Izan zirelako
Nolako sektorea, halako azoka
1961ko ekainaren 3an zabaldu zituen ateak lehen aldiz Makina-Erremintaren Biurtekoak. Geroz eta indar handiagoa hartzen ari zen industriaren elkargune izateko asmoarekin sortu zen, eta sektorearen eskutik hazi eta garatu da
Biurtekoaren historia Euskal Herriko makina-erremintaren sektorearen garapenaren eskutik joan da hasiera-hasieratik. “Lehenengo ediziotik, gure helburua izan da sektorearen isla izatea. Biurtekoak enpresen eskutik egin du aurrera. AFM klusterrarekin antolatu dugu, ondoren AIMHErekin batera ere, eta asko ikasi dugu eurengandik. Eta gure ibilbidean, edizio bakoitzean enpresen, erakusketari zein bisitarien, beharretara egokitu gara. Edukiaz gain, hori izan da gure bereizgarria”, azaldu du Mari Carmen Gorostiza Bilbao Exhibition Centerreko Industria, Energia eta IKTko azoken arduradunak, Biurtekoko zuzendari izandakoak.
Horregatik, Biurtekoa noiz jaiotzen den ulertzeko, industriaren sorrera eta lehen urteko garapenera jo behar da. XX. mende hasieran hasi ziren agertzen makina-erremintari lotutako lehen tailerrak, besteak beste Eibarren eta Errenterian (Gipuzkoan), eta apurka-apurka sektore itxura hartzen joan zen. “1940ko hamarkada aldera, inportazioei mugak jarrita, enpresek nork bere makinak fabrikatu eta euren buruak hornitzeko beharra ikusi zuten. Hala, 1950ko hamarkadan Euskadiko enpresak mundu osoan ezagun izaten hasi ziren makinen fabrikazioan zuten kalitateagatik, eta 1960ko hamarkadan, eta batez ere 1970ekoan teknologia garatu zen sektorean”, kontatu du Gorostizak.
“Edizio hartan, nazioarteko hornitzaile eta bestelako enpresek ezin zuten erakustokirik jarri; bai, ordea, bisitatu. Eta lehenengo edizio horretan bertan izan ziren atzerritik etorritako erosle eta bisitariak”
Ordurako, Bilboko Erakustazoka existitzen zen, ondoren Bilboko Nazioarteko Erakustazoka izango zena, San Mames atzean kokatua. “Askotariko azokak egiten genituen han”, azaldu du BECekoak. Hain zuzen ere, handik sortu zen. “Erakustazokatik erabaki zen elkargune bat sortzea sektore honetan espezializaturikoa, enpresek euren gaitasun produktiboa erakutsi ahal izateko, euren potentziala”, adierazi du. 1961eko martxoaren 3an hasi zen lehen edizioa, zazpi egun iraungo zuena, 225 bat erakustokirekin. “Garai hartan, nazioarteko hornitzaile eta bestelako enpresek ezin zuten erakustokirik jarri; bai, ordea, bisitatu. Eta lehenengo edizio horretan bertan izan ziren atzerritik etorritako erosle eta bisitariak”, nabarmendu du BECekoak. Arrakasta izan zuen. “Indartsu hasi zen. Sustrai sakonak zituen dagoeneko”, gaineratu du.
Sektorearen ikuskizuna
“Esango nuke Biurtekoa beti sektorearen ikuskizuna ere izan dela. Enpresak erakustera eta saltzera datoz, etekina ateratzera”, dio Gorostizak. Lehen edizio hartan, 1.000 makina eta bestelako produktu inguru erakutsi ziren. “Ikuskizun esaten dudanean, esan nahi dut azokan punta-puntako makinak eta bestelako tresnak, elementu berritzaileenak erakutsi nahi dituztela. Gainera, Biurtekoa produktu azoka da, makina handiena. Makina handiak Euskadiko fabrikatzaileen bereizgarri dira”, gaineratu du, nahiz eta sektorearen balio katean, makinak ez ezik, bestelako osagaiak ere sartzen diren nabarmendu.
Bilboko Erakustazoka | Argazkia: Bilbao Exhibition Center
Makinez harago, azokaren muntaketa bera “sekulako ikuskizuna” dela kontatu du Industria azoken arduradunak, batez ere Bilboko Erakustazokan egiten zenean. “Elkarri lotutako pabilioiak ziren, batzuk bi alturatan. Pentsa: zenbait makinek pabilioietako sabaia ukitzen zuten. Mugitu egiten ziren, eta irauliko zirela zirudien”, gaineratu du. Trafikoan ere bete-betean eragiten zuen. “Kamioien izugarrizko ilarak izaten ziren San Mamesetik hasi eta Sabino Arana etorbideraino, erakustazokan ezin zirelako denak batera sartu. Muntatzeko eta sartzeko txandak egin behar izaten ziren”, kontatu du BECekoak. Maskarak ere erabili behar izaten zituzten erakustazoka barruan zenbait egunetan “kamioiak-eta sartzen zirenean”.
“Kamioien izugarrizko ilarak izaten ziren San Mamesetik hasi eta Sabino Arana etorbideraino, erakustazokan ezin zirelako denak batera sartu. Muntatzeko eta sartzeko txandak egin behar izaten ziren”
Horrekin batera, 1980ko hamarkadan, erakustazoka handitzeko 5. pabilioia eraikitzeko zutoin erraldoiak jarri zituztenez, zenbait erakustokiri zutoina barruan izatea egokitzen zitzaien. “Erakusketariek zoru metro karratua ordaintzen dute, eta 4 m2ko zutoinak izanik, deskontua egiten genien”, azaldu du Gorostizak.
1980tik 2002ra bitarteko bilakaera
Arestian aipatu bezala, Biurtekoaren garapena makina-erremintaren sektorearen gorabeherei oso lotuta joan da. “1980ko hamarkadan Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, eta BPGak gora egin zuen, baita makina-erremintako fabrikatzaile askoren produkzioak ere”, esan du Gorostizak. Sektoreko beste hainbat enpresa, ordea, desagertu egin ziren industria birmoldaketa zela eta: “une zailak izan ziren enpresa ugarirentzat. Askok itxi behar izan zuten, eta egokitzapen ugari egin behar izan ziren”. Horrek guztiak, bete-betean eragin zuen hurrengo urteetako edizioetan.
1982. urtean lehen aldiz onartu ziren atzerritik etorritako enpresek erakustokia izatea. “Enpresak ere bokazio esportatzaile oso garrantzitsua izaten hasi ziren orduan, eta merkatuan bertan mundu mailako enpresekin tratua izaten ari ziren; merkatuari berari bizkarra emateak ez zuen zentzu handirik”, azaldu du. Hain zuzen ere horregatik, espazioa zabaldu behar izan zuten. "22.000 m2koa izatera pasa zen. Horren aurretik nik uste dut ez zela 20.000m2ra iristen. 5. pabilioira zabaldu, eta beste pabilioi handi bat egin zen”, aipatu du BECekoak. 1988. eta 1990. urteen artean, XIV. eta XV. edizioetan, hurrenez hurren, are gehiago handitu zen. “XIV. edizioan lehen aldiz 1.000 enpresa erakusketari baino gehiago izan ziren, zehazki, 1.323. Urte horietan bertan, azoka ia % 45 hazi zen, beraz, eta XV. ediziorako 7. eta 8. pabilioiak eraiki ziren egun EITBko eraikina dagoen horretan”, azaldu du.
“1992. urtean Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Europako Batzordearen zigilua jaso genuen, eta azoka hainbeste handitu zenez, lehen aldiz feria sektoreka banatu genuen"
1990ko hamarkada hasieran beste pauso bat eman zuen azokak. “1992. urtean Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Europako Batzordearen zigilua jaso genuen, eta azoka hainbeste handitu zenez, lehen aldiz feria sektoreka banatu genuen, bisitarientzat erosoagoa izateko”, esan du Gorostizak. 2002an, aldiz, azkeneko feria egin zen Bilboko Nazioarteko Erakustokian. “1.700 feria erakusketari izan zituen, sekulako muntaia. Ordurako dagoeneko BEC eraikitzeko lanean ari dira”, azpimarratu du.
Beste dimentsio bat
2004. urtean inauguratu zen azoka esparru berria, eta bertan egin zen XXIII. edizioa, ekainaren 7tik 12ra. Aurreko urteetako zifra guztiak gainditzeaz gain, azokari beste forma bat eman zion horrek. “Bilboko Nazioarteko Erakustazoka hasiera izan zen. Han erein eta hazi zen. Han lagundu genien enpresei hazten. Xarma handia zuen. Baina BEC beste dimentsio bat da”, azaldu du. Sei pabilioi berri eskaintzen zituen, “zutaberik gabekoak, sekulako erosotasunarekin bai bisitarako, bai muntatzeko. Ez dago ilararik, denok batera sar daitezke. Sektorearen beharretara egokitutako esparru berria da zentzu zabalean”, gehitu du.
Azken urteetan gertatutako aurrerapen teknologikoek Biurtekoa birpentsatzea ekarri zuen beste behin. “1970an kontrol numerikoekin ari ginen lanean; ondoren txertatu dira robotika eta automatizazioa. Orain, 4.0 industriaren garapenaz ari gara, eta makina-erremintaren sektoreari fabrikazio aurreratuko sektore deritzogu”, azpimarratu du. Hala, 2012an fabrikazio aditiboari lotutako esparrua garatu zen azoka barnean, ondoren Addit3D izango zena. Jarraian sortzen dira Be Digital industria arloko eraldaketa digitalari lotutako azoka, eta WorkINN, talentua erakartzeko.
“Bilboko Nazioarteko Erakustazoka hasiera izan zen. Han erein eta hazi zen. Han lagundu genien enpresei hazten. Xarma handia zuen. Baina BEC beste dimentsio bat da”
Bizitako eraldaketaz harago, eta lau urteko etenaldiaren ostean, aurtengoa, pandemia ondorengoa, une gakotzat jo du Gorostizak. “Gehien espero den edizio bezala definitu dugu, ilusioarekin, elkarrekin berriro ere topo egiteko gogoekin baikaude. Sektorea errekuperatzen ari da, gainera. Besarkada askoko biurtekoa izango da”, adierazi du. Era berean, historian zehar “gainbeherak" izan dela azpimarratu du beste behin BECeko Industria azoken arduradunak. "Denok egokitu behar izan dugu egoerara, eta elkarlanean aritu gara. Gure inguruan enpresa miresgarriak ditugu. Egokitzeko gaitasunak, bai une onetara, bai txarretara. Bisio handikoak izan dira, jakin dute inbertitzen”, bukatu du Gorostizak.