La Sinsorga, kultura eta pentsamendu feminista hauspotzeko gunea
Bilboko alde zaharrean kokatutako kulturguneak eskari handia nabari du produkzio feministan. Proiektuaren lehen momentutik komunikazio kanpaina indartsua izan dute bidelagun, eta bultzada handia eman dio urtebete eskaseko ibilbidea ondu duen egitasmoari
Kultura arloan beharrizana nabari dute La Sinsorga kulturgune feministaren sortzaileak diren Andrea Momoitiok eta Irantzu Varelak. Beharrizana feminismoaren ikuspuntutik alegia, eguneroko entretenimenduan feminismoak ekarpena egin ahal duela argi dutelako. Bilbon pentsamendu feministaren garapenaren eta dibulgazioaren txokoa bilakatzeko helburua du La Sinsorga egitasmoak eta, 2022ko ekainean sortua, topagunea handitzen eta hobetzen jarraitu nahi dute. 400 bazkide dituzte egun.
Momoitio eta Varela Pikara Magazine aldizkariko kazetari oihak dira eta, bertan lanean izanik, pentsamendu feministaren beharrizan hori aztertu zuten. Momoitiok uste du hainbat erakundek feminismoaren aldeko lana egiten dutela, baina espazio jakin baten beharra zegoela argi zuen: “topagune baten beharra zegoen, erreferentziazko puntu bat”. Hutsunea ikusita, Varelarekin batera aurrera atera zuten proiektua, egunerokotasunean feminismoari txoko hori eskaintzeko. Askao kalean kokatuta, lau solairuko egoitza dute arnasgune La Sinsorgan, taberna, denda zein agenda baten baitako jarduera eskaintza.
Askao kalean kokatuta, lau solairuko egoitza dute arnasgune La Sinsorgan, taberna, denda zein agenda baten baitako jarduera eskaintza
Eraikina, berez, ezkontzetarako soinekoak saltzen zituen denda bat zen hasiera batean. Hura berritu, eta ideiak batu zituzten egitasmoari ekiteko. Lehenengo solairuan ostalaritza jarduera gauzatu dute, bigarren solairuan denda ezartzeko. Hirugarrenean agenda feminista kulturala aurrera eramaten dute; solasaldiak, kontzertuak, bakarrizketak zein tailerrak prestatzen dituzte bertan. “Eraikinak berak ezarri digu erritmoa”, azpimarratu du Momoitiok. Azken pisua bazkideentzako erabiltzen dute, berau alkilatzeko aukera emanik. “Feminismoa entretenimendura hurbildu nahi dugu”, gehitu du.
400 bazkide
Egun, La Sinsorga egitasmoak 400 bat bazkide ditu, proiektua beraren oinarria direlarik. Kulturgunea sortzeko joan-etorriak laburbildu nahi izan ditu ekintzaileak: “Mailegu bat eskatu genuen, baina ez genuen ezer abala ezartzeko”. Egoera iraultzeko baina, abala bermatzeko bazkideei proposamena egin zieten. Zortzi urteko alokairua kontratatu dutenez, zortzi urte horien kuota ordaintzea proposatu diete bazkideei, ekarpen ekonomikoa handiagoa izanik. Bazkideek 8 kuotak aurreratu eta proiektuari babes handiagoarekin ekin zieten: “bazkideek egin dute posible La Sinsorga”.
Finantzazio metodologia jakin bat eraman nahi izan dute, kultura jarduera guztiak, denda zein ostalaritza aurrera eramateko. Hala ere, ostalaritzak gainontzeko ekimen “ia” guztiak mantentzen dituela argitu du Momoitiok, hura aldatzeko premia dutela nabarmenduz. “Jarduera bakoitzak bere burua finantzatzea dugu helburu, baina urrun gaude hori lortzetik”. Etorkizunera begira, kontzertuetan, hitzaldietan zein tailerretan sarrera jakin bat ezartzeko plana dute, baina aztertzeko zerbait dela oraindik azpimarratu du ekintzaileak. “Ekimenen balioa baloratzen ikasi beharra daukagu, hortik sarrerak ezartzeko kontuarena”. Agenda hura aurrera eramateagatik, bestalde, dirulaguntzak jasotzen dituzte Emakundetik zein Bilboko Udaletik.
Andrea Momoitio: “Jarduera bakoitzak bere burua finantzatzea dugu helburu, baina urrun gaude hori lortzetik"
La Sinsorga eredu “arrakastatsua” dela aldarrikatu du Momoitiok, ostalaritza espazio baterako “ohikoa” ez dena. Topagunearen lehen egunetan egindako komunikazio kanpainari dagokio arrakasta, informazio eskaintza “oso ona” burutu zutelako. “Hasi eta gutxira Ángels Barcelók elkarrizketatu gintuen”. Sare sozialetan zein komunikabideetan izan duten harrera nabarmena izan dela ere mahaigaineratu du, informaziorako ahalmen handia dutela gehituz. “Inpaktu izugarria izan genuen hasieran”.
Ospea bide eginez, ostalaritza talde “indartsua” eratu dute, baina handitzeko helburuari ez diote uko egiten. Kulturguneko dendako kudeaketa, esaterako, hobetu beharra dutela uste du Momoitiok: “Hornitzaile txikiekin lan egiten dugunez, saltzen dugunaren erritmoa ez da produzitzen denaren antzekoa”. Logistika kontu horiek konpondu eta dendari indarra eman nahi diote, bai eta beste jarduerei ere: “Aurreko astean hitzaldi oso interesgarri bat izan genuen, baina ezin izan nuen prentsa-oharra prestatu ezta dibulgazio handiagoa eman”. Horrelako kopuru informatiboari aurre egiteko “ahalmena” falta zaie oraindik. Normala dela uste du ekintzaileak, denbora gutxi dutelako soinean: “urtebete ere ez dugu egin”.
Andrea Momoitio: Argi dugu feminismoak literaturan edota mundu akademikoan izan duen eragina, baina publikoa orain ari da konturatzen kulturaren beste arlo batzuetan feminismoak eman ahal duenaz”
Feminismoari espazioa eskaintzen diote La Sinsorgan, kultura arloan batez ere. Kultura eta feminismoa batuta, Momoitiok egungo egoeraren analisia egin du: “interes handia dago produkzio feministaren inguruan”. Egoitzan antzerkiak, salsa klaseak zein antzeko ekintzak prestatzen dituztenean zerrendak “10 minututan” betetzen direla azpimarratu du, eskari handiari so eginez. Horrelako ekintzak “espazio seguru” batean egitearen garrantziaz aritu da, “disfrutatzeko” gogoak daudela gehituta. “Argi dugu feminismoak literaturan edota mundu akademikoan izan duen eragina, baina kultura arloan publikoa orain ari da konturatzen feminismoak eman ahal duenaz”, argudiatu du. Ekarpen horiek oso “urratzaileak” dira haren aburuz, eta horrek interesa sortzen du.