Argazkia: Fagor

Euskaraldia

Zein balio erantsi ekartzen die euskarak enpresei?

Hizkuntza eskubidea bermatzeaz harago, hizkuntzen kudeaketari balio estrategikoa emateko, euskara ezaugarri bereizle gisa hartzeko eta langileen gogobetetzea sustatzeko bidea eskaini dezake

Abian da Euskaraldia. Hasi da hizkuntza ohituren aldaketa bultzatzeko ariketa soziala, abenduaren 2ra arte iraungo duena, bai entitateetan ariguneen bitartez, baita gizartean oro har ere, ahobizi eta belarriprestekin. Hain zuzen ere, egitasmoaren antolatzaileek argudiategia argitaratu zuten duela hilabete batzuk entitateek Euskaraldian parte-hartzea sustatzeko. "Oro har, esan dezakegu entitateen barruan jada badagoen errealitate bat modu kontzientean eta planifikatuan kudeatzeko eta entitatearen alde erabiltzeko aukera eskaintzen duela", jasotzen zen argudiategian. Besteak beste, hizkuntzen kudeaketaren balio estrategikoa, euskara ezaugarri bereizle gisa, prozesuetan eta funtzionamenduan hobetzea, zerbitzuaren kalitatea edo langileen gogobetetzea aipatzen ziren argudio bezala.

"Fagorren sorrerako helburuetako bat izan zen inguruko gizarteak duen beharrei erantzutea. Hortik tiraka, ikusi dugu urte hauetan guztietan euskarak ere lan munduan behar duela ekarpen bat, edo normalizazio urrats batzuk ematea. Zentzu horretan, euskararen estrategikotasuna kooperatiba bakoitzak aitortzen dio, baina baita taldeak ere", adierazi du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak. Fagor Taldea zortzi kooperatibek osatzen dute, eta aurtengo edizioan 104 arigune izango ditu, non, guztira, 418 ahobizi eta 184 belarriprest izango diren.

Bestelako alderdi batzuk estrategikoak diren moduan, plan estrategikoetan eta kudeaketa planetan txertatzen dute euskara ere. Oro har hizkuntzen kudeaketak du garrantzia Fagorrentzat, Euskal Herrian ez ezik, beste zenbait herrialdeetan ere plantak izatea eragiten du horretan. Kooperatiba bakoitzak bere euskara batzordea du, baina taldean ere badute. "Talde mailan zehaztu ditugu apur bat zeintzuk izan behar diren lan ildoak eta erronkak. Ondoren, kooperatiba bakoitzak finkatzen du zein urrats emango dituen helburu horiek lortzeko", gaineratu du Okarantzak.

Ezagutzatik erabilerara

Bidea, beraz, ekinez egin dute, eta kudeaketa horrek ahalbidetu die aurrerapausoak ematea. "Adibidez, ulermen eta ezagutza mailak oso altuak dira gure kooperatibetan. Hori ez da berez gertatzen; kudeatu egin dugu, pertsonen gaitasunak garatzeko formazioak eskainita, edo hautaketa prozesuetan postuek helburu hori izan dezaten", dio Gestio Sozialeko arduradunak. Egindako lanak, baina, ez du balio izan gizartean bertan ikus daitekeen arazo bati aurre egiteko: "Ezagutza mailatik erabilera mailara dagoen hutsune horretara urratsak ematea izango litzateke helburua".

Euskaraldia, esaterako, horretarako ahalbidetu nahi dute. Izan ere, euren helburuetako bat da elkarrizketa elebidunetan trebatzea, eta edozein gune edo elkarrizketatara euskara ekartzea. "Ohiturak oso errotuta ditugu, eta oso zaila egiten zaigu euskaldun zaharrak edo ahobizi garenoi gazteleraz egiten digun pertsona bati, nahiz eta berak ulermena bermatuta eduki, guk euskarari eustea. Eta horretan trebatu nahiko genuke", adierazi du Okarantzak. Ariketa sozialak horretarako aukera aproposa eskaini ahal die. Horrekin batera, zenbait sketch egin dituzte, eta trebakuntza saio txikiak ere izango dira, norbanakoen esku utzi ordez.

Leire Okarantza Ibabe: "Adibidez, ulermen eta ezagutza mailak oso altuak dira gure kooperatibetan. Hori ez da berez gertatzen; kudeatu egin dugu, pertsonen gaitasunak garatzeko formazioak eskainita"

Langileak euskararen ikasketan eta trebakuntzan sustatzea da Hauda komunikazioa enpresaren helburua ere. Lekunberrin (Nafarroan) kokaturiko aholkularitza politikoa da, komunikazio instituzional eta politikoan aritzen dena batez ere, Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainia mailan ere lan egiten duena. Aner Ansorena Marquiegui zuzendariak azaldu duenez, Euskaraldian arigune bakarra izango da, bi belarriprest eta hiru ahobizik osaturikoa.

Euskarari lotuta jarritako erronkei dagokienez, aurten hasita "langileei euskara ikasteko edo hobetzeko aukera" eskainiko diete, "doan. Azken batean guk komunikazioa egiten dugu, eta euskarak komunikatzeko eta beste gauza askotarako balio digu", plazaratu du Ansorenak. Esaterako, bezeroak eroso sentitzeko: "euskaraz dakien bezero batekin euskaraz aritzen bazara hasieratik, askoz aukera handiagoak izango dituzu kontratua ixteko, nolabaiteko konexio emozionala sortzen delako", dio. Gainera, euren esparruan, ezinbestekoa da kanpainak ere jatorriz euskaraz izatea, eta ez soilik itzulpenak. "Ez diozu bezeroari emango itzulitako eslogana, baizik eta oinarrian euskaraz egindakoa. Eta horrek balioa emango dio bezeroari", gehitu du.

Enpresa publikoetan ere kudeatzen

Enpresa pribatuetan ez ezik, enpresa publikoetan ere garrantzia du hizkuntza kudeaketak. Hain zuzen, hori izan zen Euskara eta entitate publikoak: zertarako sustatu euskara gure erakundean? Eta zergatik orain? jardunaldiaren fokoa, Eusko Jaurlaritzak antolatua Emun aholkularitzarekin batera. Jardunaldian aurkeztutako kasu bat izan zen Neiker lehen-sektoreari loturiko ikerkuntza zentroarena. 130 langileetatik 57k hartuko dute parte Euskaraldian —38 ahobizik eta 19 belarriprestek—. Sorkunde Mendarte Azkue Neikerreko teknikari eta euskara-planaren arduradunak azaldutakoaren arabera, 2008an abiarazi zuten lehen euskara-plana, eta geroztik, euskara-batzordeak bultzatuta, zentroaren hizkuntza paisaia, webgunea eta abar egokitzen joan dira, 2022an Bikain ziurtagiria lortu duten arte.

Mendartek nabarmendu duenez, "euskara zientziara hurbiltzeko beharra dago", orain arte "arrotza" izan baita zientzia munduan. Ikerketa zentro publiko bezala euren "erantzukizuna" jarri du mahai gainean Mendartek. Euskaraldia, "dudarik gabe", lagungarria izan daiteke bide horretan. Gainera, ezinbestekotza jo du "bezero eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzea". Hori dela eta, entitate publikoa izanik, erantzukizun eta ardura soziala dute, teknikariaren hitzetan.