Siemens Gamesaren egoitza nagusia Zamudion (Bizkaia)

ENPRESAK GAUR

Siemens Gamesa: iragarritako bukaera baten kronika

Siemens Energyk enpresaren akzio guztiak eskuratzeko eskaintza egin du. Sinergiak lortu nahi ditu Siemensek eta horrek, Gamesaren errotzea ezbaian jartzeaz gain, lanpostuak galtzea ekar lezake

Larunbat gauean komunikatu zion Siemens Energy enpresak Espainiako Balore Merkatuen Batzordeari (CNMV) oraindik kontrolatzen ez duen Siemens Gamesa enpresaren kapitala erosteko eskaintza publikoa (EEP) egingo duela. Izaera baztertzailea du eskaintzak, hau da, Siemens Energyri bere akzioak saltzen ez dizkionak ezingo ditu gero burtsan saldu. CNMVk Siemens Energyren eskaria onartu behar du, baina ez dirudi arazorik izango denik.

Siemens Energyk ez du itxaron nahi izan burtsak ireki arte, eta Gamesaren kapitalaren % 32,9 erosteko eskaintza egitea erabaki du. Erosketa osoa 4.000 milioi eurotan baloratuta dago. Dirutan, talde alemaniarrak 18,05 euroko eskaintza egin du akzio bakoitzeko. Ostiraleko kotizazioa 16,75 eurotan itxi zen. Talde alemaniarraren EEPk, hortaz, % 7,7ko prima baino ez du eskainiko. Kopuru hori 2020ko otsailean Iberdrolari ordaindu zizkion 20 euroetatik oso urrun dago. Siemens Energyk, baina, % 27,7ko prima eskaintzen duela adierazi du, maiatzaren 17ko prezioarekin alderatuta. Egun horretan eskaintza publikoa egiteko aukera zabaldu zuen enpresa alemaniarrak, eta akzioaren kotizazioaren gorakada eragin zuen.

Alemaniako taldearen aurreikuspenen arabera, eskaintza datorren irailean gauzatu daiteke, operazioa urte amaieran erabat itxiz. Konpainiak argi dauka akzioen bazterketa lortu nahi duela. Horregatik kapitalaren % 75era iristen bada, burtsan akzioak erosteari ekingo dio. Araudiak kapitalaren % 90 baino gehiago izatera behartzen du bazterketa sustatzeko eta akzioak merkatutik ateratzeko. Hori de enpresaren helburua.

Sinergiak

Konpainia alemaniarrak adierazi du "transakzioak zuzendaritzaren ahaleginak babestuko dituela Siemens Gamesa Renewable Energyren egungo erronkei aurre egiteko, eta balioa sortuko duela bi enpresetako akziodunentzat". Eragiketatik sortutako taldea "posizio onenean egongo dela haize-energiaren hazteko potentziala erakartzeko eta bere bezeroei trantsizio energetikoan laguntzeko", esan du. "Sinergiak" aipatu ditu konpainiak eragiketa azaltzeko. Izan ere, urtero 300 milioi euroko aurrezkiak lortzea aurreikusi du hurrengo hiru urteetan. "Transakzioari esker, balioa sortu ahal izango da egitura korporatibo sinplifikatu baten bidez, estrategia bateratu baten bidez, eragiketa integratuen bidez", nabarmendu du. 

Sinergiak aipatu ditu konpainiak eragiketa azaltzeko: urtero 300 milioi euro aurreztea ahalbidetuko dute

Horrelako eragiketetan sinergia hitzak lanpostuen galera ekarri ohi du. 2017an sartu zen Siemens taldea Gamesan. Geroztik, hainbat eraldaketa burutu ditu, eta, horien ondorioz, 1.500 lanpostu inguru galdu dira. Lau lantegi itxi ditu, Agoitzekoa (Nafarroa), besteak beste. Gaur egun Euskal Herrian 2.500 lagun inguruk egiten dute lan konpainiak dituen lau lantokietan. Talde alemaniarrak "egitura korporatibo sinplifikatua" aipatzeak kezka sortu du langileen artean. Zamudion (Bizkaia) dago egoitza gaur-gaurkoz, eta bertan daude zerbitzu zentral nagusiak. Sinergiek, hortaz, lanpostuen galera nabaria ekar dezakete zerbitzu horietan. 

Larunbateko komunikatuan Siemens Energyk ez zuen egoitza nagusiaren inguruko aipamenik egin. Gaur egun Zamudion (Bizkaia) badago ere, azken hilabeteetan zuzendaritza postu asko Madrilera joan dira. Enpresak hegaldi-konexioen falta nabarmendu zuen Bizkaitik Madrilerako aldaketa argudiatzeko. Akzioen erosketa eskaintza gauzatuta, Siemens Gamesaren euskal errotzea ezbaian egon daiteke. Talde alemaniarrak ez du momentuz etorkizuneko asmorik azaldu, baina larunbateko komunikatuak "sinergiak" eta "zentralizatzerako asmoa" aipatzea oso argigarria da. Siemens Gamesa eta Siemens Energyren arteko fusioa planteatu liteke, esaterako. Horrek erabakigunea are gehiago urruntzeaz gain, egoitza nagusia Euskal Herritik ateratzea ekarriko luke.

Finantza egoera okerra

Siemens Gamesaren finantza egoera nabarmen okertu da azken urteotan. Urtebetean hiru profit warning edo mozkinen berrikusketa egin ditu, eta zuzendaritzan aldaketak egin ditu. Bi urte eta erdian, ia 2.000 milioi galdu, eta gero2021eko urrian hasi duen ekitaldiaren lehen seihilekoan 780 milioi euroko galerak izan ditu. Apirilaren 17an 2022rako aurreikuspenak okertu zituen enpresak, fakturazio helburua % 9 jaitsita. 

Enpresak bazuen 5x haize-turbina berriarekin kontuak bideratzeko itxaropena. Bidea, baina, ez da samurra izaten ari. Abiatzeko prozesuan akatsak izan dira, eta metalaren prezioen gorakadak eta hornidura kateetako kolapso egoerak bere errentagarritasunari eragin dio. Hainbat kontratuk ez zuten jasotzen materialen kostuaren gehikuntza erasateko klausularik eta horrek galera nabariak ekarri dizkio Gamesari. 

Bi negozio ildo nagusi ditu, lurreko haize-generadoreen negozioa eta itsasoan kokatutako generadoreena. Lurreko negozio ildoa da okerren dabilena

Bi negozio ildo nagusi ditu Siemens Gamesak: onshore edo lurreko haize-generadoreen negozioa, eta offshore edo itsasoan kokatutako generadoreena. Siemens indartsua zen offshore merkatuan, eta onshore merkatuan, berriz, Gamesa. Bi enpresen arteko fusioak bi negozio ildoak elkartu zituen. Negozio ildo osagarriak, hortaz. Arazoek nagusiki lurreko negozioari eragiten diote, kostuak askoz handiagoak baitira. Kudeaketa administratiboko arazo gehiago daude, eta haizea urriagoa da. Itsasoak, aldiz, segurtasun handiagoz eskaintzen ditu beharrezko oinarrizko haizearen 5.000 orduak, erregulartasun eta iraunkortasun handiagoz, gainera. Inoiz enpresaren arduradunek lurreko negozioa "zamatzat" definitu izan dute. 

Badirudi, beraz, konpainiak, egoera bideratu nahian, offshore negozioaren aldeko hautua egin duela. Apirilean Erresuma Batuko SSE enpresari 3,9GWeko lurreko aktiboak saldu zizkion 580 milioi eurotan. Espainia, Frantzia, Italian eta Grezian kokatuko proiektuak saldu zizkion. Estrategia honek Gamesatik etorritako negozioari kalte egiten dio.

Ea 50 urteko historia

Gamesa Gasteizen (Araba) eratu zen 1976an. Robotika, mikroelektronika, ingurumena edo material konposatuak bezalako negozio-alorretan egiten zuen lan. Aeronautikaren alorrean hegazkin eta helikopteroetarako osagarriak ere egiten zituen. 2006an negozio aeronautikoa Aernnova enpresari saldu zion, eta teknologia eolikoari ekin zion. Mundu mailako erreferentea izan da Gamesa hainbat urtez. Horren adibide izan zen 2011an Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak Gamesak Filadelfian zuen lantegira egindako bisita. 

1990ean IBV korporazioa Gamesaren akziodun nagusia bilakatu zen. Enpresen sustapena zuen helburu Iberdrolak eta BBVAk eratutako IBV korporazioak. Garai horretan Gamesaren lan esparru nagusia aeronautika zen.1994ean abiatu zuen haize-energiaren negozio-ildoa. Urteak aurrera egin ahala, Iberdrolak IBVri akzioak erosi zizkion eta 2008an Gamesako akziodun nagusia izatera heldu zen.

2006an negozio aeronautikoa Aernnova enpresari saldu zion eta teknologia eolikoan kontzentratu egin zen.

Gamesak hasieratik ekin zion nazioartekotzeari. 2001ean, esatareko, Portugal, Frantzia, Grezia, Erresuma Batua, Irlanda, AEB eta Txinan saltzen zuen eta hurrengo urteetan are gehiago hedatu zen. Munduan barrena lantegiak ireki eta atzerriko enpresak erosi izan ditu. 2004an AEBn eta Txinan lantegiak ireki zituen, eta 2010ean Brasilen. Hedapena Iberdrolaren eskutik heldu zen, bi konpainiak erabat osagarriak zirelako. Gamesak offshore merkatuan sartzeko ahalegina egin zuen Frantziako Areva enpresarekin batera, baina ez zuen arrakastarik izan.

2016an Siemensekin batu zen. Eragiketa horretan Siemensek konpainia berriaren % 59 lortu zuen. Iberdrola akziodun gisa mantendu zen fusionatutako enpresa berrian, baina akziodun nagusiarekiko harremanak asko gaiztotu ziren. Bi konpainien artean guda bizia zabaldu zen. Iberdrolak salatu zuenSiemens Gamesak informazio nahikorik ez ziola ematen, eta epaitegietara jo zuen. Markus Tack Siemens Gamesaren konteilari ordezkariak lekuko gisa deklaratu behar izan zuen. Egoera baretu egin zen, eta 2020an Iberdrolak Siemensi akzioak saltzea adostu zuten. Bilakaera ikusita Iberdrolak negozio ona egin zuela esan daiteke. 1.100 milioi euro jaso zituen enpresa elektrikoak, 20 euro akzio bakoitzeko. Larunbat gauean Siemens Energyk proposatutakoa baino garestiago, alegia.

Gamesa eta Simensen arteko fusioa egin zenean zalantza handiak egon ziren konpainia berriaren errotzearen inguruan. Egoitza nagusia Bizkaian mantentzea adostu zen. Iberdrolak bere akzioak saldu zituenean, errotzea berriro ere ezbaian jarri zen. Larunbat gauean aurkeztutako erosketa eskaintzak ezkortasuna areagotu besterik ez du egin. Erabakiguneak Euskal Herritik urruntzea ekar lezake.