Oreka ITren Gasteizko bulegoa | Argazkia: Oreka IT

Ereduak

Oreka IT, enpresak euskaraz digitalizatzen dituen aholkularitza etxea

Teknologia enpresa arabarra hedatze prozesu bete-betean da. Ehun langile inguru eta lau bulego dituzte Hego Euskal Herrian. Tamaina guztietako enpresen digitalizazio prozesuak martxan jarriz, hauen lehiakortasuna areagotzea dute helburu

Orain hilabete eskas bulego berria zabaldu du Oreka ITk Donostian. 2019an Mutiloan eta 2020an Leioan ireki ostean, laugarrena du 2009an Gasteizen sortutako aholkularitza taldeak, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan bermatu du presentzia hartara. “Beste aurrerapauso bat” dela dio Iraitz Perez de Goldarazena zuzendari nagusiak, “jada aspaldi hasi genuen hedapen politika bat, Euskal Herriko beste lurraldeetara gure zerbitzuak gerturatzeko asmoz”.

Gipuzkoako enpresei zerbitzuak gerturatzeaz gain, talentua begi bistatik ez galtzeko helburua du bulego berriak. “Talentuaren erakarpena gai kritiko bat da guretzat. Kolaborazio akordioak bilatzen ditugu unibertsitate eta heziketa zentroekin, eta zentzu horretan Donostiak ere emango dizkigu aukera horiek”, azaldu du zuzendariak.

Iraitz Perez de Goldarazena: “Talentuaren erakarpena gai kritiko bat da guretzat. Kolaborazio akordioak bilatzen ditugu unibertsitate eta heziketa zentroekin"

Gaur ehun bat langile ditu Oreka ITk lau bulegoetan banaturik, baina bi urteren buruan 150 bat izatea aurreikusi dute. Iaz 4,5 milioi euroko fakturazio izan zuten, eta aurten 5 milioira iristea espero dute. Azken urteotako hazkundea, beraz, agerikoa da, baina hastapenak ez ziren hain samurrak izan: “hasieran nahiko lan genuen bizirautearekin, eta gero gure gaitasunak indartzen joan garen heinean, behin egonkortuta, hazkundea bultzatzeko interesgarria iruditu zitzaigun beste lurraldeetara hedatzea eta gure bulegoak merkatu berrietara gerturatzea”.

Lehiakorrago bihurtzeko teknologia

Oreka ITk informatika zerbitzuak eskaintzen ditu. SAP kudeaketa teknologikoan adituak dira, enpresa baliabideak kudeatzeko ERP sistemak, bezeroen arretarako CRM sistemak eta datuen analitika aurreratua ezarri eta mantentzen dute enpresa txiki, ertain nahiz handietan. Edonola ere, Perez de Goldarazenaren esanetan, “ERP edo CRM, sistema baten inplementazioa bitarteko bat da, gure helburua teknologiaren bitartez enpresak lehiakorragoak bihurtzea da”.

Iraitz Perez de Goldarazena: “Ez dugu soilik pentsatzen zer egingo dugun aurten, baizik eta bezero bakoitzarekin epe luzera zer estrategia garatu daitekeen aztertzen dugu”

Machine learning, irudien prozesamendua, produkzio kostuen kudeaketa… finean, enpresen digitalizazioa ardatz duen zerbitzu enpresa da Oreka IT, enpresek kudeaketa eraginkorrago bat izan dezaten, eta sistemak ezartzeaz gain, formakuntza, mantenimendua eta bulego teknikoaren aholkularitza eskaintzen dute. “Ez dugu soilik pentsatzen zer egingo dugun aurten, baizik eta bezero bakoitzarekin epe luzera zer estrategia garatu daitekeen aztertzen dugu”, euren erritmo eta inbertsio gaitasunetara egokituz betiere, eta epe jakin batera digitalizazio plana zehaztu ahal izateko asmoarekin. “Hori da guk eskaintzen dugun balio erantsia”.

Digitalizatu ala hil

Kasik hamabost urteko ibilbidean, unean uneko teknologia garapenetara egokitu baino horiek aurreikusi behar izan ditu Gasteizko enpresak. “Oreka ITn baditugu adituak etengabe software ekoizleen azken lanak aztertzen, eta aldi berean, administrazioek eguneratzen duten legedia ere begiratzen”. Hala, bi alderdi horien jarraipena egiten dute, enpresen lege betebeharrak betez batetik, eta lehiakorrago izateko abantaila teknologikoak identifikatuz bestetik, “enpresak merkatuan atzean gelditu ez daitezen. Izan ere, merkatu global batean gaude, eta zuk ez baduzu aurrera egiten beste norbaitek egingo du”.

Horren harira, Perez de Goldarazenaren hitzetan, bi enpresa mota aurki daitezke munduan: digitalizatuko direnak eta desagertuko direnak. Azken hamar urteetan teknologiak “izugarrizko jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa” eman duela iritzi dio. “Egun teknologia oso potenteak txertatu daitezke enpresetan, inbertsio kostu jasangarriekin, eta digitalizatzen ez den enpresa normalean ez da diru gaitasuna falta batengatik izaten, aldaketarako prest ez dagoelako edo premiarik sumatzen ez duelako baizik”.

Iraitz Perez de Goldarazena: "Digitalizatzen ez den enpresa normalean ez da diru gaitasuna falta batengatik izaten, aldaketarako prest ez dagoelako edo premiarik sumatzen ez duelako baizik"

Aitzitik, konfort gunetik aldendu beharra dago nolabait, zuzendariaren arabera. Hain zuzen ere, orain enpresa dirua irabazten ari bada ere, etengabeko dinamika aldakorreko merkatuan, “zuritik beltzera” segituan igarotzen da, eta askotan, enpresek galerak dituztenean edo inbertsio ahalmena asko murriztu denean ekiten diote digitalizazioari. Erreakzionatzeko unea, ordea, ondo dagoenean, inbertitzeko gaitasuna duenean, orduan pentsatu behar da nola hobetu prozesuak.

Euskara da konfiantzarako bidea

Zerbitzu bat eskainirik, bezerorekiko gertutasuna eta konfiantza eraikitzerako orduan, euskara da Oreka ITren baliabide nagusienetako bat. “Euskal Herriko enpresa bat izanik, Araban sortua, euskaraz egiten dugu lan”, azaldu du zuzendariak. “Guk ez dugu produktu bat saltzen, egiten duguna ezin da ukitu, ikusi edo alderatu, eta oso argi dugu gure salmenta prozesuaren ardatz garrantzitsu bat bezeroarekiko konfiantza dela”.

Iraitz Perez de Goldarazena zuzendaria | Argazkia: Oreka IT

Hartara, euskara abantaila konpetitibo batean bihurtu du Oreka ITk, “segur aski, gure konpetentziak ez diolako garrantzirik eman euskararen esparruari. Guk bai, sektorean bereiztu gaituelako lehenengo egunetik”.

Hamabost urte betetzear

Datorren urtarrilean beteko ditu 15 urte Oreka ITk. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan bulego bana zabalduta, hurrengo urteetan nazioartean, Asian eta Hego Amerikan ireki nahi dituzte beste bulego bana. “Nazioartekotzea bultzatu nahi dugu, baina kanpoko merkatuak landu baino, 24x7ko zerbitzua aktibatu nahi dugulako. Horretarako, beste ordutegi batzuetan lan egiten duten pertsonak behar ditugu”, dio zuzendariak. Estrategia horrek zerbitzuaren etengabeko jarraikortasuna eta enpresaren bezero askoren nazioarteko lantegi eta ordezkaritza askotara gerturatzen ahalbidetuko lioke Oreka ITri.

Iraitz Perez de Goldarazena: “Guk ez dugu produktu bat saltzen, egiten duguna ezin da ukitu, ikusi edo alderatu, eta oso argi dugu gure salmenta prozesuaren ardatz garrantzitsu bat bezeroarekiko konfiantza dela”

Horrez gain, dibertsifikazio teknologikoan buru-belarri dabiltza. Lehen SAP teknologian zentratuak ziren batik bat, eta azkeneko urteetan “ahalegin handia” egiten ari dira SAP teknologiaren osagarri izan daitezkeen beste teknologia batzuk ere txertatzen beren zerbitzuetan. Hala, Microsoft eta beste hainbat etxeetako ekoizleekin lan egiten hasi dira, gero, enpresa bezero bakoitzean eskaini dezaketen soluzio teknologikoa aberastu ahal izateko. Hori gutxi balitz, beren berezko produktuetan ere lanean dihardute. "Gure teknologia propioa garatzea da beste martxan dugun beste ildo bat", bukatu du Perez de Goldarazenak.