Samylabs, Ona EDM eta Fagor Automationek jaso dituzte fabrikazio aurreratuko berrikuntza sariak
Fabrikazio Aditibo sariak, Makinetakoa eta 4.0 kontzeptuetakoak jaso dituzte, hurrenez hurren. Samylabsek, gainera, start-up berritzailearen garaikurra ere lortu du
2024ko Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Berrikuntza Sariak antolatu ditu beste urtebetez AFM Clusterrak, eta gaur goizean Makina-Erremintaren Biurtekoaren testuinguruan BECen egindako sari banaketan, enpresa baten izena birritan errepikatu da: Samylabs. Batetik, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Berrikuntzaren Saria eskuratu du Derioko enpresak, ALBA 300: LBPBF teknologiako eta metalezko 3D inprimagailua proiektuagatik. Epaimahaiak nabarmendu du enpresaren "jauzi teknologikoa" azken urteotan, "produktu oso lehiakor batera iristeko iraganeko garapenetatik ikasiz". Bestetik, eta arrazoi beretsuengatik, Start-up Berritzaileenaren Saria ere irabazi du, sari banaketak dituen hiru kategoriatan hautagaitza aurkeztu duten enpresa guztiei gailenduz.
Samylabs, baina, ez da irabazle bakarra izan. Hain zuzen ere, Makina-Erremintako Berrikuntzaren Saria Ona EDM durangarrarentzat izan da, Fast Hole EDM Drilling teknologiako makinagatik. Epaimahaik aitortu dio "elektroerosioan egindako berrikuntza teknologiko disruptiboa". Izan ere, teknologia "guztiz berria" garatu dute horretarako. Bestalde, kategoria horretan bertan, Lagun Machinery Legutioko enpresak ere aipamen berezia jaso du Modelo EV.Z630, 5 ardatzeko mekanizazio-zentroa proiektuagatik.
4.0ko kontzeptuen Saria, edo bestela esanda, Digitalizazio eta automatizazio kontzeptuak fabrikazio-sistema aurreratuetan integratzeko Berrikuntzaren Saria Fagor Automation enpresari eman zaio, HMIelite: Gizaki-makina interfaze sistema (HMI) proiektuagatik. Epaimahaiak "zibersegurtasunarekin lotutako alderdiak" aintzat hartu ditu, "malgutasun, moldagarritasun eta pertsonalizazio handia eskaintzen duen produktuarekin, azken erabiltzaileari begira".
Garaikurrak banatzeko ardura izan dute Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Saileko Foru diputatuak, Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidenteak, Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendari nagusiak eta Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak. Epaimahaia, berriz, Beaz, BIC Gipuzkoa, CDTI, Eide, Ergogroup, Ihobe, Mondragon Unibertsitatea, Osalan, Spri, Tecnun-Nafarroako Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitateak osatu dute.
Berrikuntza Sarien banaketaz gain, AFM-SIF Fabrikazio Ingeniaritzako Elkartearen Saria ere banatu da. Makina-erremintaren sektorearekin lotutako gradu amaierako proiekturik onena aitortzen du. 2024ko edizioan, Ignacio Repiso Lopezek jaso du, UNS A97075 aluminio-aleazioaren pieza torneatuen azaleko osotasuna aztertzeko neurona-sareen aplikazioa proiektuari esker.