VIVEbiotech enpresa donostiarra erosi du Estatu Batuetako funts batek
40 milioiren truke erosi du bioteknologia alorreko konpainia Amperstand inbertsio funtsak. Enpresaren errotzea mantenduko dela adierazi dute bazkide sortzaileek
Donostiako VIVEbiotech enpresaren kontrola hartu du Estatu Batuetako inbertsio funts batek. 40 milioi euroren truke erosi du Amperstand izeneko funtsak bioteknologia sektorean aritzen den start-upa. Lurraldeko enpresen errotzearen eztabaida bolo-boloan dagoen garaien iritsi da eragiketa. Azaldu dutenez, 25 milioi bideratuko dituzte enpresaren hazkundera eta gainerako 15 milioiak konpainiaren “erosketa partziala” gauzatzeko erabiliko dira.
Eragiketa honek zenbait aldaketa ekarriko ditu VIVEbiotechen. Gurutz Linazasorok, enpresaren sortzaile eta zuzendari exekutiboak (CEO), bere kargua utziko du, aitzitik, enpresaren administrazio kontseiluan jarraituko du. Jon Alberdi izan da orain arte zuzendari nagusia eta zuzendari exekutiboa izango da aurrerantzean. Bestalde, Stefan Beyer izango da konpainiaren presidente exekutibo berria, Amperstanden ordezkaritzapean.
"Pozik gaude Ampersandi ongietorria emateaz, VIVEbiotech hazkunde plana bizkortzeko funtsezko bazkidea baita, eta, aldi berean, gure plataforma malgu eta moldakorra indartzen dugu", adierazi du Alberdik.
Ampersand Capital Partners 1988an sortutako private equity bat da, 3 bilioi dolarreko aktiboak kudeatzen dituena. Osasun-sektoreko enpresetara bideratutako inbertsiok egiten ditu eta bulegoak ditu Bostonen (AEB) eta Amsterdamen (Herbehereak).
VIVEbiotechek 140 langile ditu egun, eta 2018tik, laukoiztu egin du bere lantaldea. 3.000 metro karratutik gorako instalazioak ditu Miramongo Parke Teknologikoan eta bertatik bioteknologia sektoreko mundu osoko 45 enpresari eskaintzen dizkie zerbitzuak.
Enpresaren bazkide fundatzaile eta instituzionalek, Eusko Jaurlaritza, Kutxa Fundazioa, Espainiako Zientzia Ministerioaren zentro teknologikoa (CDTI) eta Easo Ventures inbertsio funtsak, beren kapitalari eutsiko diote, eta horrek Gipuzkoan duen errotzea mantenduko duela adierazi dute. Inveready inbertsio funtsa (enpresaren sorreratik kapitala jarri du) izan da enpresaren jabetzatik atera den erakunde bakarra.