Bankuen gaineko zerga Hego Euskal Herriko ogasunek kudeatuko dute
Multinazionalen gaineko zergaren kudeaketa ere Itun eta Hitzarmenen bidez gauzatuko da. Aldiz, enpresa energetikoen gaineko zerga bertan behera utziko du Espainiako Gobernuak
EAJk eta Espainiako gobernuak akordioa itxi dute bankuen gaineko zerga kontzertatu eta foru ogasunek erregulatu dezaten, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bitartez. Hala iragarri zuen bart EAJk, ohar bidez.
Akordioak, baina, ez die soilik bankuen gaineko zergari eragingo. Sozialistek zuzenketa bat erregistratu dute Gutxieneko Zerga Globalaren Legearen proiektuan, eta horren arabera talde multinazionalei eta Espainiako talde handiei ere zerga osagarria ezarriko zaie, gutxieneko bat bermatu dadin. Zehazki, enpresa multinazionalei gutxieneko %15eko zerga ezarriko zaie, euren negozio-zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa edo gehiagokoa denean. Arestian aipatu bezala, tributu horien aplikazioa ere Itun eta Hitzarmen ekonomikoen bitartez gauzatuko da, EAEko Lurralde Historikoetan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, hurrenez hurren. Bestela esanda, horren bilketa foru ogasunek gauzatuko dute.
EAJk gogorarazi du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dagoeneko %15eko gutxieneko Sozietateen gaineko Zerga aplikatzen dela. Dena den, talde multinazionalei aplikatuko zaien Gutxieneko Zerga Globalaren parte izateak ahalbidetuko die "etorkizuneko Itun Ekonomikoaren oinarriak ezartzea. Izan ere, halako zergak europako sistema fiskalaren ezinbesteko ardatz bihurtuko dira".
Legetik kanpo geratuko dira, ordea, enpresa energetikoak. Joan den asteko protagonistetako bat izan bazen ere —Josu Jon Imazen eta Ignacio Sanchez Galanen hitzak tarteko—, enpresa energetikoen gaineko zerga ez du mantenduko Espainiako gobernuak. Abenduaren 31era bitarte zegoen indarrean, baina zerga atzera botatzeko arrazoiei buruzko azalpenik ez du eman momentuz Madrilek. EAJk bart helarazitako oharrean adierazi zuen jeltzaleekin zerikusirik ez zuten arrazoiak zirela medio. Gogoan izan behar da EAJk zerga mantentzeko babesa adierazi ziola Pedro Sanchezen gobernuari, betiere Nafarroa eta EAEn kontzertatutako tributua bazen. Junts katalanak, ordea, zerga babestuko ez zuela plazaratu zuen Tarragonan Repsolek egin zezazkeen 1.100 milioi euroko inbertsioari eragiten bazion.