Tokioko burtsa | iStock

FINANTZAK

Beltxarga beltza; tximeletaren hegada…

Estatu Batuetako azken ekonomia datuek nazioarteko burtsetako indizeak erortzea ekarri du. Dibisen merkataritzan, yenetan zorpetzea eta peso mexikarrak erostea izan da 2024ko negoziorik arrakastatsuenetakoa

Merkatuek uda sasoi honetan erdipurdiko jarduera izan ohi dute, ondorengo arrazoiengatik, besteak beste: salerosketa kopurua jaitsi egiten delako eta, historikoki, iraila merkatuentzat urteko hilabeterik okerrena izanda, inbestitzaileek irabaziak egikaritu egiten dituztelako abuztuan.

Nondik dator beltxarga beltza?

Uda erdia pasatu da; beste erdia gelditzen da. Merkatuetan uda aldiko lehen zatian gertatu dena hitz batekin izendatu behar bagenu “biraketa” izango litzateke. Zertan datza biraketa hau? 2024. urte honen hasieratik arrakastatsuak izan diren transakzio eta estrategiek beherantz egin dutela. Ekonomian eragina duten gertaera ekonomiko guztien gainetik inflazioa dago, eta merkatuetan izan diren mugimenduen arrazoi nagusia izan da. Uztailean argitaratu ziren ekaineko inflazio datak (AEBeko uztaileko inflazioa ez da abuztuaren 14a arte publikatuko) onak izan ziren, eta interes tasen berehalako jaitsieraren ustea nagusitu zen merkatuetan. Abuztuan egin den FOMC Erreserba Federalaren batzarrean ez da esperantza hori gauzatu, eta tasak berdin gelditu dira. Irailean jaitsiko direla ziurtzat jotzen da. Eurogunean uztaileko inflazio dataren aurrerapen bat argitaratu da, eta ekaineko urte arteko inflazio datarekin alderatuz, uztaileko urte arteko inflazioa hamarren bat gainetik izango dela uste da. (Hala ere, inbestitzaileek irailean Europako Banku Zentralak tasak jaitsiko dituela ziurtzat ematen da). Uztailean merkatuetan eman zen biraketaren arrazoia dirua errazagoa izango zelaren uste osoan zegoen.

2024. urte honen hasieratik arrakastatsuak izan diren transakzio eta estrategiek beherantz egin dute

Biraketa nagusienetarikoa AEBeko enpresa teknologiko erraldoiek (“zazpi bikainak” ezizenez izendatuak) izan duten jaitsiera eta hauek merkatu indize nagusietan duten nagusitasunaren ondorioz, adierazleek izan duten erortzeak izan dira; horren aurrean akzio ertain eta txikiek igoera izan zuten. Adierazgarritzat, S&P500 indize orokorra (non “zazpi bikainek” euren merkatu kapitalizazioaren ondorioz indizearen %32,1 suposatzen duten) S&P500 equal weight (partaideak berberak dira baina enpresa bakoitzaren pisua berdina da: %0,2a) indizearekin alderatuz, azken honek S&P500 orokorra gainditu zuela. Epe luzera konpainia txikiek gainditu egiten dute handien ibilbidea eta berdin gertatzen da enpresek pisu parekoa duten indizeek kapitalizazioaren arabera antolatuta dauden adierazleekiko. Eman den biraketa enpresa erraldoi hauek merkatuetan zuten muturreko kokapenaren beharrezko korrekziotzat hartu beharko litzateke.

Biraketa hau aktibo ezberdinetan eta era anitzean islatu da:

  • Yen eta peso mexikarraren artean izan den carry tradean (Yenetan zorpetu eta peso mexikarrean erosi)
  • S&P500 indizea erostean
  • Industriarako metaletan inbestitzean
  • 60/40 zorroetan (%60 akzioetan eta %40 bonoetan)
  • Akzioetan inbertsioak lehenestea bonoetan (errenta finkoan) inbestitzearen aurretik
  • Bitcoina uztaileko azken astean %16 jaitsi zen, nahiz eta urtean zehar beste edozein inbertsio baino emaitza hobeak ematen ari den

Urtean zehar arrakasta izaten ari ziren estrategiek biratu egin dute beherantz. Ondorioz, urreak, 2024 urtean eta gaur arte, AEBeko akzio merkatua gainditu du eta aldakortasuna bueltatu da.

Tximeletaren hegada

Inbestitzaileak jakitun dira AEBeko ekonomia geldotzen ari dela, nahiz eta langabezia tasa oraindik %4,5 azpitik jarraitu. Bonoen merkatuan epe luzerako zorraren tasak (hamar urtetarako zorra) epe laburrekoen (bi urtetarako zorra) azpitik daude. Hau anomalia da eta atzeraldi baten adierazgarri.

Nahiz eta aurreko astean Erreserba Federalak tasa berberak mantendu, merkatariak interes tasa baxuagoen esperoan daude eta urte amaierarako 1,5 puntu portzentualeko jaitsiera espero dute (honek birritan oinarrizko 25 puntu baino gehiago jaistea suposatuko luke). Ekonomiaren geldialdiak interes tasen jaitsiera behartuko luke eta jendeak bonoak erosten ditu akzioen ordez.

Arriskua non dago? Berez korrekzio osasungarri baten itxura duten mugimendu hauek turrustan galerak areagotu litzakete, “palanka” eraginez. (inbestitzeko zor den dirua erabili den heinean) .

Tokion jarri dira begirada guztiak

Dibisen merkataritzan, yenetan zorpetzea eta peso mexikarrak erostea izan da 2024. urteko negoziorik arrakastatsuenetakoa. Uztailaren 31ean, Japoniako bankuak urteetan egin izan duen bono erosketa politika erdira ebakiko zuela argitaratu zuen. Berez bonoen interes tasak gorantz bidaliko lituzkeen neurri bat izan behar zukeena guztiz kontrako emaitza izan du: AEBko langabezia datuak argitaratu ostean, gobernu bonoek mende honetan bi egunen barruan izan duten interes jaitsiera handiena izan dute (honek adierazten du nolako eragina duten atzerriko indarrek tokiko merkatuetan). Japoniako inbestitzaileek gogokoa dute bere dirua atzerrian jartzea; historikoki baxu egon den yenean zorpetu, eta AEBeko akzioak erosi. Honek etekin harrigarriak eman ditu. Japoniatik kanpoko inbestitzaileek ere gustukoa dute yenetan zorpetu eta dibisen merkataritzan jardun. Uztaileko biraketa eta AEBko bonoen interesen jaitsieraren ondorioz, ordura arte arrakastatsuak izan diren estrategietan dirua galtzea ekiditeko atzerriko inbertsioak likidatu eta dirua berriz Japoniara itzuli da yena sendotuz; dolarrarekin trukean 150 yen $ bakoitzeko langa psikologikoaren azpitik jaitsi da. Honen ondorioz, Nikkei 225 Japoniako burtsak jaitsiera bortitza izan du. Zergatik?

AEBko langabezia datuak argitaratu ostean, gobernu bonoek mende honetan bi egunen barruan izan duten interes jaitsiera handiena izan dute

Japoniak Estatu Batuekiko mendekotasun handia du. Japoniarentzat AEBrako esportazioak hil ala bizikoak dira eta yenaren garestitzeak ez dio mesederik egiten. Bestalde, yenetan zorpetu direnak eta garestitzearen ondorioz galerak dituztenek zorra kitatzeko beste inbertsioak desegin edo saldu behar dituzte, eta Nikkei 225eko akzioak saltzea bide errazena da, hauek duten likideziagatik. Honek guztiak Japoniako burtsaren erortzea eragin du.

Dibisa merkataritzatik irteteak Mexikoko pesoen salmenta bortitza ekarri du, eta pesoaren balioaren erorketa. Mexikoko ekonomiarentzat dolarrekiko kanbio-tasa funtsezkoa da.

Finantza istripu baten arriskua dago, AEBn gertatu daitekeenaren esperoan.