Zerga erreforman enpresa jarduera sustatzeko neurriak “motz” geratzen direla dio Cebekek
Bizkaiko enpresen kezka nagusienetako bat da fiskalitatea, eta gehiegizko presio fiskal baten eta hazkunde ekonomikoaren artean "oreka" eskatu du Bizkaiko patronalak
Egungo egoera ekonomikoa eta Bizkaiko enpresen aurreikuspenen gaineko inkesta aurkeztu du gaur goizean Cebek patronalak. Aurkezpenean izan dira Carolina Perez Toledo elkarteko presidentea eta Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia, eta adierazi dute fiskalitatea dela lurraldeko enpresen kezka nagusienetako bat. Hala, “oreka” eskatu dute gehiegizko presio fiskal baten eta hazkunde ekonomikoaren artean.
Confebaskek egindako proposamenak aintzat hartzea eskatu du Cebekek, EAEko patronalaren planteamenduaren eta hitzartutako zerga-berrikuspenaren artean "aldea" dagoela uste duelako, eta azpimarratu du ezin dela “aukera galdu”, orain inoiz baino gehiago “enpresa-jarduerarekin bat egingo duen" zerga-politika diseinatzeko unea dela nabarmendu duelarik.
Inkestaren arabera, enpresen %63rentzat kezkagarria da gaur egun ezartzen den zerga maila, eta adierazi dute fiskalitatea dela euren kostu handienetako bat. Lan kostuen ostean datoz zergak, Bizkaiko enpresen arabera.
Behin EAJk eta PSE-EEk lortutako akordioaren ostean, EAEko ogasunek egindako zerga-erreformaren atarian, Pérez Toledok esan du ez dutela edukia zehatz-mehatz eta osorik ezagutzen oraindik. Dena den, gogorarazi du Confebaskek 15 neurri proposatu dituela, eta enpresa jarduera sustatzeko zenbait neurri “motz” geratzen direla dio.
Enpresen eskaeren artean "giltzarritzat" jotzen jotzen du Sozietateen gaineko Zergan gutxieneko tributazioa egungo %17tik %15era murriztea, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan nahiz nazioartean indarrean dagoen bezala. Halaber, Ondarearen gaineko Zerga kentzea ere eskatzen du Cebekek, “enpresen eta pertsonen inbertsioak erakartzeko eta errotzea indartzeko”.
Enpleguari dagokionez, kalitatezko enplegua sustatzeko eta banakako nahiz enplegu BGAEei egindako ekarpenak sustatzeko kenkari berri bat sortzea proposatu du Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidenteak. lldo horretan, enpleguko BGAEentzako pizgarriak ogasunen proposamenean "eskas" geratzen direla gehitu du. "Oso garrantzitsua da gizarte-aurreikuspen osagarrian sinesten badugu BGAEei buruzko proposamena anbizio handiagokoa izatea".
Halaber, Confebaskek trantsizio energetikoa eta klimatikoa fiskalki sustatzea planteatzen duela aipatu du, deskarbonizazioari lotutako kenkari berri baten bidez.