Osasun mentala laneko kontua da
Laneko bajen %30 estresak sortzen du. Prebentziorako eta bajen osteko berrikorporaziorako neurriak ezinbestekoak dira
Mundu mailan 12.000 milioi lanegun galtzen dira urtero antsietatearen eta depresioaren ondorioz, OME Osasunaren Mundu erakundeak jasotako datuen arabera. Osasun mentalari loturiko arazoei irtenbiderik ez bilatzeagatik, kostu ekonomikoa bilioi bat eurokoa da gutxi gora behera OMEk dioenez. Osasun ikuspegiaz harago joanik, beraz, osasun mentala funtsezko faktorea da ekonomien eta erakundeen lehiakortasunerako, zuzenean eragiten baitio norbanakoek modu produktiboan lan egiteko eta beren inguruneari laguntzeko duten gaitasunari. Agian horregatik, lan eremuko osasun mentalean jarri nahi izan du fokua OMEk urriaren 10 honetan. Ez baita kontu indibiduala, norbere pentsamendu, emozio, jarrera eta interakzioek eragiten dutena; fakore sozial, ekonomiko, politiko eta anbientalek ere eragiten dute horretan.
Arazoak sortu aurretik, ordea, gakoa da "lehen mailako prebentzioa" egitea. "Horrek esan nahi du osasun mentala sustatzeko neurriak ezartzea arriskua agertu aurretik. Neurri horien artean egon daitezke prestakuntzatik hasi eta lan-indarkeria prebenitzeko protokoloak egiteraino, baita lanpostu bakoitzaren funtzioen, zereginen eta erantzukizunen deskribapen argia ere”, dio Marta Sánchez Bret Kataluniako Osasun Mentaleko Klusterraren zuzendariak.
Marta Sánchez Bret: "Horrek esan nahi du osasun mentala sustatzeko neurriak ezartzea arriskua agertu aurretik. Neurri horien artean egon daitezke prestakuntzatik hasi eta lan-indarkeria prebenitzeko protokoloak egiteraino"
Halaber, prebentzio horretan lagundu dezaketen neurri horiek eta beste zenbait faktore bildu ditu gida baten Gorka Moreno Arnedillo Mutua Navarrako Enpresa Osasungarrirako psikologoak: enpresako arduradunen ikuspegitik, zuzendaritzen eta enpresako gainerako langileen ongizatearekiko konpromisoa erakustea eta praktikatzea, egiten den lana baloratzea —hitzez zein ekintzez—, sustapen profesionalerako aukerak ematea eta bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzeko malgutasuna sustatzea. Langileen lanaren diseinuan parte har dezaten sustatzea, ingurune fisiko erosoak sortzea eta pertsonen arteko kalitatezko harremanak bultzatzea ere gako izan daitezke prebenitzerako garaian.
“Buruko osasun arazoak izango dira desgaitasunaren arrazoi nagusia 2030ean”
Aitzitik, prebentziorako bidean asko dago egiteko. INE Espainiako estatistika institutuak desgaitasuna duten pertsonen okupazioari buruzko txostena argitaratu zuen, 2022ko datuak bilduz, eta, horren arabera, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen okupazio tasa %18,9koa izan zen. Zifra horrek 1,2 puntuko hazkundea adierazten du, 2021ean erregistratutako %17,7arekin alderatuta.
Beste datu bat. Osasuna eta Pertsona Fundazioko zuzendari nagusi Joan Piñolek nabarmendu du “estresak eragiten dituela laneko bajen %30”, eta 30.000 milioi euroan zenbatetsi ditu buruko osasun arazoek eragindako baja horien ondorioz enpresek izaten dituzten galerak.
30.000 milioi euroan zenbatetsi dira buruko osasun arazoek eragindako baja horien ondorioz enpresek izaten dituzten galerak
Piñolek “kezkagarritzat” jo du egoera, estresa, antsietatea eta depresioa bezalako nahasmenduen eragin handiari dagokionez. Gainera, ohartarazi duenez, “buruko osasun arazoak izango dira desgaitasunaren arrazoi nagusia 2030ean”. Aipatzekoa da, halaber, Gizarte Segurantzako datuen arabera, %17 hazi dira 2024ko lehen zortzi hilabeteetan aldi baterako ezintasunagatik emandako subsidioak, 10.422 milioi euroraino.
Egoera zail horrek eragin zuzena du produktibitatean eta lan-ongizatean, eta eragina du berrikuntza-gaitasunean eta talentuari eustean. Horrek dilema erabakigarri baten aurrean jartzen ditu buruko osasun arazoak dituzten pertsona asko: euren egoera partekatu ala ez erabaki.
Buruak eztanda egiten duenean
Zenbaitetan, ordea, beranduegi izaten da. Jar dezagun kasu bat. Mireiak 31 urte ditu, ibilbide profesional arrakastatsua du marketinaren munduan, eta duela gutxi arloko buru bihurtu da industria-sektoreko enpresa batean. Lanez gainezka dagoela ikusten du, antsietatea bere egunerokotasunaren parte bilakatu dela. Sentitzen du ez dela denera iristen. Egun batean, azkenean, "eztanda" egiten du. Antsietate-atake bat du: ezin dio negar egiteari utzi orduetan, eta burnoutarekin identifikatzen da (higadura profesionalaren sindromea). Familiako medikuak 10 eguneko baja jarraian hartzeko agintzen dio, baina dilema handia sortzen da: zenbateraino izan daiteke "pribatua" laneko baja medikoaren arrazoia? 25 langileko enpresa batean egiten du lan, eta bere nagusietako bat lagun mina da lan-ingurunetik kanpo. Gainera, Mireiak uste du egun batzuetan bulegora joaten ez bada, lankideek, kezkatuta, mezuak bidaliko dizkiotela WhatsApp bidez, eta azalpenak eman beharko dituela. Eta berarentzat, "okerrena": bajaren arrazoia ezagutuz gero, horrek "puntuak kenduko al dizkio" bere postu berrian?
Lehenik eta behin, Andrés Robles lan-zuzenbidean eta zuzenbide zibilean aditua den abokatuaren arabera, askotan ahaztu egiten da "normalean langile batek ez duela enpresari bere gaixotasunari buruzko xehetasun espezifikorik emateko betebeharrik". Baja medikoa izapidetzerakoan, langileak txostena baino ez du aurkeztu behar, eta ez du diagnostikoa jaso behar, lan egiteko aldi baterako ezintasunaren baieztapena baizik. Beraz, langilearen erabakia da arrazoia partekatzen duen ala ez. Hala ere, Roblesek nabarmendu duenez, langile batzuek baja emateko arrazoia enpresari jakinaraztea erabaki dute, "enpresarekiko erantzukizun-sentimendua eta konpromisoa" edo "nagusiarekin gertuko harremana" tarteko. Bestalde, batzuetan "egia esaten bada errepresalien beldur direlako" ere gertatzen da, Mireiaren kasuan bezala.
Baja medikoa izapidetzerakoan, langileak txostena baino ez du aurkeztu behar, eta ez du diagnostikoa jaso behar, lan egiteko aldi baterako ezintasunaren baieztapena baizik
Zein dira Mireiaren kasuan jarraitu beharreko "urrats idealak"? Adituak argi dauka ez dagoela profesionalaren kezka konpontzeko "formula magikorik". Roblesek uste du garrantzitsua dela jakitea enpresa bati baja emateko arrazoia jakinaraztea erabaki indibiduala dela. Hala ere, bere iritziz, nagusiekin "harreman ona" badago, egoera ezin hobea izan liteke langilearentzat nola sentitzen den jakinarazteko, langile faltarekin edo zereginen gainkargarekin lotuta badago, eta, horrela, muturreko egoera batera iritsi aurretik konponbideak bilatu ahal izateko. "Enpresari esan behar diozu ez zaudela ondo, eta enpresak ulertu egin beharko luke", gaineratu du abokatuak.
Bajaren ostean dator ekaitza?
Argi dago, beraz, langileak ez duela zertan komunikatu baja hartzeko arrazoia zein izan den. Aitzitik, jakin ohi den kasuetan, edo langileak hala ikusten duen kasuetan, laneko itzuleran planifikazio bat egitea garrantzitsua da, ez dadin bat-bateko inkorporazioa izan.
Horretarako, berriro inkorporatzeko programak edota protokoloak ezartzea gako izan daiteke. Arestian aipaturiko Morenoren gidara itzulita, aintzat hartzen du, adibidez, langileek baja hartu dutenean, kontaktua mantentzeko nahia izatea euren egoeraz ardura erakusteko —eta ez euren inkorporaziorako presionatzeko— edota berrinkorporazio plan bat diseinatu ahal izatea, betiere baja hartu duen pertsonaren pribatutasunerako eskubidea errespetatuta eta harekin akordio batera helduta. Kasu bakoitzean egokitzapenak egin beharko badira ere, zenbait enpresek badituzte aurretik diseinatutako protokoloak. Eta, noski, plana diseinatzeaz gain, planaren jarraipena egitea ezinbestekotzat jotzen du Morenok aipatutako gidan.
Berriro inkorporatzeko programak edota protokoloak ezartzea gako izan daiteke
Horrez gain, baina, bolo-bolo dabil azkenaldian Espainiako gobernuak proposatu berri du baja malgua delakoa. Elma Saiz Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azaldu zuenez, baja mota horrek ahalbidetuko lieke langileei lanera partzialki itzuli ahal izatea, betiere borondatez bada, eta langilearen osasuna bermatuta. Neurriak aintzat hartzen du, halaber, enplegu bat baino gehiago duten pertsonek baten baja eduki baina beste batean lanean jarraitu ahal izatea. Proposamenak hautsak harrotu zituen Euskal Herrian, zein Espainian. Baina Danimarka edo Herbeheretan existitzen da dagoeneko baja mota hori, baita lan eremua egokitzeko aukera ere. Baliteke aukera bilakatzea datozen urteetan? Ikusteko dago.