Ereduak
Zinema feminista eta independentearen 'abaraska'
Ekoiztetxe feminista eta independentea da Gariza Films. 'Nora' edota 'Akelarre' filmak ekoitzita, jada zinemetan ikus daitekeen '20.000 erle espezie' filma aurkeztu dute, eta Berlingo eta Malagako zinema jaialdietan saritua izan da
Berlinalen hiru sari eskuratu berri dituen 20.000 erle espezie pelikula ekoitzi du Gariza Films ekoiztetxe bizkaitarrak. Otsailean egin den jaialdian, sail ofizialean lehiatzeko parada izan zuen Estibaliz Urresolak zuzendutako lanak, eta Sofia Otero bederatzi urteko basauriarrak interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen. Euskal zuzendari batek bere lehen filma Berlinalera eramaten duen lehenengo aldia dela azaldu du Garazi Elorza ekoiztetxeko arduradunak, eta are gehiago, lehen aldiz entzun da euskara Alemaniako zine jaialdiko film batean.
Oso pozik dira ekoiztetxean pelikulak jasotako harrerarekin, 20.000 erle espezie aurrera atera ahal izateko emakume lantalde bat egon baita proiektuaren atzean, zuzendaria eta gidoilaria tartean, eta ekoizle eta beste departamentuetako arduradunak ere emakumeak dira. “Askotan esaten da emakumeak daudela proiektuen atzean, baina horrek tranpa izaten du, ez baitira ardura postuetan egoten”, dio Elorzak.
Ekoiztetxe feminista eta independentea izaki, tankera honetako proiektu bat aurrera atera izanak Gariza Filmsen lan egiteko moduari nolabaiteko saria ematea izan dela uste du, eta aldi berean, historiaren aukeraketak, kontatzeko moduak eta atzetik izan den lantaldeak gaur dauden puntura eraman dituela adierazi du.
Garazi Elorza: “emakumeok zailtasun gehiago genituen eta ditugu zinea egiteko, eta ekoiztetxe propioa sortzeak aukera gehiago zabaldu dizkigu”
2010etik gau arte jorratu duten lan egiteko erari buruz ari da hain zuzen, orduan abiatu baitzuen ekoiztetxe bat eraikitzearen ideia Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak. Izagirre eta Elorzaz gain, Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagne dira Gariza Filmseko kideak. Halaber, desiraz gain sektorean zegoen beharrizan bati erantzuteko sortu zuen Izagirrek ekoiztetxea, eta hala azpimarratu du Elorzak: “emakumeok zailtasun gehiago genituen eta ditugu zinea egiteko, eta ekoiztetxe propioa sortzeak aukera gehiago zabaldu dizkigu. Bide horretan, hainbat proiektutan parte hartu dugu, eta horrek eman digu nolabaiteko ikasketa orain gauden puntuan egoteko”.
Basamortutik pantailetara
Hainbat film laburrekin hasi baziren ere, 2013an jada lehen film luzea lantzen hasi zen Gariza Films, eta 2015ean Un otoño sin Berlin Lara Izagirrek zuzendutako drama erromantikoa plazaratu zuten. Gerora, film labur, luze zein dokumental askotarikoak ondu dituzte, tartean, Akelarre, Nora edo Errementari film luzeak, Ya no duermo edo Polvo somos film laburrak eta Fabricando mujeres eta Muga deitzen da dokumentalak.
Hautaketarako formula zehatzik ez badute ere, ekoiztetxeak dituen balioekin lerratutako proiektuak aukeratzen saiatzen dira, betiere proiektu ororen alderdi finantzarioa ahaztu gabe, film bat egitea bost urteko lana da eta: “lehenengo urte eta erdia basamortu bat bezalakoa da, proiektua idazten ari baitzara eta oraindik zerbait ukiezina da, sortzeko dagoen zerbait. Ondorioz, ekoiztetxeetan oso bakarrik sentitzen gara”.
2017an Gela bat norberarena izeneko egonaldi artistikoa ere sortu zuen Gariza Filmsek, eta bertan artistek euren proiektuak aurkezteko parada dute. Egonaldia gehien gustatzen zaien proiektua garatu ahal izateko saria da, eta inguruko talentu askorentzat zein nazioarteko artistentzat sarbidea Elorzaren ahotan.
Idazketa ondoren datorren finantzaketa fasea da film bat egiteko eman beharreko urrats zailenetakoa, ezen finantzazioaren bilaketan ondasun ukiezin bat ari den saltzen ekoiztetxea. Hein horretan, dosierra ondo egitearen garrantzian jarri du azpimarra Elorzak, bertan azaltzen baitira filmaren istorioaz gain, lantaldea eta filmaren ekoizpenerako beste hainbat informazio baliagarri izango direnak.
Garazi Elorza: “lehenengo urte eta erdia basamortu bat bezalakoa da, proiektua idazten ari baitzara eta oraindik zerbait ukiezina da, sortzeko dagoen zerbait. Ondorioz, ekoiztetxeetan oso bakarrik sentitzen gara”
Bestalde, telebistek hasieratik finantzaketa fasean parte hartzen badute, banaketa prozesuan ere lagundu ohi dute, eta lan hori asko eskertzekoa dela aitortzen du Elorzak: “proiektuaren parte sentitzen dira kasu horietan telebistak, eta eurek duten irismen handiagoari esker publiko zabalago batera iritsi gaitezke. 20.000 erle espezieren kasuan ETB, TVE eta Movistar izan ditugu kolaboratzaile, adibidez”.
Horrez gain, aipatzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun sailak filmak egin ahal izateko jarri dituen pizgarri fiskalak. Elorzaren aburuz, oso interesgarriak dira eta “apurka-apurka sektoreko kolaboratzaileak konturatzen ari dira filmak egitea industria bat dela, negozio bat, eta dirua mugitzen duela”.
Sorkuntza prozesu bat
Dirua lortuta, castinga egin eta errodajearen txanda da, eta basamortua zen jarduera jendez lepo betetako beste leku bat da. Aldi honek ere bere zailtasunak badituela esan du arduradunak: "jende piloa kontratatu beharra dago errodajea hasi aurretik, eta industria honetan lan egiten duten guztiek ez dute inolako estabilitaterik. Guk deitzen dugu, baina ez dakigu hemen egongo diren edo beste nonbaiten dauden beste proiektu batean. Agian, ez daude lanean, baina bi hilera zeozer dute hitzartua”.
Bost-zazpi hilabete iraun ohi du errodajeak, beste lauzpabost hilabete muntaiak filma kaleratu aurretik
Bost-zazpi hilabete iraun ohi du errodajeak, beste lauzpabost hilabete muntaiak filma kaleratu aurretik. Epemuga, sarritan, jaialdi batek ezartzen du, beraz, funtsezkoa da prozesua malgua izatea. “Sorkuntza prozesu bat da, hori ezin da ahaztu”.
Proiektu berrien irrikaz
Aurrez aipatutako balioetan lerratutako obrak, hau da, emakumeenak, gazteenak eta independenteak diren lanak, “kutsu sozial handikoak” dira Elorzaren hitzetan. “Gizartean garrantzitsuak diren gaiak landu ditugu, eta pelikula guztietan gizartea aldatzeko edo gizarte hobe bat lortzeko filmak egin dira”.
Euskara ere ez dute ahazten, eta 20.000 erle espezie filmea gazteleraz bada ere, euskara entzun ahal da “modu oso natural batean, kalean entzuten den bezala: batek gazteleraz hitz egin eta besteak euskaraz erantzun”. Ez da oso ohikoa hau zinean, film gehienetan dena euskaraz edo dena gazteleraz izaten baita Elorzaren arabera. Orobat, 2021ean egindako Nora filma euskaraz da, eta lantzen ari diren film luze berri bat ere hala izango da. “Ahal den heinean, euskarazko proiektuak babestea eta aurrera ateratzea garrantzitsua da guretzat”, nabarmendu du.
Garazi Elorza: “Ahal den heinean, euskarazko proiektuak babestea eta aurrera ateratzea garrantzitsua da guretzat”
Yerma izeneko beste film bat ere garatzen ari dira, Cadizen Max saria irabazi duen Maria Goirizelaiak zuzendutako izen bereko antzezlanaren zineko bertsioa izango dena. Era berean, udan errodatuko dituzten hainbat film labur dituzte eskuartean, eta euskarazko film luze bat ere bai. Hori gutxi balitz, Marina Palacio donostiarrarekin Ya no duermo film laburra egin ondoren, Y así seguirán las cosas film luzearekin dihardute buru belarri lanean, eta oso pelikula berezia izango dela argudiatu du Elorzak,. Izan ere, sei urtez grabatuko den obra da, orain laugarren urtean daudelarik. Gainera, atzetik aurrera kontatuko da filmaren istorioa. “Gauza diferente eta originalak egiteko gogotsu gaude, Marinarekin esperientzia errepikatzeko gogoz eta Lararen hirugarren filma egiteko irrikaz”, bukatu du.