Amaia Oleaga: "Bizitza antolatzeko modua da ekonomia, eta ezin dugu aspergarria egin"
Ekonomia irakasteko proposamen pedagogiko aski berezia garatu du Amaia Oleaga irakasleak. Odei Barroso musikari lapurtarraren 'Ze preziotan' abestia baliatu du bere ikasleei ekonomia kontzeptuak azaltzeko, eta proposamenari esker Arcadi Oliveres saria jaso du
Amaia Oleaga Agestak (Orereta, 1992) raparen doinuak baliatuz, ekonomia irakasteko modu berri bat plazaratu du Sopelako Ander Deuna ikastolan, eta Ekonomia Eta Rapa: Ahalduntzerako Elkarguneak izeneko proposamen pedagogiko honi esker, 2023ko Arcadi Oliveres saria eskuratu du. Odei Barroso musikari lapurtarraren letretan aurkitu du, irakasleei bereziki zaila egiten zaien erronkaren soluzioa, ikasleen interesa bereganatzearena, eta gazteak gure egunerokotasunean zuzeneko inpaktua duten ekonomia kontzeptuetara gerturatu ditu, ekonomia aspergarria den ideiarekin apurtuz.
Nola hartu duzu sariaren albistea? Sorpresa izan al da?
Berez proiektua lehengo urtean egin nuen, lehenengo esperientzia pilotu bat, baina ez oso antolatua. Bihozkadaka egindako zerbait izan zen, zerk funtzionatzen zuen ikusiz, eta Finantzaz Haratago elkartearekin lanean egin nuen, estatu mailan finantza etiko eta solidarioa lantzen dituen elkartearekin. Azaroan egin zen RedEFESen estatuko jardunaldia Bilbon, eta bertan proiektua aurkeztera animatu ninduten. Egindakoa azaldu nuen jardunaldian, eta harrera oso ona izan zuela konturatu nintzen. Arcadi Oliveres sariaren berri eman zidaten Finantzaz Haratagoko kideek, eta lehenengo aldiz bigarren hezkuntzako proiektuentzako deialdi bat zegoela. Nire proiektuak baldintzak betetzen zituela uste zuten.
Aurten lehengo urteko proposamena errepikatu nahi nuen, baina pixka bat gorpuztuta eta sistematizatuago, eta aitzakia izan zen proiektua idatziz jartzeko eta deialdira aurkezteko, baina esperantza handirik gabe. Nik proiektuarekin berdin-berdin jarraitzeko asmoa nuen, eta egia esan, ilusio handia egin dit saria jasotzeak. Sari batek beti egiten du ilusioa, batzuetan behar baituzu errefortzu hori, hezkuntzan askotan ez baitakizu ondo ari zaren edo ez, eta halako bultzadatxoek laguntzen dute. Baino, bereziki, Arcadi Oliveresen omenezko sari horretan parte hartzeak ilusioa egiten zidan, izan ere, asko miresten nuen Arcadi eta polita izan da. Nik Arcadi ezagutu nuenean, ez nuen imajinatu ere egiten ekonomia irakasle izango nintzela.
Nola okurritu zitzaizun halako proposamen pedagogiko bat sortzea?
Alde batetik, nik Finantzaz Haratagokoen material pila arakatzen dut, haienak eta beste hainbatenak ere, eta ikusita neukan beste sail territorial batzuetan RedEFESek bazituela rap tailerrak. Dena den, ekonomiaren arloan testuinguratu gabe zeudela ikusten nuen. Katalunian Pau Llonch eta Valentzian Toni Mejias rap-kantariak aipatzen ziren, eta hemen batzuen erreferentzia zegoen, baina ekonomiaren erreferentziak behar genituen.
Behin, pixka bat desmotibatuta nindoan lanera, ez nuelako ikasleekin konektatzea lortzen. Ekonomiako irakasleei askotan pasatzen zaigu, gaiak ikasleen bizitzan duen inportantzia eta inpaktua transmititu nahi izaten dugu, baina hauei oso abstraktua egiten zaie. Justu Odei Barrosoren Terapia diskoari sua ateratzen ari nintzaion aste horretan, eta halako batean Ze preziotan abestia entzun nuen, eta esan nuen hau da. Hitz egiten du ekonomiaz, lurraldean eta gure bizitzetan daukan inpaktuaz, kulturaz, euskaraz…Rap-aren jarraitzailea naiz eta punk berria dela iruditzen zait. 16 urteko gazte batek telefono mugikor bat eta YouTubeko base libre bat nahikoa du rap-a sortzeko.
Odeik zer dio lurraldetasunaz hitz egitean, Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa, problematika, bizitzaren inpaktua... eta gero gidatutako tailer batzuen bitartez, gogoeta bat egiten dugu. Eta hemen inguruko problematikak? Eta zuen bizitza duen inpaktua? Dinamika batzuk egin, osagaiak atera, materiala edo inspirazioa, eta gero rapero batekin bi tailer egiten ditugu, nondik datorren rap-a ikasteko, zer den hip hop-a, nola armatzen dugun abesti bat, ondoren ikasleek sortu dezaten.
"Ekonomiako irakasleei askotan pasatzen zaigu, gaiak ikasleen bizitzan duen inportantzia eta inpaktua transmititu nahi izaten dugu, baina hauei oso abstraktua egiten zaie"
Proposamena zehazki zertan datza? Zuk abestia jartzen duzu klasean eta zer ateratzen da hortik?
Abiapuntua da abesti hori entzutea, eta zer problematika ekonomikoren buruz ari den identifikatzen goaz. Lurraren jabetzari buruz hitz egiten duenean, horri lotutako artikuluren bat edo titularren bat irakurtzen dugu, eta abestian zehar hitz egiten dituen problematika ekonomikoen eta beren bizitzan nola eragiten duten horien inguruan leihoak irekitzen joaten gara. Baliabide estilistiko ikaragarri batzuk ditu abestiak eta zubi lanak egiteko aprobetxatzen dut.
Ondoren, esplorazio tailerrak deitzen diogunetan, teorian eman ditugun gai ekonomiko desberdinen zerrenda bat ematen diet. Galdera gidatzaile batzuk egiten ditut: haien lurraldean zer lan gatazka dauden, zer pobrezia tasa dagon, zer langabezia tasa dagon,… esploratu dezaten, eta ea horren inguruan zer antzematen duten. Ikertu dezatela, atera ditzatela datuak, egin dezatela analisi ekonomiko minimo bat.
Batxilergoan zer ikasi erabakitzen ari dira bereziki, eta askotan hor kriterio ekonomikoak badu zeresana. Ikasle bakoitzak helduleku desberdinak ditu, eta ekonomiak zertan eragiten dion aztertzen dute. Batzuk jakin-min sozialagoa dute, beste batzuk agian beraien azalean bizi dute gehiago. Galdera gidatzaileen bitartez, ibilbide bat egiten dute euren bizitzan eta lurraldean ekonomiak daukan inpaktu hori aztertzeko. Gero nik irakasle bezala eskatzen diet, abestia oso ondo, baina justifikatu iezadazu atzean dagoen teoria ekonomikoa.
Jada batzuk aipatu dituzu, baina zer ekonomia kontzeptu lantzeko aukera ematen dizu kantuak?
Abestiak gako asko ematen ditu. Prezioen igoera, lurraren jabetza eta erabilera, sektore ekonomiko bat edo besteren inguruko informazioa.. Gainera, euskararen problematika ere ukitzen du, Lapurdiko kostaldea eta barnealdearen arteko desoreka. Nik gidatzen dut asko, baina gero haien esplorazio horretan aipatu ditudan mila aldagai horiek nahiko libre uzten dizkiet. Nik hau planteatzen dut hirugarren ebaluazioan egiteko eta programan txertatuta dago. Hirugarren ebaluaziorako interesatzen zaidana ez da memorizatzea, baizik eta errealitatea interpretatzen jakitea kontzeptu ekonomikoen bidez. Eta, beraz, urte osoan zehar ikusi ditugun gauza ezberdinen erakustaldi bat ematen diet, ikasi duten guztia ikus dezaten eta ea gai diren haien errealitatea bihurtu den hori hizkuntza tekniko horren bitartez lantzeko. Izan daiteke desazkundea, ekonomia feminista, ingurumenari lotutako gaiak, nazioarteko injustiziak, ipar-hego harreman horiek…
"Abestiak gako asko ematen ditu. Prezioen igoera, lurraren jabetza eta erabilera, sektore ekonomiko bat edo besteren inguruko informazioa.. Gainera, euskararen problematika ere ukitzen du"
Ikasleen erreakzioa nolakoa izan da?
Lehengo urtean asko planifikatu gabe egindako proiektu bat izan zen, eta kuriositatez hartu zuten. Adibidez, gogoetarako espazio horiek denbora gehiago behar dutela izan zen ikasi nuen gauzetako bat. Nik horiek klase orduetan planteatu nituen eta aurten ordutegi zabalago bat eskaini nahi diet. Material gehiago edukitzeko bi orduko saiotxoak negoziatuko ditut lankideekin. Adibidez, rap tailerra Endika Lahaine Barakaldoko rapero batekin egin genuen, eta oso polita izan zen. Gure artean koordinatu gabe ekarri zituen ekonomiari lotutako bere abestiak, eta ikasleek, bai nirekin eta bai beste asignatua batzuetan ere, ukituak zituzten kontzeptuak aipatzen ziren. Ikasleentzat ikasten ari garen hau kalean dagoela konturatzea izan zen nolabait, eta hor sua sortu zen.
Kuriositatea piztu da ikasleengan, baina egia da nik musika, literatura eta zinearen erreferentzia asko erabiltzen ditudala. Ekonomia jada nahiko abstraktua da haientzat eta ez baduzu "engantxea" topatzen oso hotza egiten zaie.
Ekonomia aspergarria den ideia horrekin borrokatu behar izan duzu. Ideia horrekin apurtu, eta ekonomiak egunerokoan zuzenean eragiten digula ikusarazi.
Hori da. Ez baduzu ezagutzen eta ez bazara eragile aktibo bat, uko egiten ari zara, eta gure beharrak asetzeko modua da ekonomia.
Ikasleek 16 urterekin beste gauza batzuk dituzte buruan, baina urte batzuen buruan agian independizatu nahi dute edo moto bat erosi.
Nik nabaritzen dut hiru lotura mota daudela, edo hiru ikasle profil engantxatzea lortzen dela. Alde batetik, ikuspegi praktiko bat dutenak daude, baina errealitateari erreparatzen badiogu, gure programaren oso parte murritza da hori eta puntualki saiatzen gara gako horiek ematen, baina erreferentzia bat eta kultura finantzario bat badute. Beste bi profil ere badaude. Batek agian oso ikuspegi enpresariala daukana, etxean ikusi duelako edo horrek atentzioa ematen diolako, eta hortik engantxatzen dira, eta azkenik, ezinegon sozial oso handia daukaten gazteak daude, ekonomiatik hasten direnak ulertzen zergatik haiek haserrearazten dituzten gizarteko gauza askok. Hiru helduleku horietatik, oso profil diferenteak daude.
"Ezinegon sozial oso handia daukaten gazteak daude, ekonomiatik hasten direnak ulertzen zergatik haiek haserrearazten dituzten gizarteko gauza askok"
Aipatu duzu aurten jada egituratu duzula proposamena. Etorkizunera begira, osagai gehiago gehitu nahi dizkiozu?
Bai. Aurten egituratuta egingo dudan lehenengo urtea izango da, espero dut beraz, ibilbidea luzea izatea. Proposamena oso ondo egokitzen da Batxilergoko lehenengo mailako programan. Beraz, maila honetan egiten joanez, ikasleak desberdinak dira urtero eta akatsetatik ikasten joango naiz. Lehengo urtean gogoeta eta esploraziorako oso denbora tarte murritza genuela ikusi nuen, aurten hori birplanteatu dut. Urtero hobekuntzak egiten saiatuko naiz eta ikusten badut ez duela gehiagorako ematen beste zerbait pentsatuko dut.
Ikasleengatik baita ere irakasleengatik ere, horrelako gauzek ilusioa sortzen dute. Zerbait interesgarria topatu duzula pentsatzeak asko balio du. Ikasle batek irakaslea klasera ilusioarekin datorrela ikusteak kutsatzen du. Gero gustatu ahal zaizu gaia edo ez, baina norbait gogoekin datorrenean nabaritzen da.
Ondorio bezala, esan dezakegu ekonomia ez dela aspergarria, ezta?
Ez. Ekonomia ez da aspergarria, bizitza nola antolatzen dugun da ekonomia, eta ezin dugu aspergarri bilakatu.
-