoa da partekatua. “Ondasun bezala ikusteari utzi eta zerbitzu modura ulertzen hasi behar gara. Horrek gure gizartearentzat aldaketa handia suposatzen du. Autoa sinbolo oso identitarioa da, estatusarekin lotzen dena, prestigioa… eta ikusmolde hori aldatu eta gure arten partekatzen dugun tresna edo gailu bat bezala ulertzea benetako iraultza bat da”, aldarrikatu du Itsasun bizi den bretainiarrak.
Kooperatibako sustatzaileen arabera, urtean 10.000 kilometro baino gutxiago egiten dituzten gidarientzat auto pribatua baino ekonomikoki errentagarriagoa da partekatua
Hori gutxi balitz, Bizi elkarte ekologistak egindako ikerketa baten arabera, BABn autoz egiten diren desplazamenduen % 50 baino gehiago 3 kilometroz azpikoak dira. Hori dela eta, ibilgailu pribatuen aldeko hautua ohitura kontua dela agerian uzten du, ez premiak bultzatutako erabakia.
Gainontzeko lekuetan ikusiak
Erabiltzaileak argi izan behar du ez dela alokairuzko ibilgailu bat. Auto partekatuaren atzean, benetako apustu eta erabaki bat dago, mugikortasun modu hau soilik behar denera mugatzeko.
Arestian aipatu bezala, Euskal Herrian lehena izango bada ere, Frantziako estatuan jada gisa honetako 16 kooperatiba daude eta guztiek Citiz sarea osatzen dute. Bakoitza independentea bada ere, sare hau partekatzeak ezagutza eta plataforma berbera partekatzeko aukera ematen die eta, horren ondorioz, erabiltzaileei ere beste gune bateko autoak alokatzekoa.
Gune horietan ongi txertatu dira oro har eta egin diren ikerketek, besteak beste, 2022an ADEMek egindakoak, partekatutako auto batek bost eta zortzi ibilgailu pribatu artean ordezkatzen dituela ondorioztatu du
Gune horietan ongi txertatu dira oro har eta egin diren ikerketek, besteak beste, 2022an ADEMek egindakoak, partekatutako auto batek bost eta zortzi ibilgailu pribatu artean ordezkatzen dituela ondorioztatu du. Are gehiago, ikerketa berak etxeen hiru laurdenetan bigarren ibilgailua kentzeko balio izan duela ondorioztatu du. “Ibilgailu horiek guztiek hartzen duten espazioa izugarria da, eta horiei ordezkoak sortzen eta erabiltzen ari garen heinean, gure herri eta hirietan ere espazioa berreskuratuz joango gara beste erabilera batzuei eskaintzeko” aldarrikatu du Marionek.
Aurtengo udaberrian, ekainerako ondo beharrean, landare berri hau loratuko da, beraz, Lapurdiko kostaldean, ohitura aldaketa sustatu eta gure hirien mugikortasunaren kolorea aldatzeko asmoz.