2024ra begira zer
Tamara Yagüe: "13.000 enplegu garbi sortu eta langabezia-tasa % 7koa izango dela aurreikusten dugu"
Ekainetik da ofizialki Tamara Yagüe Confebaskeko presidente. Enpleguaren indarra da berarentzat albiste nagusia, eta lankidetza publiko-pribatua indartzea gakotzat jo du 2024ra begira. Berarentzat, gako izango da Next Generation funtsak nola kudeatzen diren.
Zein da zuentzat 2023ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?
Zalantzarik gabe, enpleguaren indarra EAEn, nahiz eta ziurgabetasun globala izan eta jarduera biziki geldiarazi den Europan. Enpresen % 90 inguruk esaten ziguten enpleguari eutsiko ziotela edo zerbait sortuko zutela. Eta urtearen amaieran bete egin da. Gizartearekiko duen konpromisoaren erakusgarritzat jo daiteke. Nabarmentzekoa da, halaber, negoziazio kolektiboan lortutako akordioen maila. Enpresa pribatuan, kontzertazio errekorrean gaude duela urte askotatik.
2024ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?
Espainiar estatuan egonkortasun politiko eta juridiko handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, enpresa-munduarekiko mezu adeitsuago eta adiskidetzaileago batekin. Eta, EAE, lankidetza publiko-pribatua eta enpresen eta erakundeen arteko konfiantza-harremana indartu egin behar dira. Herrialde gisa dugun arrakastarako gako garrantzitsua izan da, eta izaten jarraitzea nahi dugu.
"Ezin dugu euro bat bera ere galtzea onetsi Next Generation direlakoen kudeaketa hurbilagoa eta arinagoa egiten ez saiatzeagatik"
Nola ikusten duzue 2024?
2024rako, enpresek helarazten dizkiguten aurreikuspenek adierazten dute urtearen lehen zatia zaila izango dela, lehen hilabeteetan oso hazkunde laua izango baita, eta hiruhilekoek aurrera egin ahala hobetzen joango da, 2023ko hazkundearen antzeko batera iritsi arte. Industria izango da gure inguruko herrialdeen geldialdia gehien nabarituko duen sektorea. Enpleguari dagokionez, indarra mantenduko da, aurtengoa baino txikiagoa, baina, hala ere, 13.000 enplegu garbi sortuko direla eta langabezia-tasa % 7koa izango dela aurreikusten dugu.
Next Generation funtsen tokian-tokiko kudeaketa aldarrikatu duzue, "kudeaketa ‘deszentralizatuagoa eta hurbilekoagoa’" gakotzat joz. Confebasken ikuspegitik, zein da funtsei atera dakieken benetako potentziala?
Egia esan, inor gogaitzeko asmorik gabe, euskal enpresek uste dute funtsak ez direla iristen ari. Egia da enpresa batzuek laguntza horiek jasotzeko aukera izan dutela, baina gehienak espainiar estatuak esleitutako ESEPEetatik kanpo geratu dira, Europako baldintzak betetzen zituzten arren, eta gure produkzio-sarea eraldatzeko inbertsio estrategikoak diren arren. Ezin dugu euro bat bera ere galtzea onetsi Next Generation direlakoen kudeaketa hurbilagoa eta arinagoa egiten ez saiatzeagatik. 2024a funts horiek behin betiko bultzatzeko urtea izatea espero dut egutegia aurrera doalako eta potentzial guztia ez aprobetxatzeko arriskua dugulako.