BBVAren bankuetako bat | Argazkia: iStock

FINANTZAK

BBVAk 6.420 euro irabazi ditu, inoiz baino gehiago

3.000 milioi euro bideratuko ditu akziodunen ordainsarietara, irabazien %47

BBVAk 6.420 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %38 gehiago (%39 gehiago dibisak kontuan izan gabe). Inoiz baino irabazi gehiago lortu ditu, beraz, erakundeak berak ohar bidez jakitera eman duenez. Nabarmendu du emaitza "oso sendoak" lortu dituela, Ukrainako gerrak eta horrek ekonomia globalean izan duen inpaktuak ziurgabetasuna eragin arren.

Hala, 3.000 milioi euro baino gehiago, hau da, irabazien %47 akziodunei ordaintzeko erabiliko ditu.

Alde batetik, akzio bakoitzeko urteko dibidendua 43 zentimora igotzea proposatu du (azken 14 urteetako handiena eta 2021ekoa baino %39 handiagoa). Akzio bakoitzeko 12 zentimo ordaindu zituen urrian, eta, akziodunen batzordeak onartzen badu, 31 zentimoko dibidendu osagarria ordainduko du aurrerantzean. Aurreikuspenen arabera, apiriletik aurrera izango da hori.

Era berean, bankuak 422 milioi euroko akzioak berrerosteko plan berri bat jarriko du martxan. Ordainsari hori bat dator taldeko akziodunari ordaintzeko politikarekin. Politika horren arabera, urtero ekitaldiko mozkinaren % 40 eta % 50 artean banatuko da, eskudirutan egindako ordainketa eta akzioen berrerosketa uztartzeko aukerarekin.  

BBVAk diru sarrerak handitu izanarekin lotzen ditu lortutako emaitza positiboak, kreditua digitu bikoitzera igo delako (+%13.3 euro konstanteetan). Marjina garbiek ere inoizko daturik onena lortu zuten, 14.130 milioi euro lortuta, 2021ean baino %29,2 gehiago.

"2022 hazkunde urtea izan da BBVArentzat. Gure historiako onurarik handiena lortu dugu, kreditua asko hedatu da eta gure estrategian aurrerapen handiak egin ditugu, digitalizazioan, berrikuntzan eta iraunkortasunean arreta berezia jarrita. Aurrera begira, eta ziurgabetasuna gorabehera, 2023an guztiontzako aukerak sortzen eta ekonomiaren eta gizartearen garapenari ekarpenak egiten jarraituko dugu”, nabarmendu du Carlos Torres Vila BBVAko presidenteak.