Talgoren planta, Ribabellosan, Araban | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press

ENPRESAK GAUR

Talgorentzat bazkide industrial bila ari dira Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia

Bazkide industriala ezinbestean behar du Talgok eskaerei aurre egiteko

Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia "modu koordinatuan" ari dira lanean Talgorentzat bazkide industriala topatu nahian. Halaxe plazaratu du gaur Ramiro González Arabako diputatu nagusiak kontseilu osteko agerraldian. Izan ere, Gonzálezek dioenez, bazkide industrial hori topatzea ez da gako bakarrik Talgoren jarraikortasuna bermatuko duen inbertsioak egiteko, baizik eta etorkizunean izango dituen eskaerei aurre egin dezan ere. Talgok egun duen arazo nagusienetakoa, eskaria zorroa baino, ekoizpen gaitasun falta baita, entregetan atzerapenak eragiten dituena. "Eusko Jaurlaritza prest dago behar den guztia egitera Talgok bere jarduerarekin jarrai dezan, eta Euskadirekin, eta bereziki Arabarekin duen lotura handitu dezan", esan du Gonzálezek.

Talgoren erosketari loturiko gorabeherak lehen lerroan izan dira hainbat hilabetez: Magyar Vagon talde hungariarrak erosketa pubiikoko eskaintza aurkeztu zuen otsailean, baina Madrilgo gobernuak ezezkoa eman ostean atzera egin zuen erosketarekin. Ezezkoa emateko arrazoi bat izan da zabalera aldagarriaren ardatzaren teknologia. Teknologia horrek ahalbidetzen du trenbide zabalera desberdineko bi herrialdeen arteko —Espainia eta Frantzia kasu— zailtasunak gainditzea. Egun Europan horri irtenbidea ematen dioten bost teknologia existitzen dira, eta horietako baten patentea Talgok du. Errusia eta Ukrainaren arteko gerra dela medio, patente estrategikotzat jo zuen Espainiako gobernuak.

Informazio gehiago Astea lau gakotan: Talgo, tasak, prezioak eta Erresuma Batua

Gonzalezen ikuspegitik, Talgok lurraldean duen garrantzia ez da soilik bertan duen langile kopuruagatik. "Badira Talgoren hornitzaile diren tokiko hainbat enpresa", azpimarratu du. "Araban sortutako eta lurraldearekin errotze handia duen enpresa ere bada", gehitu du.