Thibault Hourquebie PBI Euskal Industriakeko Ordezkari Nagusia | Argazkia: utzitakoa

ENPRESAK GAUR

Thibault Hourquebie: "IPARLAk bilatzen du sortzen diren hondakin plastikoen erradiografia egitea"

Iparraldeko industriari bultzadak ematen jarraitu du Euskal Industriakek 2024an, tartean IPARLA proiektua sustatuta, ekonomia zirkularra abiapuntu duena. Hala dio Thibault Hourquebie erakundeko ordezkari orokorrak. 2025ean eman dezakeen pausoa? ORMAT izeneko proiektuak baiezkoa jasotzea, I+Gari loturiko aurrerapenak bultzatzea ahalbidetu dezakeena.

Zure ustez, zein da Ipar Euskal Herriko enpresa eta industria sareari buruzko 2024ko informazio ekonomikorik nabarmenena?

IPARLA proiektua abiatzea. PBI-EI Euskal Industriakek bultzatua, 34 eragile industrialek parte hartzen dute egitasmoan, eta helburu du enpresetako lantegietatik irteten diren plastiko industrialen birziklatzea bultzatzea. Izan ere, lantegi bakoitzak lan hori bere kabuz egiten badu, bi zailtasun sortzen dira: plastiko motaren arabera bereizteko zailtasunak, eta norberak bakarrik sortzen duen plastiko kopurua ez delako nahikoa birziklapenerako hura jasotzen aritzen den erakunde batentzat. IPARLAk bilatzen du sortzen diren hondakin plastikoen erradiografia egin ahal izatea, hura jasotzeko lanean ari direnei bidea errazteko, eta Ipar Euskal Herriko ekonomia %100 zirkularra lortzea, birziklatutako plastikoekin pieza berriak egin ditzaten ekoizleek.

2025ean informazio hori aldatu ahal izango bazenu, zer aldatu nahi zenuke?

ORMAT proiektuak baiezkoa jaso duela iragartzea. Deialdiak 2025eko lehen hiruhilekoan erantzuna ukanen du. Horri esker, I+G eta birringailuak finantzatuko dira, tokiko hondakinekin birziklatutako lehengaiak produktu industrialentzat alternatiba sinesgarriak direla erakusteko.

"2024a urte zaila izan zen sektore ekonomiko guztientzat, industria barne. Espero dugu gobernu bat osatzea eta aurrekontu bat bozkatzea, COVID-19tik irten ginenean ezarri zen dinamika berreskuratu ahal izateko"

Nola ikusten duzue 2025. urtea?

2024a urte zaila izan zen sektore ekonomiko guztientzat, industria barne. Espero dugu gobernu bat osatzea eta aurrekontu bat bozkatzea, COVID-19tik irten ginenean ezarri zen dinamika berreskuratu ahal izateko.

Industriaren gaur egungo egoera kontuan harturik, zein da PBIren erronka nagusia sektorearen beharrei erantzuteko?

PBI-EI lau zutaberen inguruan eraiki da, industrialariek bere sorreratik definitu dutena. Lehena, Iparralden industria elkargo bat sortzea. Hori dagoeneko errealitatea da: 60 industrial baino gehiago biltzen ditu. Enpresa horien artean 1,4 milioi euroko fakturatzen dituzte, eta 4700 langileri lana eman.

Bigarrena eta hirugarrena, industriaren deskarbonizazioa bultzatzea, eta 4.0 sustatzea, hurrenez hurren. Gure elkarte industrialak laguntzen ditu urrats horretan, hainbat egitasmoarekin: IPARLA proiektua, ingurumenaren kudeaketari buruzko ekitaldiak antolatzea, energiaren kudeaketa, produktibitatea, digitalizazioa eta abar. Era berean, Iparraldeko enpresa industrialen plataforma sortzea du helburu, curriculuma, makinak eta dokumentuak partekatzeko. Gainera, erosketa talde bat ezarri nahi du 60 erosketa kategoriatan baino gehiagotan arituko dena, lehiakortasuna irabazteko.

Laugarrena eta azkena, industriako ofizioen erakargarritasunari laguntzea du helburu Euskal Industriakek. Gazteak eta emakumeentzako ekitaldiak antolatu nahi ditu, Iparraldeko industriaren lanbideak ezagutarazteko. Bestalde, Industria Lan Praktikoak ezarri nahi ditu, Iparraldeko kolegio eta lizeoko geletan lanbide industrialak ezagutarazteko.