Rosa Lavin: "Funtsezkoa da eredu kooperatiboaren ekarpenak aitortuko dituen zerga-erreforma egitea"
Lanbideko Administrazio Kontseiluan eserlekua lortu berritan da Konfekoop, baina gainera, ortzimuga esperantzazkoa du 2025: Kooperatiben Nazioarteko Urtea izango da, Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita, Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank zabalduko da, eta Foru Aldundiak lantzen ari diren zerga-erreforman ekarpena egiteko aukera izango dute. Urrats estrategiko ugariko urtea dator, Rosa Lavin (Sestao, Bizkaia, 1973) Konfekoopeko presidentearen ustetan.
Zein da zuentzat 2024ko albiste ekonomiko garrantzitsuena, kooperatibismoarekin edo Konfekoopekin zerikusia duena?
Lehen aldiz, kooperatiba-enpresok Lanbideko Administrazio Kontseiluan ordezkaritza dugu, eta bertan sartu izana mugarria izan da guretzat. Lortutako akordioa urteetako lan kolektiboaren emaitza da eta Lanbiden dugun ordezkaritzaren aitorpen puntualetik harago doa. Urrats estrategikoa da, eta aukera ematen digu, gainerako eragileekin batera, gure enpresa ikuspegiaren islada izango duten enplegu-politika aktiboak garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dietenak.
2025era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenukete, zein nahiko zenukete titularra edo albistea izatea?
2025 Kooperatiben Nazioarteko Urtea da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak azpimarratu du kooperatibek berebiziko garrantzia dugula garapen iraunkorra sustatzeko, pobrezia desagerrarazteko eta hazkunde ekonomiko inklusiboa sustatzeko. Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute da leloa, eta, horretarako egiten dugu lan egunero euskal kooperatibok: Euskal Autonomia Erkidego hobea eraikitzeko.
"Lortutako akordioa [...] Lanbiden dugun ordezkaritzaren aitorpen puntualetik harago doa. Urrats estrategikoa da, eta aukera ematen digu [...] gure enpresa ikuspegiaren islada izango duten enplegu-politika aktiboak garatzeko"
Nola ikusten duzu 2025a?
Bi gai nabarmenduko nituzke 2025 urterako: batetik, ASETTaren (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) irekiera, geurea Gizarte Ekonomiaren eta Kooperatibismoaren epizentro bihurtuko duena. Bestalde, Foru Aldundiekin lantzen ari garen zerga-erreforma. Guretzako funtsezkoa da eredu kooperatiboaren ekarpen sozial eta ekonomikoak aitortuko dituen zerga-esparru baterantz aurrera egitea, gero eta zorrotzagoa den testuinguru global batean hazkundea eta lehiakortasuna sustatzeko.
Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzea lortu duzue, urteetako aldarria. 2025era begira, nondik egin nahi dio ekarpena Konfekoopek mahai horri?
Lanbidek gaur egungo gizarteen ezaugarri den aniztasunaren isla izan behar du. Lan-merkatua etengabe eraldatzen ari da digitalizazioaren, trantsizio energetikoaren eta aldaketa demografikoaren ondorioz, eta aldaketa horrek eragin nabarmena du enpresek beren lehiakortasunari eusteko behar dituzten profil profesionaletan. Lanbidek irtenbide berritzaileak eskaini behar ditu zentzu horretan, enpresa kooperatiboak egiten ari garen bezala. Gure gain hartzen dugu konpromiso hori, gure herrian errotutako enpresa kooperatiba gehiago eta hobeak sortu, lurralde oparoagoa, lehiakorragoa eta kohesionatuagoa egiteko.