Patricia Aja: "Eraikinak osatu egin behar du barruan gertatuko dena"
Kreaneko arkitektoaren ustez, eraikin bat diseinatzeak ezinbestean eskatzen du barruan gertatuko dena aurretik ezagutzea
Kreanen hainbat proiektu zuzendu ditu Patricia Aja arkitektoak. Gasteizko bulegoa du lan-egoitza, baina upategi, kirol-azpiegitura zein industria eraikinen tripetan murgiltzea du egiteko, horiek ondo ulertu eta diseinuak prozesuetara egokitu daitezen.
Zer-nola dago zuentzat proiektu zorroa une honetan?
Proiektu interesgarri eta askotarikoak ditugu. Kiroldegiak ditugu, zenbait proiektu tertziario, eta upategien munduan ere urteak daramatzagu esparru horretan lanean. Proiektu industrialak ere baditugu, bai Araban, bai Espainia mailan.
Ardo upategien sektorea aipatu duzu. Eskaera maila motel dabil. Sektorearen kontua al da?
Klimak eragin egiten du kontsumoan zein prozesuan edo ekoizpenean. Eta orain egia da jasotzen ari garen eskaeretan garrantzia handiagoa duela kalitateak bolumenak baino. Ekoizpen berezietako proiektuak dira, esklusiboagoak, eta detaile maila handiarekin bai prozesuan, baita proiektuaren arkitekturan bertan.
"Enoturismoa ere oso modan dagoenez, akaberek, eraikuntza-xehetasunek eta abarrek eskatzen dute erronka handiago bati erantzutea [upategien diseinuan]"
Alegia, ez da soilik bodegaren kanpo-diseinua, baizik eta ardoa bera ekoizteko prozesua ere bai.
Bai. Depositu txikiagoak erabiltzen dira, ekipo txikiagoa, eta mahastien eskuzko hautaketarekin. Eta horrek eraikinean eragiten du. Azken baten eraikinak erantzun bat eman behar dio barruan gertatzen den horri. Eta bereziagoak direnez, eta enoturismoa ere oso modan dagoenez, akaberek, eraikuntza-xehetasunek eta abarrek eskatzen dute erronka handiago bati erantzutea. Baina interesgarriak dira, egia esan.
Arabako Errioxan ari zarete lanean bereziki?
Arabako Errixoaz harago, Errioxan, Galizian, Ribera del Dueron eta Ruedan. Historikoki, nazioarteko upategiren batekin ere egin dugu lan.
"Erronkaren parte bat da gai izatea erantzunak emateko gure bezeroek egun dituzten beharrei, baina moldaerraztasun handia utzita etorkizunean egokitu ahal izateko"
Kirol-azpiegiturei dagokienez, eskakizunak aldatzen joan al dira azken urteetan?
Nik uste dut berrikuntza esparru guztietan dagoela, kirol esparruan barne. Eta erronkaren parte bat da gai izatea erantzunak emateko gure bezeroek egun dituzten beharrei, baina moldaerraztasun handia utzita etorkizunean egokitu ahal izateko. Etengabekoa da egokitzeko behar hori. Horregatik uste dut proiektuetan puntu garrantzitsu bat dela moldatzeko gaitasun hori izatea.
Ardo upategiak eta kirol-azpiegiturak. Kanpotik ikusita bi eraikuntza guztiz desberdin dirudite. Hala al da?
Erabilera eta behar espezifikoek egiten dituzte desberdin. Proiektuaren parte garrantzitsu bat da ulertzea nola funtzionatzen duen eraikinak berak. Programatzen edo diseinatzen hasi aurretik egin behar da. Kiroldegi batean, ulertzea nola sartuko diren pertsonak, egingo dituzten mugimenduak eta zein fluxu izan daitezkeen. Eta gauza bera upategietan edo industrian. Alegia, gure lanaren parteetako bat da ulertzea zer gertatuko den eraikin barruan, eta hortik hasita bilduko duen arkitektura garatu. Eskutik doaz.
Eta zein antzekotasun dituzte?
Nik uste dut eraikinak nolabait osatu egin behar duela barruan gertatuko dena; ez da soilik arrautza-oskola. Funtzio baten zerbitzura dagoen artea da. Jendea gustura sentitu behar da eraikin horren barruan, eta ondo funtzionatu behar du.
"Ez dute funtzionatzen ez funtzionalitate erabatekoak, ez estetika erabatekoak. Oreka bat behar dute; biei eman behar die erantzuna [eraikin batek]"
Arkitekta zaren aldetik, funtzionalitatearen eta estetikaren arteko oreka ezinbestekoa da beti, edo batek besteak baino pisu gehiago har dezake proiektuaren arabera?
Interesgarriena da beti pareko joatea eta oreka lortzea. Funtzionalitateak nolabait ekarpena egin behar dio estetikari, eta estetikak lagundu behar du pertsona horiek eraikinaren barruan ondo senti daitezen. Toki atsegin baten lan egitea ere uste dut diferentziala izan daitekeela, kutxa baten lan egitearekin alderatuta. Ez dute funtzionatzen ez funtzionalitate erabatekoak, ez estetika erabatekoak. Oreka bat behar dute; biei eman behar die erantzuna.
Azpiegitura industrialak ere lantzen dituzue. Askotan ahaztu egiten zaigu Araba dela lurralde industrializatuena. Zer nolako lanak ari zarete egiten?
Egia da industria horren lidergoan daudela Araban dauden enpresa industrial handiak, eta zenbait lankidetza maila horretan ditugu. Baina enpresa txiki eta ertain askorekin ere ari gara. Industria produktibotik hasita logistikaraino aritzen diren enpresekin egiten dugu lan, bai Kreanetik oro har, bai Gasteizko bulegotik. Eta lehen esan dugunaren eskutik doa: oso garrantzitsua da jakitea nolakoa den prozesua eta nola funtzionatzen duen. Baina esango nuke orokorrean espazio atseginak ezinbestekoak direla industria baten ere.
Diziplina anitzeko taldeak kudeatzen jarduten duzu. Zer da gako diziplina-artekotasun horretan hizkuntza partekatu bat eraiki eta elkar ulertzerako garaian?
Nik esango nuke hizkuntza horiek guztiak enpresa barruan izateak ematen diola aberastasuna proiektuari. Esparru askotako espezialistak ditugu diseinuan parte hartzen dutenak: egiturenak, arkitektura, instalazioak, geotermia... Eta bakoitzak bere ikuspegitik begiratzen du proiektua eta diseinua, eta bere hizkuntza hitz egiten du. Baina era berean ekarpen desberdin bat egiten dio proiektuari. Eta dena integratzeak ahalbidetzen du proiektu askoz konpletoagoa egitea. Eta pixkanaka-pixkanaka dena lotuta joatea eta hizkuntza bera hitz egitea. Esango nuke geure puntu indartsua dela.
"Nik esango nuke [diziplina askotariko] hizkuntza horiek guztiak enpresa barruan izateak ematen diola aberastasuna proiektuari. Esparru askotako espezialistak ditugu diseinuan parte hartzen dutenak"
Zu zeu ere askotariko proiektuetan aritu zara. Zer duzu gustuko bakoitzaz?
Niri gehien gustatzen zaidana da proiektu bakoitzean asko ikasten duzula, hasieran esandakoari lotuta. Izan ere, gauzek nola funtzionatzen duten ikasi behar duzu hasieratik, eta proiektu bakoitzak bere ekarpena egiten dizu zentzu horretan. Erronka etengabekoa da, eta ezin da esan monotonoa denik [barrez]. Nik hori gustuko dut. Eta horrez gain, niri oraindik ere hunkitu egiten nau eraikin berri baten sartzeak eraikin horren proiektuan parte hartu dudanean. Harago joanda, proiektu mota bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta ekarpenak ere hamaika dira zentzu horretan: zenbaitek produktuaren marka bilatzen dute gehiago, beste batzuek malgua izatea. Baina horretan ere dago grazia. Egunero proiektu berri bat da.