Ereduak
Subiranotasun energetikoa berreskuratzeko bidean
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Goiener, eta energia berriztagarria merkaturatu eta sortzeaz arduratzen da
Duela hamarkada bat sortu zen Goiener, ingurumenarekiko kezkaz, Euskal Herrian zegoen energia berriztagarri ezaz eta menpekotasun energetiko zein ekonomikoaz arduratuta ziren pertsona talde batek sustatuta. Ipar Europako energia kooperatiba ereduetan inspiratuta, “energia era demokratiko eta jasangarri batean, tokiko baliabideak erabiliz eta herriarentzat izateko asmorekin erabaki genuen proiektua abiaraztea”, dio Santiago Ochoa de Eribek, egun kooperatibako zuzendaria denak.
Hasiera batean, argindarraren salmentan aritzen zen kooperatiba, hau da, energia berriztagarria erosi, ondoren merkaturatzeko. “Gure etxebizitzetako, negozioetako edo beste edozein argindar erabiltzaileren faktura kudeatu dezakegu”, azaldu du zuzendariak. Gerora, euren jarduera hedatzen joan da, eta 2018an, energia berde propioa ekoizteari ekin zioten. Hernanin zentral hidroelektriko bat erosi zuten, eta Oñatiko Ur Jauzietan akziodun bezala parte hartzen dute, akzioen %10ekin. Autokontsumoaren aldeko apustua ere egin dute azken urteotan. “2018-2019 inguruan, gauzak aldatzen hasi zirela ikusi genuen, eta lehenengo proiektu propioak garatzen hasi ginen, eguzki plakak ipintzen, besteak beste. Jada zortzi ikastoletan jarri ditugu geure plakak”.
Hori gutxi balitz, kasik hastapenetatik, bazkideei aholkularitza zerbitzu iraunkor bat eskaintzeaz ere arduratu da kooperatiba. Hitzaldi eta tailerren bidez, kontsumo eraginkorrago bat sustatzen saiatzen dira, eta kontratu desberdinak dituzte, euren bazkideei egokitzeko.
Santiago Ochoa de Eribe: “Energia era demokratiko eta jasangarri batean, tokiko baliabideak erabiliz eta herriarentzat izateko asmorekin erabaki genuen proiektua abiaraztea”
Era berean, txirotasun energetikoaren fenomenoa ekiditearren, udalerriekin zenbait proiektu propio sustatu dituzte. “2020tik hona, energia komunitateen zerbitzu aholkularitza garatzen ari gara. Hamalau bat energia komunitate berri hedatzen ari gara, besteak beste, Hernanin eta Orexan”, dio Ochoa de Eribek.
20.000 bazkide baino gehiago ditu gaur Goienerrek. Ochoa De Eriberen esanetan, “ehun udal baino gehiago daude bazkidetuta, udalerri txikiak batik bat”. Kooperatibak “bidelagun moduan” dihardu, hala nola ingeniaritza mailan, bulego teknikoan edota baldintza-agiriak jorratzen. “Norbanakoei eta enpresei, bai sorkuntza eta kontsumo aldetik, bideragarritasun azterketak egiten dizkiegu aurretik”, gehitu du.
Erabakiak bazkideen esku
Euskal kooperatibak eskaintzen dituen zerbitzu guztien gainetik, jomuga nagusi bat du: subiranotasun energetikoa berreskuratzea. “Egun pairatzen ari garen merkatuko prezioak ikusita, erabakiak gure esku egotea bilatzen dugu guk. Azken finean, merkatuan gertatzen dena islatzen dugu. Geure buruari nahi dugun prezioa jartzeko eta merkatutik ateratzeko, energia ekoizpen unitate nahiko izan nahiko genuke. Elikagaiekin kontsumo taldeak sortzen diren bezala, antzeko zerbait egin nahi dugu energiarekin”, azpimarratu du zuzendariak.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, Goienerren erabakiak bazkideen esku daude. Ochoa de Eriberen arabera, ez dira langile kooperatiba bat, kontsumitzaileen kooperatiba baizik. “Bezeroak baino lehenago bazkideak ditugu eta erabakiak hartzeko orduan, barne prozesuetan parte hartzen dute”. Hein horretan, fidagarritasuna aipatzen du zuzendariak kooperatibaren indargune bezala. Izan ere, “guk gure bazkideari ezin diogu iruzurrik egin. Hanka sartu dezakegu, baina iruzurrik inoiz ez”.
Santiago Ochoa de Eribe: “Geure buruari nahi dugun prezioa jartzeko, eta merkatutik ateratzeko, energia ekoizpen unitate nahiko izatea gustatuko litzaiguke”
Halaber, bazkideek, kooperatibaren bitartez, sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitzeko parada dute. Xede horrekin sortu zuten Nafarkoop kooperatiba. “Proiektu berri bat garatzean kapital irekiera egiten dugu. Borondatezko ekarpena egin dezake bazkide bakoitzak, hau da, dirua nahi duenak jartzen du bakarrik. Nafarkoopera bideratzen dugu kapital ekarpen hori”, nabarmendu du Ochoa de Eribek. Azkeneko hiru proiektuak ikastoletan gauzatu dituzte, eta Martin Ugalde Kultur Parkeko autokontsumo partekatu bat garatzeko proiektua dute eskuetan orain.
Kontsumo jasangarri eta eraginkorragoa sustatzen
Multinazional handiekin alderatuta, ekonomikoki gauzak egiteko “beste era bat” jorratzen du Goienerrek. “Irabazi asmorik gabeko ekimena izateak ez du bideragarriak ez garela esan nahi. Beste balio batzuk lantzen ditugu, gizarteari ekarpena egin nahi diogu. Bazkideei argindarra eskaintzeaz gain, beste zerbitzu batzuk garatzen ditugu, esaterako, gure ohiturak aldatzen edota gutxiago kontsumitzen lagunduz”, azpimarratu du zuzendariak. “Gutxiago kontsumitzea bilatzen dugu, eta horrek fakturaren prezioa murriztea esan nahi du”, gaineratu du.
Euskal kooperatibak Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Ordizian ditu egun bulegoak, eta Arrasaten beste bat irekitzeko asmoa dute. Hazten jarraitu nahi badute ere, gizarte guztira heltzea ezinezkoa dela jakitun dira. Ochoa de Eribek dio argi duela energia sektorean jendeak prezioa begiratzen duela gehienbat, eta badakitela inoiz ez direla merkeenak izango. “Gure proposamena bestelako balioekin lotuta doa. Energia sistemaren barne aldaketa zein gure inguruarena bilatzen dugu”.
Euskal kooperatibak Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Ordizian ditu egun bulegoak, eta Arrasaten beste bat irekitzeko asmoa dute
Euren jarduera dibertsifikatu nahian dabiltzala ere aitortu du. Zerbitzu energetikoak “ikuspegi integral” batetik eman nahi dituzte, eta batik bat bazkideei era jasangarriagoan kontsumitzen lagundu nahi diete, hala fakturak murrizteko, “bizitzen ari garena ez baita batere jasangarria”.