Ulmak eta Oronak Mondragon taldetik ateratzea erabaki dute
Ulmako bazkideen %80,52k eta Oronakoen %71,9k bozkatu dute Mondragonetik irtetearen alde
Ulma eta Orona kooperatibetako bazkideek azkenean Mondragon taldea uztea erabaki dute. Ulmako 2.800 bazkide Donostiako Ilunben elkartu dira bozketa egiteko, eta bazkideen %80,52k Mondragonetik atera eta euren kasa jarraitzearen alde bozkatu du.
Ulmako azken emaitza jakin eta ordubetera iritsi da Oronako erabakia ere. Hernaniko kooperatibako 1.750 bazkideak egoitzan elkartu dira, eta hauek ere taldetik irteteko erabakia hartu dute, bazkideen %71,9ko babesarekin. Bi kooperatibek hartutako erabakiak 10.700 langileri eragingo die.
Lander Diaz de Gereñu, Ulmako zuzendariak ohar bidez egindako balorazioan dioenez, “bazkideek erabakitzen dute, boto bidez, kooperatibak zer bide jarraitu behar duen. Gaur agindu argia jaso dugu”. Era berean, Mondragonekin etorkizunean izango duen harremanaren inguruan, “bien onerako diren ekintza guztietan elkarlanerako prest” daudela adierazi du.
Ulma zein Oronak duela bi hilabete iragarri zuten Mondragon uzteko asmoa, taldearekin izan dituzten “desadostasunak” tarteko. Orduz geroztik, Mondragonek eutsi egin nahi izan dio loturari, eta bazkideei “taldean geratzeko” eskatu die. Horrekin “presioa” sartu izana leporatu diote, ordea, bi kooperatibetako arduradunek.
Behin taldetik aterata, ikusi egin beharko da Mondragon bera zubi batzuei eusteko prest izango ote den. Are gehiago, kontuan izanda taldeko irabazien %20 Ulma Eta Oronarenak izan direla orain arte, hau da, urtean 270 milioi euroko irabazi gordina bi kooperatiben lanaren ondorio izan dela.
Azken bozketa hauen aurretik, 2008an ere antzeko egoera bizi izan zuen Mondragonek, orduan AMPO eta Irizar kooperatibek ere Mondragon taldetik irtetea erabaki baitzuten, irtetearen aldeko botoen %85 eta %75ekin.