Termiako Mifuente.es proiektuaren inaugurazioa. Eskuinean, Juan Antonio Martínez | Argazkia: Utzitakoa

ENPRESAK GAUR

Termia: ur-tratamenduaren bitartez, jasangarritasunera

Tuterako konpainiak Mifuente.es ekimena bultzatu du, ur-iturri berritzaileekin tratatutako ura eskaini eta botilatutakoa murrizteko

Termia enpresaren ibilera 2005ren amaieran hasi zen. Haren sortzaile eta kudeatzailea Juan Antonio Martínez Escudero tuteratarra da, aurretik 10 urte baino gehiagoz iturgintzarekin eta klimatizazioarekin zerikusia zuten hainbat enpresetan ibilia zena. Lanbide Heziketa ikasi ondoren hainbat prestakuntza-ikastaro egin zituen, iturgintzan eta berokuntza esparrukoak.

Hasieran, Termia eraikuntzan zebilen, “obra berrian” espezializatuta, garai hartan berritzailea zen ikuspegi batekin: ingurunearen zaintza. 2009an, eraikuntzan gertaturiko krisiaren testuinguruan, enpresak egoerara berregokitu behar izan zuen. Berrikuntza horretan, besteak beste, konpainiak “egoitza ofiziala” finkatu zuen Tuteran, ordura arte jendaurreko arreta atalik ez baitzuten izan. Egoitza hori bezeroei arreta eskaintzeko showrooma da, non publikoak merkatuan dauden energia garbi anitzak ezagutu ditzakeen. Izan ere, energia iturri asko publiko orokorraretzat ezezagunak dira. 2015etik eta, batez ere, 2018tik aurrera, “uraren tratamenduan” espezializatu dira.

Iturrien birmoldaketa

Termiak “birmoldaketak egiten ditu baliabide garbi edo berrerabilgarrietarako edo, gutxienez, trantsiziozkoetarako (hala nola, gas naturala)”. 2019an “Mifuente.es ekimena” jarri zuen martxan, “plastiko zero edo plastikoaren erabilera ahalik eta gehien murrizteko helburua lortzeko”. Egitasmoa ur-iturrien sareari loturik dago, alegia, zonaldeko ura erabiltzen dute, eta ur hori neurrira tratatuta dago. Helburua da iturri horien kopurua hain handia egitea, ezen botilatutako ura erosteak zentzua galduko duen.

Termiak diseinatutako iturria bertako sareetatik eratorritako eta neurrira tratatutako ura botatzen | Argazkia: utzitakoa

2020 eta 2021an, pandemia zela medio, Martínezek eta bere taldeak ekintzak murriztu behar izan zituzten, baina hori ongi etorri zitzaien “enpresa nora bideratu hausnartzeko". Gainera, plastiko zero helburuari “kontaktu zero sistema gehitu zitzaion, garai hartan ezinbestekoa zelako harreman fisikoak eta listu hartu-emanak ahalik eta gehien mugatzea”. Horretan pentsatuz, Martínezek eta bere taldeak haien sarearentzat ad hoc iturriak garatu zituzten, merkatuan ez zegoelako iturri asko kontaktu fisikoaren eta listu hartu-emanen arazo sinpleari konponbidea eman ahal ziona. Besteak beste, iturriok ura botatzeko sistemak pedal baten bitartez funtzionatzen du.

Handik aurrera eta orain arte “proiektuari forma eman zaio”. Gaur egun Termiak ordezkaritzak ditu bai Nafarroan, bai Galizian, baina kideak "Espainia osoan" ditu.

Ur-tratamendua, jarduera nagusia

Enpresaren ekimenen %85 “uraren tratamendura bideratzen da”. Esandakoa lortzeko, “filtroak, kaltzioa kentzeko gailuak eta iturriak banatzeko tresnak” erabiltzen dira. Iragazkiak uraren sarrera orokorrean jartzen dira harriak, lohiak eta sedimentuak kentzeko, horrela instalazio osoa babestuz. Kaltzioa kentzeko tresnak iragazkien ondoren jartzen dira, eraikinean karearen gogortasun optimoa lortzearren. Horrek energia aurrezpen handia ekartzen du garbigailua, ontzi-garbigailua, plantxa, kafe-makina eta bestelako tresnetan. Gainera, matxura deseroso eta garestiak ezabatzen ditu. Hala %40rainoko energia aurreztea lor daiteke.

Martínezek esan duen bezala, “plastikoaren %14 ur-botiletarako ekoizten da” eta “Espainiako populazioaren %35k botiletako ura kontsumitzen du”. Termiaren proposamena da “plastiko horren erabilera gutxitzea, horren ordez material berrerabilgarriak eskainiz, zehazki, beira eta ontzi herdoilgaitza”.

Iturri banagailua Tuterako Erriberan dagoen Fustiñana udalerrian | Argazkia: utzitakoa

Orain arte konpainiak “hazkunde sostengatua” bizi izan du, eta hurrengo bi urterako hazkunde hori “esponentziala” izatea espero dute. Martínezek esan duenez, hainbat bezero ditu enpresak; horien artean dira: Iruñeko Tagliatella jatetxea; Iruñea, Tutera eta Logroñoko udalak; Tuterako osasun gunea; Nasuvinsa; KFC; eta Moncayoko Ur Elkartea. “Sentitzen dugu bezeroak gure zerbitzuekin pozik daudela eta gure ideietan sinesten dutela”, esan du Martínezek. “Gure bezeroak pozik badaude, gu ere, haien poztasuna gurea ere da eta; hainbeste urte gurekin eramateak bide onean goazela iradokitzen du”, ondarioztatu du kudeatzaileak.