Izan zirelako
RACVNk 100 urte: zirkuituetatik errepideetara
100 urte beteko ditu aurten Real Automovil Club Vasco Navarrok (RACVN). Egun automobilgintza munduan asistentzia, irakaskuntza eta segurtasun zerbitzuak ematen baditu ere, auto lasterketak antolatzeko sortu zen 1923an
“Lehen Mundu Gerraren ostean, Donostian turismoa eta jarduera ekonomikoa erakartzeko lasterketa zirkuitu bat sortzeko helburuarekin jaio zen kluba”, esan du Pedro Martinez de Artola egungo presidenteak. Egun RACVN dena, Real Automóvil Club de Guipuzcoa izenarekin jaio zen. “Real izena klubeko lehen ohorezko presidentea Espainiako Alfontso XIIa erregea izan zelako ezarri zitzaion”.
100 urte hauetako bosgarren presidentea da Martinez de Artola, eta 1923an automobil lasterketak egitetik autoaren inguruko askotariko zerbitzuak ematera igaro dira, hala nola, gidatzeko irakaskuntza, errepideko asistentzia, seguruak, gidatzeko baimenak (Europakoak tartean) eta administrazioa lanen kudeaketa. “Jada ez dugu garai batean genuen 1 Formula moduko lasterketa zirkuitua, nahiz eta oraindik kirol jardueren barnean zenbait rally antolatzen ditugun”.
Pedro Martinez de Artola: “Gerraostean, antolakuntzaren jarduera automobilgintza zerbitzuetara bideratu zen erabat, bai administrazio, burokrazia, irakaskuntza eta seguru aldetik”
Izan ere, 1935 arte Lasarteko zirkuitua erabiltzen zuen klubak lasterketak antolatzeko, baina gerra zibila iritsi zen unean eten egin behar izan zuten jarduera hura. “Gerraostean, antolakuntzaren jarduera automobilgintza zerbitzuetara bideratu zen erabat, bai administrazio, burokrazia, irakaskuntza eta seguru aldetik”, esan du.
Lasarteko zirkuituak jende asko hurbildu zuen automobilismo mundurantz. 1920. hamarkadan autoa zutenak ez ziren asko Euskal Herrian eta gutxiengo horrentzat kluba automobilgintzaren epizentro bilakatu zen. “Hemengo lehen automobilismo kluba izanik inguruko herrietatik bazkide berriak iritsi ziren, eta hainbat delegazio ireki genituen”, nabarmendu du presidenteak. Horrela, 1960ko hamarkadan Real Automóvil Club Vasco Navarro izena ezartzea erabaki zuten, lau lurraldeak baitziren klubaren negozio esparru.
Errepidearen beharretara egokituz
Irabazi asmorik gabeko erakundea da RACVN, eta egun 18.000 bazkide inguru dituzte lau probintzietan banatuta. “Ehun urte hauetan izan ditugun emaitzak positiboak izan dira zorionez, eta inoiz ez ditugu dibidendu gisa banatu. Beti klubean berrinbertitu dugu”, azpimarratu du Martinez de Artolak.
Mugikortasunaren arloa izan da azken 15 urteetan klubaren erronka nagusienetako bat. Presidenteak adierazi duenez, euren ekarpena egiten saiatzen ari dira errepide, kale zein bideetako erabiltzaile guztientzat bateragarria eta arrazoizkoa den mugikortasuna sustatzeko. Automobil gidariak euren ibilgailuekin gozatzeko zuhurtziaz aritzea du xede klubak.
Finean, elkartearen mende osoko bilakaera automobilgintzak eskatzen zuen beharretara egokitzea izan da. Asistentzia da egun jarduera nagusia bai, baina klubak errepidearen zein hiriguneen beharretara moldatu behar du. Hiriek, kaleek eta errepideek izandako eraldaketa nabarmenaz hitz egin du presidenteak: “Hiriak handitu egin dira, nik Donostiako Pio XII plaza asfaltatu gabe ezagutu dut. Bertan moto lasterketak eta feriak egiten ziren”. Horren harira, gaineratu du: “espazioa aldatu egin da; konfigurazioa, ordea, ez. Eta askoz auto gehiago daude egun. Trafikoa antolatzea oso konplikatua da geroz eta auto gehiago dagoen eremu batean”.
Bestela ere, elkartea hastapenetatik aritu da hirietako mugikortasuna hobetu nahian. 1926ean, esaterako, Donostiako udalak mugikortasun ordenantza eskatu zion klubari. Hiriko trafikoa zuzentzeko ordenantza horri aipamena egin diote klubaren aldizkariko azkeneko alean, presidenteak azaldu duenez. “Guretzako hasierako eginkizuna beti izan da automobilaren erabilera zentzuzko bat sustatzea, eta hirian gidatzeaz disfrutatzea. Badakigu ez dela erraza, baina horretan gabiltza”.
Etorkizuneko automobilgintza
Automobilgintza desagertuko ez bada ere, formak aldatuko direla iritzi dio Martinez de Artolak. Hortaz, azken 100 urteetan bezalaxe RACVNk egoera berrietara egokitzen segitu beharko du. “Konbustio sistema aldatuko da, aglomerazioek hirien antolakuntza aldatuko dute agian, eta errepideak ere aldatzen joango dira. Alabaina, deskarbonizazioak eta auto elektrikoek ez dut uste automobilgintzaren ahalmenari eragingo dionik”, aipatu du. Sozialki baino, ikuspegi industrial batetik aldaketa handiago izango dela dio. Izan ere, euren hitzetan, autoak askatasuna bermatzen dio jendeari.
Era berean, auto-gidariaren zerbitzura lanean jarraituko du klubak datozen beste 100 edo izango diren urteetan. “Lehenik eta behin, gidaria errepide bazterrean ez geratzea nahi dugu, eta ondoren dokumentazioa ordenatuta edukitzea, autoan lasai joan dadin”. Funtsean, gidatzeko oinarrizko arauak erakustea du helburu klubak, betiere automobila desegoki erabilita elementu arriskutsua izan daitekeela ahaztu gabe.