Argazkia: Europa Press

ENPRESAK GAUR

Murueta ontziolak izokin ontzi bat eraikiko du

Froy talde norvegiarrak aukeratu du euskal ontziola itsasontzia eraikitzeko. 2027ko bigarren seihilekorako entregatu beharko du

Murueta ontziolak izokinetarako ontzi bat eraikiko du. Norvegiako Froy taldearentzako enkargua izango da, eta 2027ko bigarren seihilekoan entregatzeko konpromisoa hartu du enpresa bizkaitarrak. 87,7 metroko luzera eta 20,6 metroko zabalera izango du, eta arrainaren kalitatea eta ongizatea bermatzeko “puntako” teknologia izango du.

Pymar ontziolen elkarteak (Murueta elkartearen parte da) ohar bidez azaldu du arrainak bizirik garraiatzeko ontzia izango dela, eta 4.500 metro kubikoko karga ahalmena izango duela. “Segurtasunari eta izokinaren garraioari, tratamenduari eta manipulazioari buruzko estandar handienak betetzeko diseinatuko eta eraikitako ontzia izango da”, ohartarazi du elkarteak.

Ontziaren diseinua Norvegiako Sal Ship Design taldeak egin du. Halaber, ontzia eraikitzeko ICO, Cesce, Euskal Finantzen Institutua, Banc Sabadell eta EBNren finantzazioa jasoko du ontziolak.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak nabarmendu du, itsasoko garraioaren deskarbonizazioa "herrialde gisa daukagun erronketako bat” dela. Nabarmendu du CO2 isurketarik ez sortzeko gai den ontzi berri hau “eredu” dela: “berrikuntzaren aldeko apustua funtsezkoa da trantsizio energetikoaren erronkan urrats bat aurrera egiteko, kasu honetan Euskadin garatutako puntako teknologia erabiliz ".

Juan Arana Murueta ontziolako presidenteak, aldiz, azaldu du ontzi honen eraikuntza “aurrekaririk gabeko lorpen” bat dela, “mundu mailan mugarri” dena. "Pozten gara Froyk Murueta aukeratu izana erronka zoragarri honetarako, lehen ontzi honekin hasten baita, baina etorkizunean proiektu berriekin jarraitzea espero dugu", gehitu du.