Supermerkatu inklusiboen arrakasta
Gureakek eta Eroskik frankizia bidezko lau supermerkatu dituzte elkarlanean irekita Euskal Herrian. Desgaitasunen bat duten langileek kudeatzen dituzte osorik, errentagarritasun handia lortuz
Zortzi urte beteko dira aurten desgaitasunen bat duten pertsonek osorik kudeatutako Euskal Herriko zein Espainiako lehen supermerkatua ireki zenetik. Eroski eta Gureaken arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen 2015ean Azpeitian, eta modeloak sendo jarraitzen du. Gaur egun, Azpeitikoaz gain, halako beste hiru supermerkatu daude: bi Gasteizen eta duela bi hilabete Soraluzen ireki zena. Guztiak ere saltoki txikiak dira, hamar hamahiru langilez osatuak. Baina, zer izan behar da kontuan halako supermerkatu batek behar bezala funtziona dezan?
Produktuak dagokien apaletan kokatzea, bezeroei kobratzea, ogia labean egitea, supermerkatua garbitzea, elikagaien iraungitze-data egiaztatzea edota apalak berrikustea dira Eroskik Gureakekin lankidetzan dituen supermerkatuetako zereginetako batzuk, beste saltokietan dituzten berberak. “Desberdintasun bakarra plantilla da, langile guztiek dutelako desgaitasun fisiko edo intelektualen bat”, azaldu digu Maria Viguera Gureakeko proiektuaren arduradunak, “baina lanpostuak ezin hobeto kubrituta daude”.
Maria Viguera: “Desberdintasun bakarra plantilla da, langile guztiek dutelako desgaitasun fisiko edo intelektualen bat, baina lanpostuak ezin hobeto kubrituta daude”
Gureak enpresak egindako hautaketa-prozesu baten ondoren aukeratuak izan dira langile guztiak eta Eroskiren beste denda batean trebatuak izan dira aldez aurretik. “Ingeniari talde batek supermerkatu batean egin beharreko jarduera guztien azterketa zehatza egiten du lehendabizi, lan bakoitza ahalik eta gehien nola sinplifika daitekeen ikusteko. Egokitzapen horren bidez, lan oso errepikakorrak edota autonomia gehiago behar duten lanak bereizi egiten ditugu. Beraz, laguntza premia gehien behar dutenak lan errepikakorretara edo errazagoetara bideratzen ditugu”, azaldu du Viguerak. Baina, ez da hor amaitzen: “Denda bat ireki aurretik bizpahiru hilabeteko formakuntza bat egin behar izaten dute lanera doazenek, lan-prestatzaile batekin. Bakoitzak bere prestatzailea izaten du, egin beharrekoa ongi ikasten laguntzen diona”, gaineratu du. Era berean, behin supermerkatua irekitakoan ere, denbora batez laguntzailea alboan izaten dutela azaldu digu, arazoren bat egonez gero ere laguntza izan dezaten.
“Lan oso errepikakorrak edota autonomia gehiago behar duten lanak bereizi egiten ditugu. Beraz, laguntza premia gehien behar dutenak lan errepikakorretara edo errazagoetara bideratzen ditugu”
“Errentagarritasuna beste edozein Eroski supermerkatu baten berbera da”
Laguntza premia handiena dutenek, lehentasuna
Gureaken ia 5.800 pertsonak egiten dute lan eta horietatik %84k desgaitasunen bat du, izan intelektuala, fisikoa, zentzumenekoa edota gaixotasun mentala. Horietan, badira laguntza premia handia duten pertsonak ere, Gureaken arabera, %57 inguru. Gurutze Zabala, Gureakeko zerbitzuen dibisioko zuzendariak argi azaldu du lehentasuna ematen dietela laguntza premia handiena dutenei: “Autonomia gehien dutenen aldeko apustua egin beharrean, laguntza gehien behar dutenen aldekoa egin dugu, gizartean orokorrean zailagoa delako halako pertsonak lan munduan txertatzea. Beraiei laguntzea eta aukerak eskaintzea da gure misioetako bat, betiere behar dituzten egokitzapenak eta ikuskapena bermatuta”. Eroskirekin irekitako supermerkatuen kasuan, langileen %45-%50 laguntza premia handiena duten pertsonak dira.
Gurutze Zabala: “Autonomia gehien dutenen aldeko apustua egin beharrean, laguntza gehien behar dutenen aldekoa egin dugu, gizartean orokorrean zailagoa delako halako pertsonak lan munduan txertatzea”
Bakoitzaren beharrak eta nahiak zeintzuk diren jakiteko, elkarrizketa prozesu luzea egiten dute Gureaken: “Orain arte bakoitzak lan-munduan egin duen ibilbidea jakitea oso garrantzitsua da, baina baita bakoitzari egitea gustatuko litzaiokeena zer den jakitea ere. Agian, lanpostuz aldatzea da baten nahia eta elkarrizketa bidez ezagutzen dugu informazio hori. Lan-aukera ezberdinak eskaini nahi dizkiegu eta gustura egon daitezen nahi dugu”, dio Zabalak. Eroskiren kasuan, publikora begira lan egiteko aukera ere eskaintzen zaie.
Eroskirekin irekitako supermerkatuen kasuan, langileen %45-%50 laguntza handia behar duten pertsonak dira
Komarkalizazioari ere erabateko garrantzia ematen diote, etxetik gertu lan egiteko aukera izan dezaten. “Ireki ditugun Eroskien kasuan, asko oinez joaten dira lanera, bertan bizi direlako. Asko eskertzen dute hori”, azaldu dute Gureaken.
Lankidetza eredu berritzailea
‘Partner’ modeloko aliantza aipatu du Gureakeko zerbitzuen dibisioko arduradunak Eroskirekin duten lankidetza-ereduaz galdetuta. “Frankizia bidezko supermerkatua irekitzea izan da bion arteko lankidetzan hartu dugun erabaki juridiko bakarra”, dio. Interakzio eta armonia oso onean lan egiten dutela gaineratu du. Baina, nolakoa da Eroskiren frankizia-ereduaren funtzionamendua?
Amaia Ladislao Eroskiko frankizia zerbitzuen arduradunak azaldu dizkigu nondik-norakoak: “Eroskik banaketan, sistema informatikoetan, prestakuntzan eta produktu-hornikuntzan 45 urte baino gehiagoko esperientzia eskaintzen die frankiziadun saltokiei. Horrez gain, laguntza komertziala ere eskaintzen du, aholkuak emanez, une eta kokapen bakoitzean bere bezeroen beharretara egokituz”.
Amaia Ladislao: “Lankidetza eredu berritzailea da, desgaitasunen bat dutenei lanpostu egonkor eta eraginkorra eskaintzen diegulako, baina aldi berean beraien gaitasunak ere ikusarazten direlako, gizartea sentsibilizatzen laguntzearekin batera”
Gureaken filosofiari eutsiz, Eroskik ere desgaitasunen bat duten pertsonei lan aukerak eskaini eta kudeatu nahi dizkiela azaldu du Ladislaok. “Gureaken eta Eroskiren esperientzia elkartuta, lankidetza indartsua sortu dugu, desgaitasuna duten pertsonentzat sortutako aukerak asko handitu baititugu. Lankidetza eredu berritzailea da, desgaitasunen bat dutenei lanpostu egonkor eta eraginkorra eskaintzen diegulako, baina aldi berean beraien gaitasunak ere ikusarazten direlako, gizartea sentsibilizatzen laguntzearekin batera”. Hala, oso sendo dagoen lankidetza dela azpimarratu nahi izan du, eredu arrakastatsua izan delako gizartean, baina baita ekonomian ere. Gauzak honela, Katalunian eta Galizian ere frankizia bidezko supermerkatu inklusibo gehiago ireki ditu Eroskik, “desgaitasuna utzi eta norbanako bakoitzaren gaitasunean arreta jartzea delako arrakastaren gakoa”, argitu du.