Nazioartekotzea
Munichera negozio aukeren bila
Energia berriztagarrien nazioarteko azokarik garrantzitsuena da Bavariako hiriburuko 'The smarter E Europe'. Pandemiagatik eten ostean, bere handitasunean itzuliko da gaur. Hainbat euskal enpresa bertan izango dira, bezero berriak lortzeko asmoarekin
Hamabi pabiloi, 132.000m2ko espazioan. 1.450 erakustoki. 50.000 bisitari. Horiek dira, laburbilduz, Municheko The smarter E Europe azokari buruzko datuak. Energia berriztagarrien arloan, mundu mailako erreferente nagusia da. Baliteke azoka hitza bera ere, singularrean erabilita, ez izatea guztiz zuzena. Izan ere, lau azpi-azokak osatzen dute: Intersolar Europe, eguzki energia fotovoltaikoari buruzkoa, denetan garrantzitsuena, eta mundu mailako erreferente nagusia; ees Europe, biltegiratze soluzioei lotutakoa; EM-Power Europe, batez ere energia berriztagarrien kudeaketa eta integrazioari buruzkoa; eta Power2Drive Europe, mugikortasun elektrikoari lotutakoa.
Feriak gaur ireki ditu ateak. Konferentziak, ordea, atzo hasi ziren eta horiekin batera iritsi ziren erakustazokara enpresetako arduradunak, bakoitza bere erakustokia muntatzera. Horietako bat da Cegasa Energy, egoitza Miñaoko parke teknologikoan duena. "Guk 2018tik daramagu etortzen. Biltegiratze ferian izango gara", kontatu du Ramon Ugarte Litio dibisioko zuzendari komertzialak. "Cegasak 1934tik darama biltegiratzeko soluzioak proposatzen, eta 2018an apustua egin zen lerro berri bat zabaltzeko: energia berriztagarrientzako biltegiratzeko soluzioak. Hemen aurkeztuko ditugun produktuak horren azken bertsioa dira, bizilekuetan, esparru komertzialetan eta industrian aplikatzeko", azaldu du.
Baliteke azoka hitza bera ere, singularrean erabilita, ez izatea guztiz zuzena. Izan ere, lau azpi-azokak osatzen dute: Intersolar Europe, ees Europe, EM-Power Europe eta Power2Drive Europe
Intersolar ferian, aldiz, beste enpresa arabar bat izango da: Zigor Corporación. Beraientzat, lehenengo aldia da erakustazokan bakar-bakarrik parte hartzen dutela, 2014an izan baitziren, baina euskal enpresa talde baten parte bezala. "Zigor apustu teknologiko eta ekonomiko nabaria egiten ari da merkatuan produktu indartsu eta fidagarriak aurkezteko, besteak beste, inbertsore edo bihurgailuak eguzki energia fotovoltaikorako, bai enpresa handientzako, bai autokontsumo eta biltegiratzeko ere. Hori da aurkeztera gatozena, eta gure produktu izarra da bihurgailu zentralizatu bat, hain zuzen ere", azaldu du Eduardo Ibañez Energia Unitateko arduradunak. Horrekin batera, biltegiratzeko soluzio modularrak ere aurkeztuko dituzte.
Nazioartekotze estrategia
Euskal enpresen presentzia nabarmena izango da ferian. Aipatutakoez gain, beste bederatzi joan dira euren produktuak aurkeztera, eta negozio bila. Horietatik, gehienak, Intersolarren izango dute erakustokia: Array-STI Norland eta IED Electronics Solutions nafarrek; Ingeteam, Gamesa Electric, Jesus Onate eta Pronutek bizkaitarrek; eta Mondragon Assembly S.Coop eta Jema Energy gipuzkoarrek. Aldiz, soilik bakar batek izango du erakustazoka mugikortasun elektrikoari buruzko atalean: Meteo for Energy gasteiztarrak.
"Hona etortzeko helburuetako bat da nazioartekotzea indartzea. Beste zenbait urteetan hona etortzeak ahalbidetu digu banaketa kanala izatea Alemanian edo Ingalaterran. Alegia, nazioarteko posizionamendua indartzeko balio du", nabarmendu du Ugartek. "Sektoreko feria ezagunena da mundu mailan, ez soilik Europan. Erreferentea da. Beraz, hemen egoteak esan nahi du bagaudela sektorean nolabait", gaineratu du. "Nik uste dut eguzki energia fotovoltaikoan ari den eta nazioartekotze prozesuan ari enpresa batentzat hona, Intersolarrera, etortzea lehen pausoa dela esateko 'hemen gaude'", aipatu du Ibañezek. Horrekin batera, "enpresaren seriotasun eta kalitate irudia eskaini nahi" dutela dio, eta horretarako "ezinbestekoa" dela "horrelako azoketan izatea".
Ramon Ugarte: "Sektoreko feria ezagunena da mundu mailan, ez soilik Europan. Erreferentea da. Beraz, hemen egoteak esan nahi du bagaudela sektorean nolabait"
Noski, feriara bezero berriak lortzeko asmoz etorri dira Cegasa Energy eta Zigor. "Hemen bilerak izango ditugu eraikitzaileekin, sustatzaileekin, energia zentraletako arduradunekin, gure produktuak erabiltzen ari direnekin edo erabili ahalko dituztenekin. Beraz, nazioarteko testuinguruan gure burua ezagutzera eman nahi dugu, horrekin indartzeko Zigorrek eguzki energia fotovoltaikoaren biltegiratze arloan zuen irudia", adierazi du Energia Unitateko arduradunak. "Guk ingeniaritza gehiagotara iritsi nahi dugu proiektuak mundu osoan garatzen jarraitu ahal izateko. Ingeniaritza horietako asko Alemanian, Ingalaterran eta Frantzian daude. Bestalde, distribuzio kanalarekin aurrera egin nahi dugu, baita indartu ere, bai Europan, bai beste puntuetan", azpimarratu du Litio dibisioko arduradun komertzialak.
Energiaren prezioen gorakada
Azken urteetan energia fotovoltaikoaren eskaerek gora egin dute. Hori gutxi balitz, Ukrainako gerrak energiaren prezioaren igoerak, eta aldaketa klimatikoarekiko kezkak berak fokua energia berriztagarrietan jartzera eraman dituzte agintari, askotariko erakunde eta herritarrak. "Zalantza gabe, energia tradizionalaren kostuak hazten ari direnez, egoera bera lagungarria izaten ari da guretzat. Izan ere, gizartea konturatzen ari da badagoela aukera independenteagoak izateko, eta erregai fosilekiko hainbesteko menpekotasunik ez dugula izan behar. Nazioartean horrelako soluzioen garapena bultzatzen ari dira", esan du Ugartek, nahiz eta, gehitu duenez, materialen eta lehengaien kostuaren eraginak pairatzen ari diren. "Nire ustez, irakurketa epe ertain-luzera egin behar dugu, orain gertatzen ari dena unean uneko zerbait delako —espero dezagun—. Hala ere, lagungarria da egoera eguzki energia fotovoltaikoari lotutako askotariko ekoizleak guregana etor daitezen gure produktuak ezagutzeko? Bai, noski. Egoerak, gure salmentak indartzen ditu? Hori hemendik urtebetera ikusiko dugu", azaldu du Ibañezek. Hala ere, bere iritziz, garrantzitsuena da "kontsumitzaileek ikus dezaten eguzki energia fotovoltaikoa eta horren biltegiratzea bideragarria dela eta luzerako etorri dela".
Eduardo Ibañezen iritziz, garrantzitsuena da "kontsumitzaileek ikus dezaten eguzki energia fotovoltaikoa eta horren biltegiratzea bideragarria dela eta luzerako etorri dela"
Edozein kasutan, gogotsu ekin diote feriari biek ala biek. Izan ere, pandemia hasi zenetik, ez da halako feriarik egin sektoreari lotuta. 2021eko urrian The smarter E Europen bertsio "urardotua" edo murriztua egin zuten, baina, Ugarteren iritziz, hau da benetan pandemia osteko lehenengoa. "Baikorrak gara, ikusten dugulako dinamismo handia dagoela sektorean. Lehen esan dugun bezala, nazioarteko egoerak horrelako irtenbideak bilatzera garamatza, eta gainera ikusten ari gara neurri murrizgarriak bukatuta, jendea gogotsu dagoela negozio jarduerari berriro ekin eta harreman komertzialak indartzeko", nabarmendu du Cegasakoak. "Feria honek eskaintzen dizkigu aukera asko gure produktuak erakusteko eta ezagutarazteko. Eta Zigorren irudirako oso ona da hemen izatea. Horrekin batera, konpainiaren epe luzeko estrategiari bultzada eman diezaiokegu, bere produktuen garapen teknologikoa sustatzeko", bukatu du Zigorrekoak.