Nafarroako festetan seguru edateko eskumuturrekoa
Aglaya Creativos enpresa iruindarrak 'Centinela' eskumuturrekoa garatu du, edarietan droga bota den antzemateko gai den gailua
Denbora luzez aritu da Abel Lafuente iruindarra gizarteak pairatutako arazoentzat sormenezko konponbideak proposatzen. Duela 11 urte, esaterako, Gurutze Gorriarekin Nikaraguan boluntario bezala zebilela, hainbat ekintza burutu zituen Scarlett Guadamuz emaztearekin batera; horien artean, Latinoamerikan oso ohikoak diren lurrikaren inguruan haurrak sentsibilizatzeko marrazki bizidunen bidezko plan bat gauzatu zuen, umeek beldurra galdu zezaten.
Iruñera itzuli eta gero, pandemia garaian, “aurpegien argazkiak zeuzkaten musukoak egitea” bururatu zitzaion. Osasun langileei argazkiak atera eta musukoak estalitako aurpegiaren atala imprimatzen zuten, eta horrela musukorik ez zegoela ezkutatzeko nolabait. Horrez gain, festetan lapurretak ekiditeko gerriko poltsa diseinatu zuen.
Orain, festetako giroa seguruago egiteko beste ideia bat garatu eta patentatu du: Centinela deituriko eskumuturrekoa, edarietan drogak antzematen dituena. Likidoaren tanta eskumuturrean bota ondoren, “hiru eta sei segundo artean besterik ez ditu behar emaitzak emateko”. Eskumuturrekoa laranja bilakatzen bada, emaitza positiboa da eta edaria aizunduta dago. Kolore urdina erakusten badu, negatiboa da, eta edaria segurutzat eman daiteke.
Centinela ere “disuasio tresna oso deigarria da, lapurren aurkako alarma daukan etxea bezala”. Hori da funtzio bereko beste test eta gailuekiko daukan abantaila nagusietako bat, eramateko erraza izateaz gain. “Ez gara drogetan adituak, haiekiko babesteko aukera eman besterik ez dugu nahi”, dio Lafuentek.
Esperientzia pertsonal batetik etorritako ekimena
Lafuente bera spikingaren biktima izan zen duela hamabost urte. Orain urte gutxi, egunkaria irakurtzen zebilela, egoerak ez zuela hobera egiten ikusi zuen; alderantziz, gero eta kasu gehiago ematen ziren jaietan. Bere hitzetan, beste pertsona askori antzeko esperientziak izan dituzte, nahiz eta gertakari horiek “isiltasunean gorde, inori kontatu gabe”.
Hori dela eta Centinela eskumuturrekoa asmatu zuen, jada lau urte martxan daramazkien Aglaya Creativos enpresaren bidez komertzializatzen duena. Izena sormenaren jainkosa greziarretik dator. Haren eginkizuna “arazo zehatzei sormenezko konponbideak ematea da”. Lafuente, Guadamuz, Juan Erro eta Angel Gaston dira egun enpresako lau kideak.
Abel Lafuente: “Jendeak utzi dio Centinelari 'drogarako eskumuturra' deitzen; produktua haren izenagatik ezagutzen da eta hori haren arrakastaren seinale da”
“Jendeak eskumuturrekoa eramatea lortu du Aglayak, eta haren inguruan mugimendu soziala eratu da”, dio sortzaileak. Gaur egun, Aglaya eskumuturren eskaerekin “gainezka” dago, eta komunikabideetatik arreta handia jaso du. Horren froga gisa, “jendeak utzi dio Centinelari 'drogarako eskumuturra' deitzen; produktua haren izenagatik ezagutzen da eta hori haren arrakastaren seinale da”.
Produktuaren ezaugarriak
Eskumuturrekoa bi motatan dago banatuta. Lehenak “22 droga estimulatzaile mota antzemate ditu”. Bigarrenak, Premium deiturikoak, gainera “GHB motako droga depresoreak aurkitzen ditu”. Horrez gain, QR kodea eskaintzen du 112 zenbakira deitzeko, edo geolokalizazioa, larrialdi zerbitzuen ordez lagunak etortzea nahi bada. Hau erabilgarria da batez ere beste hirietako bisitarientzat, ezagutzen ez duten leku batean galduta ez geratzeko. Bertsio arruntak 3,75 euro balio du; Premiumak, 5.
Mota arrunta “jaialdietarako edo egun bateko ekitaldietarako dago pentsatuta”. Bestalde, Premiumak beste erabilerak eduki ditzake. Esaterako, “hotel batzuek ongi etorri opari bezala eskaintzea proposatu dute”. Halaber, Centinelak antzeman ditzazkeen drogen artean ketamina, kokaina, MDMA, anfetaminak, morfina, heroina, LSD, opioideak eta fentaniloa aurkitzen dira.
QR kodea eskaintzen du 112 zenbakira deitzeko, edo geolokalizazioa, larrialdi zerbitzuen ordez lagunak etortzea nahi bada
Eskumuturrekoa biniloz dago egina, likidoekiko iragazgaitza den materiala, eta testak babesle bat dauka ez bustitzeko. Gainera, “testarekin kontaktuan dagoen zatiak ez dauka edaria aldatzen duen osagai kimikorik”, azaldu du ekintzaileak.
Aglaya Creativosek hainbat bezero mota ditu: pertsona partikularrak, enpresak eta udalak, besteak, izan ere, Centinela bakoitzaren beharrei egokituta pertsonalizatu ahal da. Orain, udan, goizez soilik egiten dute lan, eta arratsaldeetan, aldiz, eskumuturrak banatzeaz arduratzen dira.
Finkapena eta jarduera osagarriak
Aglaya Creativosek bi egoitza ditu. Kale Nagusian daukatenak urtebete darama martxan eta Santo Domingo aldapakoa, aurtengo Sanferminak baino hilabete bat eta erdi lehen eskuratu zuten, biak Iruñean. Kokapen horiek “bertan egoten den festa giroagatik" erabaki zituzten.
Centinelaren osagarri gisa, enpresa online formakuntzako plataforma diseinatzeko bidean da, drogei aurre egiteko jokaera protokoloak eta substantzia hauen efektu ezberdinak ezagutarazteko. Programa “garatuta dago, baina oraindik ez aktibatuta”. Hilabete barru izango da eskuragai, Lafuenteren esanetan.