Ballonti industriaguna| Argazkia: Sprilur

ENPRESAK GAUR

Industria eraikin berriko obrak amaitu ditu Sprilurrek

Ortuellako Ballonti izeneko poligonoan dago kokatuta, eta 1.633 metro karratu ditu

Sprilurrek 1.633 metro karratuko industria eraikin berria eraiki du. Sprilur Spri Taldearen barnean dago, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikita dago. Taldea urrian hasi zen eraikin berriaren obrak egiten, Ortuellako Ballonti izeneko poligonoan (Portugalete). Taldeak adierazi duenez “Ezkerraldeko industrialde horretan duen 2.258 metro karratuko gehieneko eraikigarritasuneko azken partzela da”, eta, hortaz, obrak amaitzean guztiz amaituko da poligonoko azalera eraikigarria.

Eraikuntza berriak hainbat zerbitzu ditu: ibilgailuentzako sarbidea, euri-urak eta ur beltzak husteko sarea, baita telekomunikazio hornidurak ere. Eraikinaren barnean mugikortasunerako espazio nahikoa egon dadin egituratu da gunea, 18,75 x 58 metroko eta hamar metroko altuera libreko pabiloi garbi gisa. Hala, kamioi artikulatuek aukera izango dute kaian deskargatzeko, besteak beste.

Sprilurrekoek azaldu dute eraikuntzarako erabili diren elementuak pieza prefabrikatu “jasangarri” eta “birziklagarriak” direla, “ingurumeneko jardunbide egokiko protokoloa” kontuan hartuta. Eguzkiaren energia ere aprobetxatuko dela gaineratu dute, fatxadaren gainean dauden zenbait espazioren bidez.