Emisiorik gabeko ibilgailuak 2025 urteko azken hiruhilekoan entregatuko dira | Argazkia: Europa Press

ENPRESAK GAUR

126 autobus elektriko ekoitziko ditu Solarisek Herbehereetarako

Transdev eta Arriva operadoreekin sinatutako hitzarmena 90 milioi eurokoa da

CAF taldeko Solaris enpresak 126 autobus elektrikoz hornituko ditu Herbehereak. Kontratua sinatu du Transdev eta Arriva operadoreekin, eta hurrenez hurren, 96 eta 30 autobus elektriko ekoitziko dizkie. Sinatutako hitzarmenak 90 milioi euroko prezioa du.

Transdev Nederland Holding izeneko enpresa Herbehereetako garraio operadore handienetariko bat da, eta Urbino gamako lau ibilgailu modelo eskatu dizkio Solarisi. Emisiorik gabeko ibilgailu horiek 2025 urteko azken hiruhilekoan entregatuko dira. Ez da Transdev eta Solarisek hitzarmena sinatzen duten lehen aldia, ordea: Connexxion izena duen enpresa nederlandarraren filialari hidrogenozko hogei autobus eman zizkion Solarisek, eta funtzionamenduan daude duela hiru urtetatik.

Arrivari ekoitziko dizkion autobusetatik hogeita sei Urbino gamakoak izango dira, eta gainerako lauak hemezortzi metroko luzera izango dute. Ibilgailu horien diseinuak erabiltzaileentzako toki handiagoa eskaintzen du, eta bateriak soilik sabaian kokatzen dira.

Hemezortzi metroko luzera duten Solaris Urbino 18 autobusak “2025 urteko autobus” saria irabazi zuen IAA Transportation ferian. Hidrogeno bidez propultsatzen dira autobusak, eta depositua behin betetzearekin 600 kilometro egiteko gai dira.