Argazkia: iStock

FINANTZAK

AEBeko hauteskundeak: 'dakizkigun ezezagunak'

Merkatuak Donald Trumpen garaipenaren aurreikuspenaren aldera mugitu dira

Azken hilabetean hamar urtetarako treasuryak (AEBeko zor publikoa) gorantz egin du, Trumpen aukerak bezala. Bi arrazoi dira tarteko: batetik, proposatzen dituen zergen jaitsierak ekonomia hedakorra izango liratekeelako, eta horrek erreserba federalaren interes tasa handiagoak eskatuko lituzkeelako; eta bestetik, aldarrikatzen dituen inportazio tarifa handitzeak inflazioa suspertuko lukeelako.

2016ko garaipenaren osteko hurrengo bi urteetan ezarri zituen tasa jaitsierek bonuen errendimenduen gorakada suposatu zuten. Aipatu behar da bonuen errendimenduak bonuen presioarekin alderantzizko erlazioa duela; beraz errendimendua igo eta bonuen presioa jaitsi egin zen masiboki. Beraz, akzioetan inbertitu zutenek (errenta aldakorrean) errenta finkoan (bonuetan) zeudenak baino irabazi gehiago lortu zituzten. Momentuko akzio merkatuen egoeratik abiatuz, Trumpekin etorriko litzatekeen egoeran (balizko merkatal guda, igotzen ari diren bonuen errendimenduak eta gora egiten duen inflazioa) akzioek bull edo goraldian jarraitu lukete? 

Akzioak: epe laburrera eta epe luzera

2024. urtearen hastapenean, baikorrenak ere ez ziren gai izan aurreikusteko AEBko S&P500 indizeak ordutik gaur arte izan duen %23ko igoera. Estratega gehienek uste zuten mundu mailan gehien jarraitzen den indizeak laua bukatuko zuela 2024 urtea. Igoeraren arrazoien artean honakoak dira: lan merkatuak uste baino hobeto eutsi dio, inflazioa garaitua izan da, interes tasak altuak dira oraindik baina jaisten, eta, gainera, adimen artifizialaren irabazi guztiak ez zeuden oraindik urtarrileko presioetan jasota.

Epe laburrean merkatuak, Keynesek definitu bezala, animal spirits edo arima basatiaren izakiak dira. Gorantz ari dira eta epe laburrean gelditzea zaila izango da. Are gehiago, uste hau gailendu da: hurrengo 12 hilabeteetan igotzen jarraituko duela. Hori bat dator Trump Etxe Zurira bueltatuko delako ikuspegiarekin.

Uste da merkatuak hurrengo 12 hilabeteetan igotzen jarraituko duela. Hori bat dator Trump Etxe Zurira bueltatuko delako ikuspegiarekin

Epe laburreko beste adierazle bat irabazi sasoia izaten da. Enpresek euren hiru hilabeteko irabaziak argitaratzen dituzt, eta zabaldua da aurreikuspenak aldaketa handirik gabe jarraitu eta irabaziak zabaltzen joango direlaren ustea.

Epe luzera, ostera, ezerk ez du balorazioa baino garrantzia handiagorik akzioen etorkizuneko itzulkina baloratzeko; zenbat eta garestiago erosi akzioa, orduan eta baxuagoa izango da hurrengo hamarkadan izango duen itzulkina.

Goldman Sachs Groupen —munduko inbertsio eta balore handienetakoa den bankuaren— arabera, epe laburrean, irrazionalki oraindik garestia den errenta aldakorreko merkatua oraindik garestiagoa bilakatu daiteke. AEBko akzioez ari dela nabarmendu behar da. Hamar urteko epean, ostera, irrazionaltasun hori mantentzea zaila da.

Goldman Sachs Groupen arabera, epe laburrean, irrazionalki oraindik garestia den errenta aldakorreko merkatua oraindik garestiagoa bilakatu daiteke. AEBko akzioez ari dela nabarmendu behar da

Akzioen epe luzerako balioa neurtzeko CAPE neurria da erabiliena. Akzioen presioa eta akzio horiek aurreko hamarkadan izan dituzten batez besteko irabaziak (inflazioari doituak) konparatzen ditu. Historikoki kontutan hartuta, egungo akzioen CAPE balioa oso altua da. Egiari zor, errentagarritasuna eta produktibitatea handitzen diren heinean CAPE neurriaren batez besteko langa ere igo egingo da. Adimen artifizialaren eztanda izan daiteke, hain zuzen, gaur egungo CAPE altuaren arrazoietariko bat,produktibitate handitzea ekar dezakeelako.

Historiara bueltatuz, CAPEk gailurra jo izan duenean hurrengo urteetan bortizki jaitsi da: akzioak merkatu egin dira. Momentu honetan, AEBko merkatuak beste merkatu garatuekiko garestiago daude eta uste da hurrengo urteetan azken horiek, AEBko akzioekin alderatuz, bilakaera hobea izango dutela.

Momentu honetan, AEBko merkatuak beste merkatu garatuekiko garestiago daude eta uste da hurrengo urteetan azken horiek, AEBko akzioekin alderatuz, bilakaera hobea izango dutela

Zazpi Bikainek merkatuetan duten dominazioak ere azaltzen du AEBko merkatuak garestiagoak izatea, gehiegizko kontzentrazioa dela eta. Kontua da zazpi enpresa erraldoi horiek kenduta ere, azken 30 urteetan izan diren garestien daudela eta horrek ez duela hurrengo hamarkadan itzulkin handirik bueltatuko. Momentuz akzioak gorantz jarraituko dutela dirudi, baina tentuz mugitu beharra dago.

Hauteskundeengatiko ardura da bonu merkatuetan

AEBko altxor-bonuen (treasury) errendimendua gorantz doa, Trumpek irabazteko aukera handitzearen ondorioz, bonuen merkatuen likidezia ezaren ondorioz eta eperako galdatzen den saria handitzearen ondorioz.

Zer da eperako saria? Bonuetan inbestitzen dutenek (errenta finkoan) bonuek irauten duten bitartean (10 urte, 30 urte…) interes tasen aldaketek sortu ditzakeen ondorioen arriskua konpentsatzeko galdatzen duten saria bezala definitzen da. Eperako sariak bonuen errendimenduetan ematen ari diren gorabeherak (eta erreserba federalen edo banku zentralen tasak igo edo jaistearen ondorio zuzena ez direnak) azalduko lituzke. Azken urteetan eperako sari hori negatiboa izan da, baina pandemia osteko ohiz kanpoko sari negatibo hori orain normalitatera bueltatzen ari da. Inbestitzaileek hartzen duten arriskuagatik konpentsazioa nahi dute.

Eperako sariak bonuen errendimenduetan ematen ari diren gorabeherak (eta erreserba federalen edo banku zentralen tasak igo edo jaistearen ondorio zuzena ez direnak) azalduko lituzke

AEBko hauteskundeen aurrean bonuetan inbestitzen dutenak urduri daude. Hauteskundeak, Donald Rumsfeldek erabiltzen zuen esaldi bat erabiliz, the known unkowns edo dakizkigun ezezagunak dira. Izan ere, berez ezagutzen ditugu egoerak dira hauteskundeak, baina ez dugu ulertzen zergatik emaitza batzuk eta ez besteak, emaitza horien ondorio ekonomikoak, nahiz eta nolabait jakinaren gainean gauden. Ondorioak ez jakinak direnean orduan eperako saria handia izango da eta, horrekin batera, bonuen errendimendua ere. Errepublikarrek Presidentzia, Senatua eta Ordezkarien Ganbara lortzeak (aukerak %50en gainetik daude) zerga murrizte politika egikaritzea erraztuko luke, defizita eta bonuen errendimendua gorantz bultzatuz. Bonuen merkatuek blokeo politiko egoera nahiago dutela esan oi da.

Errepublikarrek Presidentzia, Senatua eta Ordezkarien Ganbara lortzeak (aukerak %50en gainetik daude) zerga murrizte politika egikaritzea erraztuko luke, defizita eta bonuen errendimendua gorantz bultzatuz

Inflazio arriskuak ere adi jarri ditu bonuen merkatuak. Txinako gobernuaren pizgarrietara moldatuz comodity-en presioak gorakada izan dute.

Beste batzuen iritziz eperako sariaren handitzearen arrazoia bilatu behar da ekonomia datu indartsuan eta interes erreal (inflazioa kendu ostean bonoek eskaintzen duten errendimendua) altuago baten. Horien ustez datorren asteko erreserba federaleko hileroko batzarrean ez dago interes tasak jaisteko oinarrizko arrazoirik. Bonu merkatuek aurreikusten dute urte amaiera aurretik erreserba federalak egin behar dituen bi bileretatik batean ez dela tasa jaitsierarik izango, eta lan merkatua ahultzen ez den bitartean, ez dela aldaketa askorik eman behar interes tasetan.