Argazkia: iStock

FINANTZAK

"Diru ergela” eta “diru azkarra”

Zer gertatu da mundu mailako merkatuetan egunotan?

Ameriketako Estatu Batuetakeko (AEB) bonuen interesak gora egin dute, argitaratutako azken datuen arabera inflazioa garaiezin mantentzen delako. Ez dirudi datozen AEBeko hauteskundeen aurretik interes tasa jaitsierarik izango denik. Burtsek eta akzio merkatuek aurreko aste borobila izan dute.

Inflazioa ez da altuegia, baina berean mantentzeak bi irakurketa posible ditu merkatuetan; alde batetik izan daiteke ekonomia txukun doala eta horrek suposatuko lukeela bonoetatik/errenta finkotik irten inflazioak aktibo hauen errendimenduak jaten dituelako, eta diru hori akzioetara bideratu hauen irabaziak ekonomia hazkundearekin lotura estuagoa izanda inflazioa gainditzeko gai direlako. Beste irakurketa negatiboaren arabera inflazioa hazkunde ekonomiko nabarmenik gabe ematen ari dela izan daiteke: estagflazioa.

Aurreko astean AEBen argitaratu ziren urteko lehen laurdeneko BPGaren zenbatezpenaren aurrerapen eta martxoko inflazioaren PCE (personal consumer expenditure; hau da erreserba federalak gogokoen duen inflazioa neurtzeko indizea) datuak. BPGaren 2024.urterako hazkunde aurrerapena %1,6koa da; 2023ko azken laugarren laurdenarekin alderatuz aurtengo lehenengokoan kontsumo, esportazio eta estatuetako gastuetan desazelerazio bat izan da eta gobernu federalaren gastuan, ostera, murrizpena. Inportazioak gora egin dute. Nolanahi ere, jaitsiera ustezkoa baino apalagoa izan da. Inflazioak, bestaldetik, gora egin du pandemia aurreko azken 30 urtetan ikusi ez den bezala. Zerbitzuen prezioak gorantzko joeran jarraitzen dute soldaten igoerek duten eragin zuzenagaitik. Okerragoa izan zitekeen; orokorrean ikusita desinflazioak aurrera jarraitzen du baina oso mantso.

Merkatuek zelan erantzun dute?

Goranzkoan. Baikortasunak jarraitzen du merkatuetan eta finantziaketarako baldintzak neurritsu jarraitzen dute. Eurogunean bestelakoa da; eurogunean banku sistema finantzaketaren muina da. Bankuek bideratzen dute aurrezpena beharrizanetara eta momentu honetan kreditu estandarrak murriztaileak mantentzen dituzte. AEBen finantzaketa bonoen eta bestelako zor jaulkipenekin bideratzen dute nagusiki. Enpresek behar dituzten diru baliabideak lortzeko zorra jaulkitzen dute eta hauek eskaini behar duten interes tasek estatu federalak jaulkitzen duen zorrarekiko gainprezioa suposatzen dute arrisku gehiago dutelako. Momentuz finantzaketak neurritsu jarraitzen du. Interes tasak luzerako altu mantenduko zirela zabaldu zenean, 2023ko urrian esaterako, finantzaketa emateko baldintzak asko gogortu ziran eta hori, azken baten, tasak altu mantentzearen berezko helburua da: finantzaketa estutu eta ekonomia zerbait hoztu. Orain gertatzen ari dena zera da: ez dela epe laburrean tasa beherapenik izango merkatuek barneratu dutela eta, hala da guztiz ere, finantzaketa baldintzak ez dira estutu.

Kreditu merkatuetako lasaitasunak finantzaketa ingurua erraztu eta arrisku pertzepzioa gutxitzen du.

Urteko lehen laurdeneko enpresen emaitzen argitaratze sasoian gaude

“Zazpi Bikainak” bezala ezagutzen diren teknologia plataforma erraldoietako lauk aurkeztu dituzte euren emaitzak. Haien irabaziak %11,8 igo diran bitartean S&P500 indizeko beste 493 konpainien irabaziak %3,2 jaisteko bidean dira eta tarte hori itxi beharrean 2024. urtean handitu egingo dela diote gehienek. Irabazi hauek zenbateraino diren jasangarriak da zalantza. Azken bi asteetan hauen akzioak izan dituzten gora beherak orain arte ikusi gabekoak izan dira tamaina horretako enpresetan. Neurri handiko konpainien merkatu balioek ez luketela halako mugimendu bortitzik jasan behar (megakapitalizazio hauetako lau enpresek egun bakar baten %10ko mugimendua izan zuten!) Merkatuak plataforma monopolistiko hauen gain hartu duen muturreko konfiantza epe luzera kezkagarria da.

“Diru ergela”-“Diru azkarra”

Akzio merkatuen bizkorraldi egoera dela eta burbuila bat sortzen ari den galdera bertan izan da azken sei hilabeteetan. Adimen artifizialak sortutako “histeriak” merkatuak indarberritu ditu nahiz eta interes tasa altuak mantendu. Burbuila baten murgilduta dagoen antzemateko adierazle bat “diru ergelaren konfiantza” deiturikoa da. Diru ergela eta diru azkarra kategoriak ez dira inoren inteligentzia iraintzeko sortuak izan, inbestitzaile kategoria ezberdinak definitzeko baizik. Inbertsio erakunde handiak eta elkarrekiko funtsak “diru azkarra” bezala etiketatuak dira. Honen ezaugarria da erabaki informatuagoak hartzeko gaitasuna dutela informazio erabilgarriagora heltzeko ahalmena dutelako. “Diru ergelak” inbestitzaile ertainari egiten dio erreferentzia eta mundu mailako edo konpainiek argitaratutako txostenak aztertzeko ez denborarik ez trebetasunik dutenak. Askotan euren inbertsio eragiketak senean edo uste baten oinarritzen dituzte. Esan ohi da “diru ergelaren” sentimendua saltzekoa denean orduan erosteko garaia dela; aurkako adierazlea da. “Diru ergelak” eguneko enkantean eragiketak saioaren hasieran egiten ditu; “diru azkarrak” eguneko berri ekonomikoak akzioen balorazioan duten eragina ikusi arte itxaron eta saioko azken momentuan egiten ditu eragiketak.

“Diru ergela” eta “diru azkarra” kategoriak ez dira inoren inteligentzia iraintzeko sortuak izan, inbestitzaile kategoria ezberdinak definitzeko baizik

Azken 25 urtetan “Sentimentrader” fundazioak bi diru kategori hauek akzioetan inbertitzerakoan izan dituzten joerak neurtu ditu. Momentu honetan biek, bai “ergelak” bai “azkarrak” akzioekiko duten sentimendua bat egiteko puntuan daude eta hori gertatzen denean (urteetan batutako datuak kontutan hartuz) hurrengoko hiru hilabeteetan ez da ikaragarrizko jaitsierarik izaten burbuila arriskua uxatuz. Orokorrean merkatuek ondo egiten dutenean “diru ergela” gora begira jartzen da berehala eta alderantziz. Egun “diru ergela” gorantz begira dago bai baina ez da muturreko goranzko sentimendua.

Inbestitzaileek azken 25 urteetan bezala jardungo diren bermerik ez dago baina “Sentimentrader” fundazioak dioen bezala ezer gutxi dago enkante merkatuetan edo akzio merkatuetan giza portaera bezain fidagarria den alderdirik baino. Konstantea da. Matematika fraktalak ere iritsi bide bera jarraitzen dute…