Aurreztaileen eta inbertsoreen %80ak ez du helburu finantzario finkorik
55 urtetik gorakoen %45,5ak ez du erretirorako aurrezten ez inbertitzen
JP Morgan Asset Managementek (AM) inkesta bat egin die 1.300 pertsonei, Finantza Hezkuntzaren eguna (urriaren 7a) dela eta. Bertan, aurreztaileen eta inbertsoreen joera ekonomikoak aztertu dira.
Inkestaren arabera, aurreztaileen %80ak ez ditu helburu finantzarioak ezartzen, ezta inbertsioak planifikatzen ere. Soilik %18k baieztatu du helburu finko batekin aurrezten eta inbertitzen dutela, eta horretarako antolatu egiten direla. Aurreko urteko datuarekin alderatuta (%17,2) ez da aldaketa nabarmenik egon.
Eginiko ikerketak ez du aurreztailearen sexua aztertuta ezer berezirik azpimarratu, baina bai adina aztertuta. Izan ere, 30 eta 35 urte arteko inbertsoreen %37ak adierazi du helburu ekonomikoak finkatuta dituztela, 55 urtetik gorakoen %15ak soilik finkatzen dituzten bitartean.
Aurreztaileen %40k nahikoa izaten du dirua ez galtzearekin, eta, kontrara, %29 ahal bezain besteko errentagarritasuna lortzen saiatzen da. Datu horiek %45 eta %26 izan ziren iaz, hurrenez hurren. Ondorioz, ikerketak argudiatu du espainiar estatuko inbertsoreak “gero eta arrisku gehiago hartzeko prest” daudela.
Erretiroa izan da inkestan jorratutako beste gai nagusi bat. Emaitzek adierazi dute parte hartzaileen ia erdiak (%42,5) ez duela dirurik aurrezten edo inbertitzen haien erretiroa osatzeko. Iaz, datu hori %45ekoa izan zen.
Erretirorako aurrezten ez duten pertsonen ehuneko altuena izan da 55 urtetik gorakoena, zehazki, %45,5ekoa. 30 eta 55 urte arteko aurreztaileen kasuan, ehuneko hori %30ekoa da, “akaso hezkuntza finantzario gehiago izan dezaketelako”. Inbertsoreen sexua aztertuta ikusi da emakumezkoek gutxiago planifikatzen dutela erretiroa (%46ak ez du egiten), gizonezkoek baino (%40ak).