Sunsundeguiko langileek manifestatzera deitu dute enpresa eta enpleguak defendatzeko
Altsasuko konpainiak beharrezkoa du inbertitzailea aurkitzea, 48,8 milioi euroko zorrari aurre egiteko
Sunsundeguiko langileek manifestaziora deitu dute urtarrilaren 19an, alegia, datorren igandean. Izan ere, Altsasun kokatuta dagoen konpainia hartzekodunen konkurtsoan dago azaroaz geroztik, eta abendutik konkurtso-administraziopean. Lantegiko enplegatuei aldi baterako erregulazioko espedientea ezarri zaie, eta igandean bertan beste hiru hilabetez luzatuko da. Horregatik, manifestatzera dei egin dute, lantegiaren etorkizuna bermatu dadin, baita langileen enpleguaren alde ere.
Konpainiak 48,8 milioi euroko zorrari egin behar dio aurre; ondorioz, ezinbestekoa da inbertitzailea aurkitzea. Hainbat aukera mahaigaineratu diren arren, orain arte ez da hitzarmenik lotu. Enpresak aldarrikatu du lana badagoela: “Sunsundeguik badu produktua, eta hura saltzeko merkatua”.