Sutargi: baztertzea lanaren bitartez ekiditeko su eta argi
Sutargi Sal enplegu bereziko zentroak Txemi Cantera Gizarte Ekonomiaren Saria irabazi du, gizarteratzeko eta iraunkortasuna bultzatzeko egiten duen lanaren aitzatespen gisa
Sutargi Sal enpresa partaidetua da, EAEn kokatutako enplegu-zentro berezia. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak sortzen dituzte, lau sektore nagusitan produktibitate jarduera garatuz, hala nola osasunagintza, altzariak, prozesu osagarriak eta ekonomia zirkularra.
Sutargi diziplina anitzeko talde batek osatzen du. Talde hori, batez ere, desgaitasuna duten langileek eta haien jarduera sektoreetan espezializatutako profesionalek osatzen dute. Gainera, baztertuta geratzeko arriskuan dauden eta enplegagarritasun ibilbideetan dauden pertsonak ere sartzen dira proiektuan. Gaur egun, 259 pertsona dira, konpromiso amankomun batekin: gizarteratzea eta iraunkortasuna.
Lan sozietate, irabazi asmorik gabeko eta enplegu bereziko zentro
Sutargi Sal lan sozietate bat da; formalki horrek esan nahi du enpresaren kapital sozialaren gehiengoa langileena dela, erabakiak hartzen aktiboki parte hartzen dutenak. Horrek kudeaketa demokratikoa eta enpresarekiko harreman hurbilagoa eta konprometituagoa bermatzen duela diote enpresatik, kide bakoitzaren garapen profesionala eta pertsonala bultzatuz.
“Gainera, irabazi asmorik gabeko erakunde bat garela nabarmentzen dugu beti, eta horrek eskuzabaltasuna dakar”, adierazi du Mariangelica Martinezek, Sutargia Saleko langileak. Gaur egun, sortzen duten onura enpresan uzten dute, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako aukerak sortzen jarraitzeko. Bestalde, forma juridiko hori aukeratzea erabaki estrategikoa ere bada, eta pertsonak partaide egiteko beharrari erantzuten dio, ahalduntzea eta garapen pertsonala eta profesionala sustatzeko.
Sutargi Sal lan sozietate bat da; formalki horrek esan nahi du enpresaren kapital sozialaren gehiengoa langileena dela, erabakiak hartzen aktiboki parte hartzen dutenak
Halaber, Sutargi lan sozietatea izateaz gain, enplegu bereziko zentroa ere bada. Enplegu zentro berezi gisa, Sutargik desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukerak sortzen ditu, batez ere laguntza-premia handienak dituztenentzako. Horrek ekarpen bikoitza dakar; alde batetik, barnean, lan ingurune inklusiboa sortzea ahalbidetzen du, non langile bakoitza baloratua sentitzen den, eta, bestetik, sozialki, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzen laguntzen du, gizarte bazterketa murriztuz eta lan merkatuan aukera-berdintasuna sustatuz.
“Enplegu-zentro berezia garen aldetik, gure helburuetako bat da pertsonek autonomia hartzea, bai lan-eremuan, bai eremu pertsonalean; pertsonek beren erabakiak hartu ahal izatea nahi dugu beren garapenari dagokionez”, adierazi du Xabier Lekuonak, Sutargi Saleko langileak. Langile Sutargiko lan-taldearen parte izan daitezke beren gaitasunak eta trebetasunak garatu, eta enpresa arrunt batean lan egiten amaitzeko, edo, behar izanez gero, Sutargiren parte izaten jarrai dezakete.
Langile Sutargiko lan-taldearen parte izan daitezke beren gaitasunak eta trebetasunak garatu, eta enpresa arrunt batean lan egiten amaitzeko, edo, behar izanez gero, Sutargiren parte izaten jarrai dezakete.
Martinezek dioenez, haien lehentasuna laguntza-premia handienak dituzten pertsonak dira. Lan-taldearen parte handi batek 20 urte baino gehiago daramatza Sutargin lanean. “Polita da entzutea Sutargin erretiroa hartzen ikusten dutela euren burua. Horrek esan nahi du gustura daudela proiektu honetan parte hartzen”, nabarmendu du.
Etekinak proiektu sozio-enpresarialak garatzeko
Enpresentzat egiten dituzten ekoizpen-jarduerekin sortzen dituzte irabaziak. Zehazki, euren diru sarreren %50 lortzen dute ekoizpen industrialetik. Lekuonak dioenez, enpresei eskaintzen dizkieten zerbitzuek prezio lehiakorra dute, aldatu egiten dena jardueraren eta kalitate eskakizunen arabera.
Sutargiren hazkundeak eta mantentzeak etengabeko inbertsioa eskatzen dute azpiegituran, teknologian eta prestakuntzan. Inbertsio horiek egiteko funtsak sortzeko ardura nagusia haiena da. Lorturikoak ndustria ingurune lehiakorrera egokitzeko erabiltzen dira. Gainera, irabazi asmorik gabeko erakundea denez, ez dute etekinik banatzen haien akziodunen artean; dena berreinbertitzen da proiektu sozio-enpresarialaren garapenean.
Xabier Lekuona: "Dirulaguntzek pertsonek beren potentzial guztia garatu ahal izateko behar dituzten zerbitzu guztiak ematen laguntzen digute"
Hala ere, diru sarrera horiek ez dira nahikoak, eta horiek osatzeko erabiltzen dituzte desgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzeko laguntza eta dirulaguntzak. "Halakoek Sutargi bezalako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko aukera ematen dute, batez ere pertsonen arretari begira. Esan dezakegu gure jarduerarekin sortzen ditugun diru sarrerak gure lehiakortasunaren hobekuntza finantzatzea bilatzen dutela, eta Eusko Jaurlaritzatik, Lanbidetik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik datozen dirulaguntzek pertsonek beren potentzial guztia garatu ahal izateko behar dituzten zerbitzu guztiak ematen laguntzen digutela”, dio Lekuonak. Hala ere, Gizarte Balio integratua datu garrantzitsutzat jotzen du. "Balio horrek adierazten du Sutargik jasotzen duen euro bakoitzeko 3 itzultzen dizkiola gizarteari”, nabarmendu du.
Sektoreak gako, orientazio eta laneratzea ere
Elkarren osagarri diren eta aldi berean oso desberdinak diren bi esparruetan oreka aurkitu behar dute beti. Enpresen ikuspegitik, kalitate arau zorrotzenen arabera funtzionatzen dute, horrek segurtasuna eta fidagarritasuna ematen diolako bezeroari, eta egitura, ordena eta prozedura ematen dielako. Bestela esanda, partner industriala dira. Pertsonen ikuspegitik, orientazio, garapen eta laguntza prozesuak funtsezkoak dira gaitasunak garatu ditzaten, eta gizartearentzat baliagarriak eta baliotsuak direla sentitzeko.
Arestian aipatu bezala, enpresa ikuspegitik, Sutargi lau esparrutan aritzen da. Osasungintza arloan, hirugarrenentzako produktu sanitarioen ekoizleak dira. Ospitaleetan ikusten den erabilera bakarreko material medikoaren proportzio handi bat haien eskuetatik igaro da: ozonoterapiarako materiala, elikadura parentarelako materiala, etab. Jarduera hori Bexen Medical enpresarekin garatzen dute, baina beste bezero batzuk ere badituzte Reiner Medical, Cyber Surgery eta Iline Microsystem, besteak beste.
Mariangelica Martinez: “Ziur asko azalera handietara joango zarete hondartzarako aulkiak erostera. Horietako asko guk eginak dira, zehazki, Eredu markarekin merkaturatzen diren guztiak”
Bigarrenik, kanpineko eta diseinuko altzariak egiten dituzte. “Ziur asko azalera handietara joango zarete hondartzarako aulkiak erostera. Horietako asko guk eginak dira, zehazki, Eredu markarekin merkaturatzen diren guztiak”, argitu du Martinezek. Diseinuko altzariak Enearekin eta Akabarekin egiten dituzte.
Hirugarrenik, prozesu osagarrietan aritzen dira, hau da, bezeroen eragiketa nagusiak osatzen eta optimizatzen dituzten jardueretan: azpimultzoak eta produktu bukatuak muntatzea, enbalatzea, ontziratzea... Jarduera horiek trenbide sektorean, automobilgintzan, sektore elektriko-elektronikoan eta ekipamendu sektorean garatzen dituzte, ABB Niessen, Pandrol edo Elkarrekin.
Ekoizpen-jarduera horrekin guztiarekin, talde zaurgarrietako pertsonei laguntzeko orientatzeko eta garatzeko jarduerak egiten dituzte
Laugarrenik, ekonomian zirkularra lantzen dute. Hondakinak eta ekoizpen-soberakinak erabiliz esperimentatzen dute, eta produktuak eta lehengaiak fabrikatzen dituzte. Jarduera horretan produktu propioa sortzen dute, eta bezero nabarmenetako batzuk Irizar eta Ficoba dira. Gainera, webgunean partikularrei saltzen dizkieten produktuak lortu ahal dira.
Eta, azkenik, ekoizpen-jarduera horrekin guztiarekin, talde zaurgarrietako pertsonei laguntzeko orientatzeko eta garatzeko jarduerak egiten dituzte. Orientazioaren atalari dagokionez, pertsonen gustuak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko prozesu osoa ezagutu, eta ibilbide bat diseinatzen dute gaitasun guztiak garatu ahal izateko. Garapen ibilbideak, 70-20-10 ikasketa ereduaren pean martxan jartzen dituzte. “Ikasten dugunaren %70 eginez eta esperimentatuz egiten dugu, %20 gure ezagutzak partekatuz (parekoaren arteko ikaskuntza eta ikaskuntza soziala), eta %10 prestakuntza formalaren bidez”, azaldu du Martinezek.
Enpresen ikuspegitik, kalitate arau zorrotzenen arabera funtzionatzen dute. Pertsonen ikuspegitik, orientazio, garapen eta laguntza prozesuak funtsezkoak dira gaitasunak garatu ditzaten, eta gizartearentzat baliagarriak eta baliotsuak direla sentitzeko
Laguntzari dagokionez, helburua oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta beste erakunde laguntzaile batzuen lankidetzarekin, pertsona ahulei eta haien familiei laguntzea da, haien gizarte-premiei erantzuteko. Prozesu horretan guztian, Lekuonaren arabera, familiekiko koordinazioa funtsezkoa da; izan ere, familiak laguntza paregabea dira errutinak eta ohiturak indartzeko familian eta norberaren ingurunean, bai eta premiak eta interesak detektatzeko ere.
Berezi denak merezi
Gizarte ekimeneko beste enplegu zentro berezi batzuk ere badaude EAEn. Sutargi EHLABE irabazi asmorik gabeko erakundeen euskal elkartean biltzen diren 14 enpresetako bat da, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzen sustatzen dutenak. “Oso harreman estua eta hurbila dugu zentro horiekin guztiekin, eta elkarrekin defendatzen dugu Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskal Eredua: desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzeko metodologia, gizarte eta lan ibilbidea osoak kudeatuz”, gehitu du Martinezek.
Antzekotasun horien aurrean, badira beste enplegu zentroetatik bereizten dieten ezaugarri batzuk. Esate baterako, emakume migratzaile batek zuzendutako EAEko gizarte ekimeneko enplegu zentro berezi bakarra da, lan sozietate gisa jarduten duten enplegu zentro berezi bakanetakoa, osasungintza produktua kalitate-arau zorrotzekin fabrikatzeko eskualdeko enplegu zentro berezi bakarra, eta berrikuntza irekiko ekosistema baten buru den euskal enpresa bakarra, egoera zaurgarrian dauden pertsonei ekonomia zirkularrean gaitasunak garatzeko aukera emateko gai dena, lan-merkatu oso lehiakor baten aurrean duten posizionamendua hobetzeko formula gisa.
Mariangelica Martinez: “Oso harreman estua eta hurbila dugu zentro horiekin guztiekin, eta elkarrekin defendatzen dugu Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskal Eredua: desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzeko metodologia, gizarte eta lan ibilbidea osoak kudeatuz”
Sutargiren balio erantsia, ordea, jasangarritasun sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan datza. Iraunkortasun sozialaren bidez, desgaitasuna duten pertsonentzat eta baztertze arriskuan dauden pertsonentzat enplegua sortzea eta gizartaratzea sustatzea lortzen dute. Iraunkortasun ekonomikoarekin, enpresaren bideragarritasuna eta hazkundea ziurtatzen dute, haien langile, akziodun eta bezeroentzat balioa sortzen dute. Eta, azkenik, ingurumen jasangarritasunari dagokionez, ingurumen inpaktua minimizatzen duten eta ekonomia zirkularra sustatzen duten hondakinen eta ekoizpen soberakinen kudeaketa praktikak inplementatzen dituzte.
Txemi Cantera sariaren aitortza
Sutargiren ahaleginaren, dedikazioaren eta ikuspegia aitortu da Txemi Cantera Gizarte Ekonomiaren Nazioarteko Sarian. “Gizarte inklusiboagoa eta iraunkorragoa sortzen misioan aurrera egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, eta gure posizioa indartzen du, gizarte ekonomiako funtsezko eragile gisa”, baieztatu du Martinezek.
Saria jasotzeagatik harro daude, baina era berean egindako bideari buruz hausnartzeko aukera eman die. "Sutargi helburu argi batekin sortu zen: gure lurraldean sustraiak dituen proiektu sozioenpresarial bat izatea, enpleguaren sorrerakin eta hazkunde ekonomikoarekin konprometitua ez ezik, askoz sakonagoa den zerbaitekin ere, gure ingurunearen eraldaketa positiboarekin eta pertsonen bizi kalitatearen hobekuntzarekin".
Xabier Lekuona: “Sari hau, Sutargik ez ezik, erakunde eta enpresa askok ere taldean egindako ahaleginaren eta ondo egindako lanaren aintzatespena da, baina, era berean, gure misioa amaitzetik urrun dagoela gogorarazten digu”
Txemi Cantera Sariak ere misio horretan bakarrik ez daudela gogorarazi die. Gizarte ekonomiako ekosistema baten parte dira, eredu ekonomiko batean sinesten duen mugimendu global baten parte, non lanaren duintasuna, komunitatearen ongizatea eta ingurumenaren zaintza erdigunean dauden.
“Sari hau, Sutargik ez ezik, erakunde eta enpresa askok ere taldean egindako ahaleginaren eta ondo egindako lanaren aintzatespena da, baina, era berean, gure misioa amaitzetik urrun dagoela gogorarazten digu”, onartu du Lekuonak. Izan ere, orain, lurraldea eraldatzeko duten konpromisoa inoiz baino indartsuagoa da. Badakite ekonomia bat sortzen jarrai dezaketela, gutxi batzuentzat funtzionatzeaz gain, inklusiboa izan dadin eta denok garapenerako eta ongizaterako aukerak izan ditzaten.
Helburu handiekin lanean jarraituz
Etorkizunari dagokionez, Sutargik garrantzi handiko proiektuak ditu bere plan estrategikoan, dagoeneko lantzen ari direnak.
Gizarte-enpresa bat eraikitzeko prozesuan daude, baztertze arriskuan dauden pertsonek EAErentzat estrategikoak diren sektoreetan laneratzeko aukerak izan ditzaten. Bi langileen ustez, proiektu horrek aukera emango die kolektibo horiei arreta gehiago eta hobea emateko eta haien eragin eremua zabaltzeko.
Gizarte-enpresa bat eraikitzeko prozesuan daude, baztertze arriskuan dauden pertsonek EAErentzat estrategikoak diren sektoreetan laneratzeko aukerak izan ditzaten
Gainera, osasungintza sektorean duten gaitasuna handitu nahi dute. 15 urte baino gehiago daramatzate sektore horretan lanean, eta une honetan, proiektu bat dute martxan lankidetzan, haien ekoizpen ahalmena eta garatzen dituzten jardueren irismen handitzeko xedez: areto zuria handitzea eta plastikoa injektatzeko teknologia sartzea medikuntza sektorerako.
Momentu honetan, digitalizazio prozesuen eta datu analisien bidez eraginkortasuna handitzeko barne-prozesu batean murgilduta daude. Eta, aldi berean, barruko antolaketa aldaketaren prozesuarekin jarraitzen dute, Ekin 2023-2025, pertsonei, enpresei eta, oro har, gizarteari balio bereizgarria ematen jarraitzeko.
Mariangelica Martinez: “Nahiko txikiak gara eta osa baliabide mugatuak ditugu, baina gure giza indarra eta haien konpromisoa izugarria da”,
Horrekin guztiarekin batera, beste proiektu bat garatzen ari dira: Inklusivity, berrikuntza irekiko ekosistema bat, ikaskuntza ingurune bat eskaintzeko gai dena, pertsonek (bereziki, kolektibo zaurgarrienetako pertsonek) ekonomia zirkularraren arloko gaitasunak eskuratu eta garatu ditzaten. Ekosistema horrek aukera ematen du hondakinekin eta ekoizpen-soberakinekin esperimentatzeko, hondakinetatik abiatuta produktu iraunkorrak fabrikatzeko, pertsonak ekonomia zirkularraren inguruan gaitzeko.
“Nahiko txikiak gara eta osa baliabide mugatuak ditugu, baina gure giza indarra eta haien konpromisoa izugarria da”, adierazi du Martinezek. Elkarrekin etorkizun hobea eraikitzen jarraituko dute, gaur eguneraino gidatu dituzten balio berdinekin, hau da, talde lana, inklusioa eta berdintasuna, gardentasuna, bikaintasuna eta konpromisoa. Ziur daude gizarte ekonomiaren bidea ez dela soilik bidezkoena, baita garai hauetan beharrezkoena ere.