Lankuko lan taldea | Argazkia: Lanku

Ereduak

Bertsogintzaren euskarri eta sustatzaile

Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko asmoarekin, 2003an sortutako kultur enpresa da Lanku

90. hamarkadan, bertsolaritza gorakada handia izaten ari zen, eta urtetik urtera, gero eta bertso saio gehiago egiten ziren Euskal Herri osoan zehar. Bertsogintzaren hazkunde horri erantzun ahal izateko azpiegitura edo oinarri sendo bat ematea zen Bertsozale Elkarteak garai hartan zuen kezka nagusia, eta hori dela eta, sortu zuten Lanku kultur enpresa. “Bertsolaritza modu erregular eta duin batean garatu zedin, plaza antolatzaileei zein bertsolariei zerbitzua ematea zen helburua”, azaldu du egun Lankuko kide den Oier Iurramendik.

Gaur, bertsolaritza oinarri hartuta, askotariko kultur ekitaldiak antolatzen ditu Lankuk. Oinarrizko azpiegitura eta aholkularitza eskaintzen die antolatzaileei, eta bertsolarien kontratazioak erregularizatzen ditu. Dena den, Lanku bere ibilbide osoan zehar, garai bakoitzeko beharretara moldatu den kultur enpresa dela dio Iurramendik, izan ere, bere esanetan, bertsolaritza urteen joanarekin aldatzen joan da. “Bertso plazak eta bertsoak behar duen hori eskaintzea izan da beti Lankuren jardueraren oinarri nagusia”, azpimarratu du.

Oinarrizko azpiegitura eta aholkularitza eskaintzen die antolatzaileei, eta bertsolarien kontratazioak erregularizatzen ditu, besteak beste

Lankuk urte askotan zehar eskaini dio Bertsozale Elkarteari txapelketen -izan herrialdekoak edo Euskal Herrikoak- azpiegitura lana, baina 2022 geroztik, Bertsozale Elkarteak berak hartu du bere gain ardura hori. Hala, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azpiegitura lanak Bertsozale Elkarteak burutu ditu bakarrik lehen aldiz. “Gure lan lerro bat izan da orain arte txapelketaren azpiegitura zerbitzua ematea. Horregatik diot beharren arabera joan garela moldatzen ”, esan du Iurramendik.

Bertso plazaren kudeaketa

Kultur enpresaren negozio lerro nagusia bertso plazaren kudeaketa da. Bertso jaialdiak, emanaldiak, bertso afariak edota saioak antolatzeko giza zein baliabide materialak eskaintzen dizkie bertso eskola, kultur elkarte, udal, gaztetxe edota lagun taldeei, besteak beste. Bertsolaritzari lotutako beste diziplina batzuetako emanaldi bereziak ere antolatzen dituzte, izan dantza, antzerkia edo musika. “Guk bertsolaritza kulturan kokatzen dugu. Bertsoa ulertu eta praktikatzeko era asko dauzkagu. Beste kultur diziplinekin batera eskaintzea bilatzen dugu”, nabarmendu du Iurramendik. Lankuren helburua ere bada bertsolaritza gizarte osora iristea, bai haur, gazte eta helduetara, eta horretarako, gizarte iristeko modu desberdinak bilatzen dituzte.

Oier Iurramendi: “Guk bertsolaritza kulturan kokatzen dugu. Bertsoa ulertu eta praktikatzeko era asko dauzkagu. Beste kultur diziplinekin batera eskaintzea bilatzen dugu”

Nahiz eta bertso plazaren kudeaketa izan jarduera nagusia, bertsolarien egile eskubideen kudeaketaz ere arduratzen kultur enpresa. Iurramendiren arabera, bertsolaria bezero baino, enpresaren kapital humanoaren partetzat jotzen dute. “Urte askotan zehar, ekitaldi bat antolatzeko orduan, bertsolari profesional bat modu erregularrean kontratatzeko aukerarik ez zegoen”, azaldu du. Arazo hori identifikatu eta soluzioa emateaz arduratzen da Lanku, eta egun, Euskal Herri osoan zehar, edozein bertsolarik modu erregularrean praktikatu ahal du bertsolaritza.

Halaber, nahiz eta bertsolari kopurua handitu, bertsolaritza hutsetik bizi diren bertsolariak gutxi dira. Autonomoak ere ez dira asko, izan ere, bolumen jakin bat fakturatzea eskatzen du autonomo izateak. “Autonomo izateko aukera ez duten bertsolari pila daude. Modu erregulatuan kantatu ahal izateko edo lana egiteko aukerarik ez dutenei alta ematen diegu. Autonomoak eta autonomoak ez diren bertsolariak ditugu plantillan, eta bitartekari lana egiten dugu”, azaldu du Iurramendik. Era honetara, kontratazioak zein betebehar fiskal guztiak beregain hartzen ditu kultur enpresak.

Bertsolariari duintasuna bermatuz

Bertsolaritzaren indartzearen ideiaren barnean, hainbat kontzeptu aipatzen ditu Lankuko langileak, hala nola, bertsolaritzari buruzko askotariko produktu edo aldaerak sortzea, Bertsozale Elkartearen proiektua indartzeko ekonomikoki ekarpenak egitea, bertsolaritza eskubideak defendatzea, bertsolarien sorkuntza lanetan laguntzea, euskal kultura eta euskara sustatzea eta bertso plazak betetzeko erremintak eskaintzea.

Erronka hauei ahalik eta ondoen erantzuteko lanean dihardu kultur enpresak. Bertsolarien jarduna babestuko duen epigrafe bat sortzeko pausuak ematen ari dira, eta bide horretan, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearekin pausu dezente eman dituzte azken urteotan. Era berean, sortzaileen egoera laborala hobetu eta bai fiskalki zein juridikoki bertsolari eta antolatzaileei sortzen zaizkien arazoei irtenbide antolatua emateko zerbitzua eskaini nahi dutela azaldu du Iurramendik. “Bertsolariaren duintasunak sortzen digu kezka, eta horren inguruko lanketa batzuk egiten gabiltza azkeneko urteetan”.

Oier Iurramendi: “Bertsolaritza bizi-bizirik dagoen gizarte mugimendu bat da eta etorkizun oparo ikusten diot” 

Lanku martxan jarri zenetik asko aldatu da bertsolaritza, eta aldatzen joan den heinean, enpresa bera ere aldatzen joan dela dio Iurramendik. Bertso Txapelketa Nagusiaren gorenean gaudela, bertsolaritzaren egoeraren inguruko balorazio hotz bat egitea zaila dela aitortu du. “Txapelketa nagusiak hurrengo urteetan zehar nabaritzen den txute bat ematen dio bertsolaritzari”.

Lankuko kidearean arabera, pandemia ondoren, errekuperazio oso azkarra izan du bertsolaritzak, eta udan normaltasun osoz aritu dira bertsolariak plazan. Errekuperazio gaitasun horrek bertsolaritza oso indartsu dagoela esan nahi duela uste du. “Urteen poderioz bertsolaritza aldatzen doa, bere praktika aldatzen da, baita ulertzeko modua ere eta gu berarekin batera goaz. Bizi-bizirik dagoen gizarte mugimendu bat da eta etorkizun oparo ikusten diot”, gehitu du.