Juan Mari Aburto, Anton Arriola eta Arantxa Tapia | Argazkia: Kutxabank

FINANTZAK

2.500 ikasle trebatu dira Kutxabanken Bizitzarako Finantzak programan

Lehen aldiz Gureak lanbide-heziketako ikastetxeko 30 ikaslek parte hartu dute esperientzian

Beste behin erabat arrakastatsua izan da Kutxabanken Eragin alorrak bultzatzen duen Bizitzarako Finantzak proiektu pedagogikoa. Aurrezki Kutxen Fundazioaren (Funcas) laguntzarekin, ikastaroaren bederatzigarren edizioa egin da aurten. Banku erakundearen helburua da gazteek helduarorako trantsizioan ezinbestekoak izango zaizkien ekonomiako funtsezko kontzeptuak ulertzea. Ohi bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko adin tarte ezberdinetako ikasleek parte hartu dute: DBH 3. eta 4. mailako ikasleak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. mailakoek.

Informazio gehiago Finantzek badute balio (eskolatik ikasten badira)

Kutxabankek ohar bidez azaldu duenez, aurten guztira 2.432 ikasle aritu dira euren eguneroko bizitzarako behar dituzten finantza trebetasunak lortzen. Berritasun gisa, aurtengo edizioan Donostiako Gureak lanbide-heziketako ikastetxeko 30 pertsonak parte hartu dute esperientzian, eta balorazio positiboa egin dute.

Bizitzarako Finantzak zuzeneko esperimentazioan eta joko-formatu fisiko batean oinarritzen da. Saioak euskaraz egin dituzten ikasgelen kopuruak gora egin du berriz ere eta %75 izan dira. Programa sortu zenetik, bederatzi urtean, 13 eta 17 urte bitarteko 13.800 ikasle inguruk parte hartu dute egitasmoan.