Nerea Ibañez: "Ordainsarien gaineko gardentasun handiagoa behar da, eta soldata ikuskaritza gehiago"
Ekonomia eta enpresa esparruan, erabakiak hartzeko postuetan emakumeen presentzia “bultzatu eta agerian” jartzen jarraitzea izango du helburu EnpresariAKek, Nerea Ibañez Garcia bere presidentearen hitzetan
Berdintasunaren arloan aurrerapenak eman dira azken urteetan, baina mantso. Oso mantso. Euskal enpresa ehunak oraindik ere benetako arrakalak ditu, emakumeen eta gizonen desoreka posizioetatik sortzen direnak, eragin negatiboak sortuz, ez bakarrik emakumeengan, baita gure ekonomiaren lehiakortasunean eta iraunkortasunean ere. Euskadiko enpresa handien artean, % 9k bakarrik du emakume bat enpresa-buru. Eta soldatari dagokionez ere, EAEn identifikatutako arrakala % 22,6koa da. Egoera horri aurre egiteko sortu da EnpresariAK, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako federazioak batzen dituena; duela 25 urte baino gehiago jaio bazen ere, helburuz, proiektuz eta ilusioz berrituta dator. Egoeraren errealitatea ezagutzeko, EnpresaBIDEA elkarteko presidentearekin elkartu da, Nerea Ibañez Garciarekin.
EnpresariAK berrituta dator, nahiz eta Euskadiko Emakume Enpresarien Federazioak mende laurdeneko ibilbidea duen. Nolatan sortzen da eguneratzeko behar hori, eta zein dira erronka nagusiak?
Hiru lurralde historikoetako Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteen batasunak —Araba (AMPEA), Bizkaia (AED) eta Gipuzkoa (ASPEGI)— osatzen du EnpresariAK. Federazioari bultzada berria emateko egitasmoa sortu da, hain zuzen ere, ekonomia eta enpresa arloan emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasunaren defentsaren arloan erreferentziazko eragile sendo gisa kokatzeko helburuari erantzuteko, eta eginkizun oso zehatz bat du: ekonomia eta enpresa arloan erabakiak hartzeko postuetan emakume gehiago sartzea ahalbidetuko duten estrategiak bultzatzea eta agerian jartzea.
“Emakume gehien Eusko Jaurlaritzako goi karguetan daude (politikariak), eta, ondoren, erakunde sindikaletan (%44)”
Zein dira EAEko datu nagusiak?
AEDren txostenaren arabera, alde nabarmenak daude Euskadiko politika, enpresa, sindikatu eta finantza arloko erabaki organoetan dauden emakumeen artean. Emakume gehien Eusko Jaurlaritzako goi karguetan daude (politikariak), eta, ondoren, erakunde sindikaletan (% 44). Parte-hartzea txikiagoa da finantza erakundeetan eta enpresa-erakundeetan; emakumeen % 34 eta % 17 dira, hurrenez hurren.
Soldatei dagokienez ere, EAEn % 22,6ko aldea dago. Zein politika edo estrategia aplikatu beharko lirateke egoera hori iraultzeko?
Ordainsarien gaineko gardentasun handiagoa, eta soldata ikuskaritza gehiago. Entitate guztiek lansarien arteko desberdintasunak eragozteko neurriak jarri behar dituzte abian, halako kasurik emango balitz, ahalik eta azkarren identifikatu ahal izateko. Beste neurri bat kalitatezko enplegua sortzearen aldeko apustu sendoa egitea litzateke. Halaber, kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak hartu behar dira, eta oztoporik gabeko emakumeen hazkunde profesionala sustatu. Bestalde, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen arteko genero eta aukera berdintasun egoerak sustatzea, herritarrak hezita eta sentsibilizazioa eginez.
“EAEn, emakumeen % 5ek egin dute beren enpresa sortzeko apustua, eta gizonen % 5,5ek. Aurrerapena oso motela da, baina, pixkanaka, emakumeak protagonismo handiagoa hartzen ari gara negozio berriak abian jartzean
Dena ez da hain iluna izango. Zein datu positibo eman ditzakegu berdintasun politiken arloan? Aurrera al goaz zerbaitetan?
Bai, noski. Adibidez, berdintasunerako planak lau hitzarmen kolektibotik batean sartzen dira jada. Gainera, enpresa hitzarmenek sektorialek baino berdintasun plan gehiago dituzte une honetan, eta hori aurrerapen handia da. Orain, ekimen horien emaitzak jalkitzea eta nabaritzen hastea da garrantzitsuena.
Gipuzkoan, emakumeen ekintzailetza pandemiaren ondoren hazi egin zen berriz ere (123 negozio berri), eta gizonek bultzatutako enpresen arrakasta tasa gainditu zuen. Kristalezko sabaia pixkanaka gainditzen ari da?
Zenbakiek diotenez, Espainia Europako buruan dago emakumeen ekintzailetzari dagokionez. Hala ere, zifra oso txikia da oraindik. Txostenaren arabera, 2019-2020 urteetan, emakumeen ekintzailetza tasa % 3,9koa izan zen estatuan, eta gizonena, % 4,4koa. Gure lurraldean egoera antzekoa da: EAEn, emakumeen % 5ek egin dute beren enpresa sortzeko apustua, eta gizonen % 5,5ek. Aurrerapena oso motela da, baina, pixkanaka, emakumeak protagonismo handiagoa hartzen ari gara negozio berriak abian jartzean. Baina oraindik bide luzea dugu egiteko. Alde nabarmenak daude oraindik ekonomia eta enpresa arloan. AEDren azken txostenaren arabera, Euskadiko enpresa handien artean, zuzendari postua batez ere gizonek betetzen dute: % 9k bakarrik du emakume bat buru. Eta enpresa horietan aztertutako 4.500 zuzendaritza karguetatik, % 24 baino ez dira emakumeak. Administrazio kontseiluak aztertuz gero, egoera hori errepikatu egiten da: %13 baino ez dira emakumeak.
"Talentua kudeatzeko edozein estrategiaren oinarriak, hasiera batetik, horren % 50 barne hartu behar du: emakumeak"
EnpresariAK federazioak heldu beharreko erronken artean haur eta gazteen bokazio zientifiko teknologikoak sustatzeko beharra aipatu duzue. Nola heldu nahi diozue helburu horri?
Azken PISA txostenaren arabera, unibertsitateko ikasleen erdia baino gehiago emakumeak dira Espainian, baina %8k baino gutxiagok aukeratzen dituzte STEM (teknologia, matematika, zientzia eta ingeniaritza) gaiekin lotutako graduak. Nire ustez, lehenengo urratsa da emakumea eremu horietan bistaratzea, eta haren ekarpena, lorpenak eta arrakastak ikusaraztea. Horrela, etorkizuneko belaunaldiek identifikatzeko eta ikasteko erreferenteak izango dituzte. Horregatik, federaziotik, emakumea lanbide eta enpresa munduan sartzea sustatzen eta errazten duten ekimenak eta jarduerak jartzen ditugu martxan, eta gure arreta beti emakumeen talentuan jartzen dugu. Giza talentua neurtu eta baloratu daitekeelako. Egin daiteke eta beharrezkoa da. Talentuari esker, enpresek emaitza hobeak lortzen dituzte eta xede guztiak errazago betetzen dituzte. Izan ere, arrakasta edo porroterako elementu erabakigarria da. Talentua kudeatzeko edozein estrategiaren oinarriak, hasiera batetik, horren % 50 barne hartu behar du: emakumeak.