Crédit Suissen eraikina | Argazkia: iStock

FINANTZAK

Arriskuen kudeaketa: gainditu gabeko ikasgaia

Inflazioari eta banku zentralen politika monetarioei buruzko datuak bigarren maila batera pasa dira azken egunotan Silicon Valley Banken porrotaren eta Credit Suissen krisiaren ondorioz

Silicion Valley Bank (SVB) start-up teknologikoetan eta enpresa berritzaileetan inbertitzen duten arrisku-kapitaleko enpresetan espezializatuta zegoen. Bezeroek bankuan zituzten gordailuak %100etik gora hazi dira pandemia hasi zenetik geroztik, enpresa teknologikoen diru-sarrerak handitzearen ondorioz.

Bankuen eredua, tradizionalki, bezeroengandik hartutako gordailuak beste bezeroei maileguak emateko erabiltzean datza. Hainbat arrazoirengatik (adibidez, interes-tasen igoeraren ondorioz) mailegu eskari nahikorik ez dagoenean, edo kreditua ematea beste aukera batzuk bezain erakargarria ez denean, bankuek bonuetan inbertitzeko aukera egiten dute maileguak jaulki beharrean.

Erreserba Federalak inflazioaren aurka borrokatzeko azken hilabeteotan bultzatutako interes-tasen igoerak oso erakargarriak bihurtu ditu AEBetako Altxorraren bonuak. Hori dela eta, SVBk zor publikoa erostera bideratu zituen gordailuekin lortutako baliabideak.

Gauzatu gabeko galera (galera ezkutua) aktibo baten merkatu-prezioko balorazioa (ingelesezko mark-to-market) negatibo bihurtzean gertatzen da: galera ez da erreala posizioa desegiten ez den heineanala mugaegunera arte mantentzen bada

SVBren errenta finkoko bono-zorroak epe luzeagotarako osagai handia zuen. Interes-tasak igo ahala, zorro horren balioak behera egiten du (gauzatu gabeko galerak). Gainera, epe luzeko bonuak zirenez, printzipala jasotzeko mugaegunera arte itxarotea ez zen aukera posible bat: klik pare batekin edozein transakzio burutu daitekeeneko bat-batekotasunaren garai honetan, bankuak behin eta berriro porrot egingo zukeen baldin eta SVBk urteak itxaron behar izango balitu bonuetan inbertituta zeukan dirua jasotzeko (gordailugileek funtsak ateratzen zituzten bitartean). Hau da, Moody’s agentziak nota jaistearekin batera behin konfiantza kolokan jarrita, SVB ez litzateke gai izango gordailugileen diru irteerak bermatzeko.

Hori dela eta, SVBk irtenbide bakarra zuen: bonu-zorro horien zati bat bigarren mailako merkatuan saltzea, gauzatu gabeko galerak erreal bihurtuz, 1.800 milioi dolarrekoak, hain zuzen ere. Era berean, 2.250 milioiko kapital-zabalkuntza abiaraziko zuela iragarri zuen, bere kaudimena indartzeko eta galera horiei aurre egin ahal izateko. Ez zen nahikoa izan: bezeroek 42.000 milioi baino gehiago ateratzen saiatu ziren, eta kutxa likideziaren posizioa 1.000 milioi negatibo ingurukoa bihurtu zen.

Crédit Suisse: konfiantza krisia

2022ko laugarren hiruhilekoaren hasieran, ohikoak baino gordailuen erretiro handiagoak izaten hasi zen banku suitzarra. Horrez gain, gordailuetako asko ez ziren berritu mugaegunera heltzean. Urte osoan zehar, diru-sarrera garbiak % 34 jaitsi ziren aurreko urtearekin alderatuta.

Bankuak berregituraketa plan bat iragarri zuen urriaren amaieran: 9.000 langileen kaleratzea mundu mailan, eta gastuen % 15eko murrizketa. Gainera, bi kapital-zabalkuntza onartu zituzten hamabost egunetan, guztira 4.000 milioi euro ingurukoak.

Crédit Suissen arazo nagusia konfiantza eza izan zen. Arrazoietako bat izan liteke azken urtean Crédit Suissetik beste bankuetarantz mugitu diren bankarien exodoa

Baina ez zen nahikoa izan: Credit Suissen arazo nagusia konfiantza eza zen. Arrazoietako bat izan liteke azken urtean Crédit Suissetik beste bankuetarantz mugitu diren bankarien exodoa. Funtsek ziurtasuna bilatzen dute, eta bankari ezagun horiek eskaintzen zuten ziurtasuna bilatuz, beste erakundeetara alde egin zuten. Efektu hori bereziki nabaria da ondare handiak dituztenen artean. Izan ere, gordailuak muga jakin batetaraino bakarrik daude bermatuta.

Likidezia bermatzeko beste kapital-zabalkuntza batetan parte hartzearen inguruan galdetuta, guztiz baztertu zuen Ammar Al Khudairy Saudi Arabiako Banku Nazionaleko presidenteak “erregulazioaz haratago doazen hainbat arrazoirengatik”. Erakunde hori zen Crédit Suissen jabe nagusia, % 9,88ko jabetzarekin.

UBSren erosketak Crédit Suissen 160 urte inguruko historiari bukaera jarriko dio. Akziodunek galera handiak izango dituzte, baina CoCo bonuen (contingent convertible) jabeek diru guztia galduko dute

Gertakari horiek asteburuan zehar (merkatuek astelehenean berriro zabaldu baino lehen) hartutako erabakia azkartu dute. UBSren erosketak Crédit Suissen 160 urte inguruko historiari bukaera jarriko dio. Akziodunek galera handiak izango dituzte, baina CoCo bonuen (contingent convertible) jabeek diru guztia galduko dute.

Mota askotariko arriskuak

Ugariak eta anitzak dira finantza erakundeek aurre egin beharreko arriskuak. Kreditu arriskua da garrantzitsuena, zordunek ez ordaintzearen arriskua halaber. Utzitako maileguaren itzulketa ziurra ez denean hazten da arrisku mota hori.

Merkatu arriskuak ere kontutan hartu beharrekoak dira, merkatuaren parametroen mugimenduetatik datozenak, alegia. Mota horretakoa da SVBren gainbehera bultzatu zuen arriskua (bonoen balioa jaitsi izana interes-tasen igoera dela-eta).

Merkatu arriskuak ere kontutan hartu beharrekoak dira, merkatuaren parametroen mugimenduetatik datozenak, alegia. Mota horretakoa da SVBren gainbehera bultzatu zuen arriskua

Merkatu arriskuei lotuta, aipatzekoak dira dibisa eta interes-tasen arriskua ere. Arrisku-kudeatzaile baten ikuspegitik, nahiko erraza da horiek kontrolpean izatea: azpiko aktibo/pasibo bat jaiotzen den momentuan bertan, deribatu batekin (hedge) estaltzea liteke jokaerarik aproposena. Arazoa izaten da, normalean, kristalezko bola bat izango bagenu bezala jokatzea; hau da, azpiko kontua existitzen denean deribatua ez kontratatzean, ala azpiko kontua existitzen ez denean deribatu espekulatibo bat kontratatzean.

Azkenik, erreputazio arriskua aipatu beharra dago. Adibidez, jakina da Crédit Suissek bere bezeroen artean mundu osoko diktadoreak eta kriminalak zituela. Ospe txar honek nolabaiteko eragina izan du azken urteotan erakundetik ihes egin duten goi mailako bankarien artean, eta horrek, bestelako arazoak plazaratu ditu, gainbehera azkartuz.