Senideak zaintzeko bost eguneko baimenaldiaz
Langileen Estatutuan txertaturiko eraldaketak bost eguneko baimenaldia eskatzeko aukera jasotzen du. Baina zein interpretazio egin dituzte auzitegiek? Zer gertatzen da kaleratzeekin?
Ekainaren 28ko 5/2023 Errege-lege dekretuak langileek enpresetan eska dezaketen baimenaldi-mota berria arautu zuen. Bada, baimenaldi horren helburua da bost egunez hainbat senide edo horiekin parekatutakoak zaindu ahal izateko lanean absente egotea. Hortaz, zaintzaren esparruan hartutako neurria da, ahalbidetzen duena inor kontratatu beharrik gabe, norbera arduratzea bost egun horietan senideez edo horiekin parekatutakoekin.
Gaur egun Langileen Estatutuak dioena
Ekainaren 28ko 5/2023 Errege-lege dekretuak Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluaren b) letra aldarazi zuen. Horren ondorioz, gaur egun, goian aipatutako baimenaldia aitortzen da.
Horrela, Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluaren arabera, baimenaldi hori bost egunekoa izan daiteke eta langileak egun horietan ordainsariak jasotzeko eskubidea izango du, nahiz eta lanean absente egon, betiere, aldez aurretik abisua eman eta absentzia justifikatu badu.
Baimenaldiaren helburua da bost egunez hainbat senide edo horiekin parekatutakoak zaindu ahal izateko lanean absente egotea. Hortaz, zaintzaren esparruan hartutako neurria da
Baimenaldia izan behar da hurrengo pertsona hauetakoren bat zaintzeko: ezkontidea, izatezko bikotea, bigarren gradurainoko odol bidezko edo ezkontza bidezko ahaideak, izatezko bikotearen bigarren gradurainoko odol bidezko senideak, eta baimenaldia zein langilek eskatu eta langile horrekin bizi den beste edozein pertsona, baldin eta langileak badu pertsona hori eragingarritasunez zaintzeko betebeharra.
Halaber, arrazoi hauetariko batengatik sortu behar da senide horiek edo senideekin parekatutako pertsona horiek zaintzeko premia: istripua, gaixotasun larria, ospitaleratzea eta ospitaleratzerik behar ez duen ebakuntza kirurgikoa, baldin eta azken kasu horretan etxeko atsedena behar bada.
Auzitegiek egindako interpretazioak
Edozenbat epai garrantzitsu eman dituzte auzitegiek Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluak araututako baimenaldia interpretatuz. Horregatik, ezinbestekoa da epai horiek esandakoa ere aintzat hartzea.
2024ko urtarrilaren 25eko Audientzia Nazionaleko epaiak (275/2023 errek. zk.) zehaztu du, 2019/1158 Europar Batasuneko Zuzentarauaren 6. artikuluarekin bat etorriz, baimenaldiko bost egun horiek zenbatzeko lanegunak baino ez direla kontuan hartu behar. Horregatik, 2024ko irailaren 12ko Audintzia Nazionaleko epaiak (167/2024 errek. zk.) adierazi du bost eguneko baimenaldia zenbatzen hasiko dela langilearen lehenengo lanegunetik, nahiz eta baimenaldirako arrazoia (senidearen istripua edo ospitaleratze larria kasu) jaiegun batean edo asteko atsedenaldian sortu.
2024ko urtarrilaren 25eko Audientzia Nazionaleko epaiak [...] zehaztu du baimenaldiko bost egun horiek zenbatzeko lanegunak baino ez direla kontuan hartu behar
2024ko uztailaren 11ko Audientzia Nazionaleko epaiak (146/2024 errek. zk.) ukatu du lan baldintzak funtsean eraldatzea denik enpresaburuak bertan behera uztea hitzarmen kolektiboan aitortutako hobekuntza, langileek egun batzuk libre izatearen inguruan, senidea ospitalean izateagatik kilometro batzuetara desplazatu behar direnean, baldin eta egun libre horiek bost egunetik beherakoak badira. Izan ere, horrelako kasuetan ulertu behar da Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluko bost eguneko baimenaldiak bere baitan hartzen duela hitzarmenean ezarritako hobekuntza. Horregatik, aurrerantzean, hitzarmenean araututako hobekuntzaz hitz egin ahal izateko, langileei aitortutako egun libreak bostetik gorakoak izan beharko dute, bosgarren egunetik aurrerako egunak izanik hobekuntza.
Ildo beretik, 2024ko apirilaren 23ko Asturiaseko Auzitegi Nagusiaren epaiak (11/2024 errek. zk.) argitu zuen aurretiaz zeuden hitzarmen kolektiboek senideak zaintzeko egun libre gutxiago aitortuz gero, Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluak ezarritako baimenaldia hartu behar dela kontuan, arauen arteko hierarkian hitzarmena beherago kokatzeagatik.
2024ko ekainaren 27ko Galiziako Auzitegi Nagusiak [...] adierazi du bost eguneko baimenaldiaren kasuan, langileek ez dutela egiaztatu behar zaindu beharreko senidearekin bizi direnik
2024ko ekainaren 27ko Galiziako Auzitegi Nagusiak (17/2024 errek. zk.) adierazi du bost eguneko baimenaldiaren kasuan, langileek ez dutela egiaztatu behar zaindu beharreko senidearekin bizi direnik.
2024ko uztailaren 24ko Audientzia Nazionaleko epaiak (157/2024 errek. zk.) argitu du ospitaleko altak ez duela zuzenean eragiten bost eguneko baimenaldia bukatzea. Horrenbestez, langileak eskubidea du baimenaldiarekin jarraitzeko, baldin eta ospitaleko alta jaso arren senideari agindu bazaio etxean atseden hartzea. Konparazio baterako, horrek esan nahi du langileak senidea ospitalean 3 egunez izan badu, kasu horretan beste 2 egunez egon ahal izango dela etxean senidea zaintzen. Gauza bera adierazi du, berebat, 2024ko urriaren 21eko Aragoiko Auzitegi Nagusiak (776/2024 errek. zk.).
Baimenaldia eskatu edo egikaritzeagatiko kaleratzeen aurkako babesa
Ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuak Langileen Estatutuaren 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluak eraldatu zituen, besteak beste, 37.3.b) artikuluko bost eguneko baimenaldia eskatu duten langileen edo baimenaldi hori duten langileak kaleratzea saihesteko.
Eraldaketa horren arabera, auzitegiek baimenaldi hori eskatzeagatik edo izateagatik gauzatutako kaleratzeak deusez gisa kalifikatu behar zituzten. Gainera, deuseztasun hori objektibo moduan arautu zen. Bestela esanda, nahikoa zen kaleratutako langileak adieraztearekin baimenaldia eskatzearen edo egikaritzearen ondorioz kaleratu zela, enpresaburuak frogatu behar izareko kaleratzeak ez zuela zerikusirik baimenaldiarekin. Ezbairik gabe, deuseztasun objektibo horrek hobeto babesten ditu langileak, frogaren zama aldaraztea dakarrelako. Horrela, enpresaburua ez bada gai frogatzeko kaleratzeak ez duela zerikusirik izan langileak baimenaldia eskatu edo egikaritzearekin, kaleratzea deuseza izango da, eta enpresaburuak nahitaez onartu beharko du berriro langilea enpresan.
Ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuak Langileen Estatutuaren 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluak eraldatu zituen. [...] Eraldaketa horren arabera, auzitegiek baimenaldi hori eskatzeagatik edo izateagatik gauzatutako kaleratzeak deusez gisa kalifikatu behar zituzten
Tamalez, abuztuaren 1ko 1/2024 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza parekideari eta presentzia orekatuari buruzkoak, akats larri baten ondorioz, ezerezean utzi zuen hori guztiori (horren inguruan aztertu genuenari buruzko informazioa kontsulta daiteke hemen).
Nolanahi ere, abenduaren 19an Diputatuen Kongresuan izandako osoko bilkuran akats hori konpondu da, Justiziaren Zerbitzu Publikoaren efizientziarako neurriak hartzeari buruzko Lege Organikoaren Proiektuan. Zehatzago, arau horren 19. xedapen gehigarriaren bidez Langileen Estatutua eraldatu da, 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluek berriro izan dezaten ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuak emandako idazkera. Gainera, proiektu horri begira Senatuak jarritako betoa gainditu denez, laster argitaratuko da lege organiko hori Estatuko Aldizkari Ofizialean.